kirola
NIKO MINDEGIA
«Ez dut argi etxean nire alde edo Bidasoaren alde dauden»
Julen Etxeberria
Espainia, Hungaria, Danimarka, Frantzia, eta orain Polonia. Argi dago erraz egiten duzula maleta.
Bai. Behin lehen aldiz kanpora joan ondoren, errazago egiten da gero maleta.
Horretarako, esperientzia berriak bizi izan zalea izan beharra dago, baita ausarta ere.
Nahiagoko nuen nire ibilbide osoa Iruñean, San Antonion egin, eta one club man bat izan [klub bakarreko jokalaria]. Baina ez da posible izan. Eta behin etxetik irtenda, beti izan nuen buruan Europan zehar bidaiatzea, eta hango jendea, eta kultura eta eskubaloi ezberdinak ezagutzea. Esperientzia berriak bizi izateko grina nuen, eta eskubaloiak aukera hori eman dit. Kontent nago horregatik.
Zeren arabera aukeratzen duzu non jokatu?
Gauza anitz hartzen ditut kontuan: zenbat kobratuko dudan, zein izango dudan entrenatzaile, zein joko gustatzen zaion, taldeak zer-nolako maila duen, egonkorra ote den... Konturatu naiz zenbat eta adinean gorago egin, orduan eta garrantzi handiagoa ematen diodala kluba egonkorra izateari. Bizpahiru aldiz gertatu izan zait klub batean berandu eta gaizki kobratu izana, eta gaizki pasatzen da halako egoeratan.
Faktore horiek guztiek eraman zaituzte Poloniara?
Bai. Bi urte egin nituen Frantzian, eta arrunt gustura aritu nintzen. Han jarraitzeko asmoa nuen, baina Wisla Plocken aukera atera zitzaidan: hiru sasoirako kontratua eskaini zidaten; soldata hobea; Xavier Sabatek, gustuko teknikariak, entrenatuko ninduen; Txapeldunen Liga jokatuko nuen... Eta onartu egin nuen eskaintza. Jokalari gehienok ez dugu aukeratzen noiz joaten garen talde batetik. Aukerak iritsi egiten dira, eta hartu egiten dituzu, edo ez.
«Ni ez naiz Mikkel Hansen [munduko jokalaririk onena da]. Hark nahi duen tokian joka dezake. Nik datozkidan aukerak aprobetxatu behar ditut». Zuk esana da.
Eta hala da. Zorionez, egon naizen toki guztietan moldatu naiz nahiko ongi, pistan zein pistatik kanpo. Harro nago horregatik.
Urte erdi daramazu Polonian. Zer moduz doa dena?
Arrunt gustura nago. Hungarian ezagutu nuenaren gisako jendea dago klubean: arrunt onak, langileak eta umilak. Harreman ona dugu denok. Eta pistatik kanpo, bizitza lasaia da hemengoa, eta Plock ere hiri lasaia da. Oraindik ez naiz ondo moldatzen polonierarekin, baina hori ez da traba eskubaloian jokatzeko, ingelesez solastatzen baikara. Hala ere, serio jarri nahi dut poloniera ikasten.
Nolako taldea da Wisla Plock?
Tradizio handiko taldea da. Egun, eraberritze prozesuan dago. Denboraldi honetan, zortzi jokalari iritsi gara, eta kostatzen ari zaigu talde trinko bat osatzea. Gainera, lesio dezente izan ditugu. Oraindik badugu lana erabat egokitzeko.
Duela bederatzi urte irabazi zuen azken titulua. Kielceren itzalpean dabil aspaldian.
Eta normala da, alde handia baitago. Diruz, askoz aberatsagoa da Kielce. Horri esker, Txapeldunen Ligako Lauko Finalean aritu da, baita irabazi ere. Ez da gure ligako taldea, baina saiatzen ari gara aldea murrizten. Sasoi honetan, adibidez, irabazi egin diogu etxean. Tituluren bat kendu nahi diogu, baina oso zaila da.
Zein maila du Poloniako Ligak?
Ez nuen ezagutzen, baina maila polita dago; Frantziakoa eta Alemaniakoa baino pixka bat apalagoa, baina Asobal ligaren parekoa ia. Oso joko taktikoa egiten da.
Wisla Plock, hala ere, ez da Poloniako talde peto-petoa. Bederatzi herrialdetako jokalariak zaudete. Horrek badu eraginik?
Bai. Kontraesana da nik hau esatea, atzerritarra naizelako hemen, baina niri gustatuko litzaidake Poloniako jokalari gehiago izatea taldean. Hemengo federazioak ere hori nahi du, eta, horregatik, datorren denboraldian behartu egingo ditu taldeak gutxienez pistan aldi berean bi poloniar izatera. Ez dakit nola egingo dugun, egun, hiru jokalari poloniar bakarrik baititugu. Hala ere, hau ez da gure kezka bakarrik. Kielceri beste horrenbeste pasatuko zaio. Zer egin pentsatu beharko dute, puntako taldeetan etxeko jokalari gutxi baitago.
Entrenatzailea ere kanpokoa duzue, Xavier Sabate katalana. Nolakoa da?
Aurretik ezagutzen nuen, Hungarian aritu nintzenetik: ni, Pick Szegeden, eta bera, Veszpremen. Hagitz pertsona ona da, eta entrenatzaile arrunt taktikoa eta langilea. Gaztea den arren [44 urte ditu], esperientzia aunitz du, eta haren dohainik onena da taldeak oso ongi aztertzen dituela. Oso ongi prestatzen ditu partidak, tentu handiz, eta xehetasun guztiak zainduz.
Erdikoa izanik, zure ardura da haren aginduak pistan praktikan jartzea. Etengabeko harremana duzu harekin?
Bai, are gehiago biak gaztelaniaz solastatu ahal garela kontuan hartuta. Hasieratik erakutsi dit nigan konfiantza handia duela.
«Nahiago dut lan zehatz bat izan, aske aritzea baino». Zuk esana da. Horri eusten diozu?
Bai. Diziplinaren aldekoa naiz ni. Talde batek hobeto funtzionatzen du bakoitzak argi duenean zein den bere lana. Ondo dago askatasuna izatea, baina beti diziplina baten barruan. Horrela, errazago lortzen da talde gisa jokatzea. Gu saiatzen ari gara hori lortzen. Gaia badugu, talde garaia, borrokalaria eta kalitateduna baikara, baina egokitzea falta zaigu. Oraindik ez gara talde sendoa.
Zer moduz ari zara?
Gorabehera handirik gabe ari naiz, eta kontent nago. Errespetatua sentitzen naiz taldean.
Garrantzitsua sentitzen zara?
Bai, nire lana taldea antolatzea baita, eta oraindik taktikoki dezente baitugu egiteko. Hala ere, denok sentitzen gara garrantzitsu. Lesio asko izan ditugunez, jokalari gutxi aritu gara, eta entrenatzaileak txandakatze dezente egin behar izan ditu. Horri esker, denok sentitzen gara garrantzitsuak.
Bidasoaren aurka ariko zarete Txapeldunen Ligan. Zuretzat, kanporaketa berezia da?
Bai, zalantzarik gabe. Etxetik hogei minutu eskasera jokatuko dugu, eta herriko jende anitz joango da Artalekura. Eta duela hamar urte baino gehiago dira ez dudala jokatzen Artalekun, Anaitasunan nintzenetik, eta Bidasoa Ohorezko B Mailan. Pista berezia da niretzat: umetan askotan joaten nintzen hara; aita Bidasoako bazkidea da, baita hainbat lagun ere; laguna dut Gurutz [Aginagalde, Bidasoako presidentea], eta elkarrekin jokatutakoak gara, Logroñon; lagun handia dut Crowley ere [Bidasoako jokalaria], elkarrekin aritu baikinen San Antonion... Oso berezia izango da. Sailkatzen bagara, poztu egingo naiz, eta Bidasoa sailkatzen bada, haserre egongo naiz, baina baita pixka bat kontent ere.
Doneztebetik sarrera dezente eskatu dituzte. Noren alde egongo dira?
Oso eskubaloizaleak ez direnak, nire alde egongo dira, baina eskubaloizaleak direnek Bidasoa sailkatzea nahiko dute. Aita bera ez dakit noren alde egongo den. Zalantza dut etxean nire alde edo Bisdasoaren alde dauden. Ez dut argi.
Zer itxura hartzen diozu kanporaketari?
Edozer gerta daiteke. Bidasoa talde arrunt sendoa eta landua da, eta ia ez du hutsik egiten. Arrunt zaila izango da hura mendean hartzea. Gainera, ez gaude unerik onenean, lesio asko izan baititugu, eta kostatzen ari baitzaigu erritmoa hartzea. Guk barruan dugun guztia emanen dugu.
Irunen jokatuko da itzuliko partida. Abantaila da hori Bidasoarentzat?
Bai, baina bi taldeak gara oso borrokalariak, eta uste dut emaitza parekatua izango dela bai hemen, baita han ere. Joaneko norgehiagokak garrantzi handia izango du.
Zer nabarmenduko zenuke Bidasoaz? Jokalariren bat gustatzen zaizu bereziki?
Anitz gustatzen zait Azkue [Jon Azkue]. Aspaldi ezagutzen dut, eta oso ongi jokatzen du, eta pertsona oso ona da. Kauldi [Odriozola] ere gustatzen zait. Bidasoak arrunt defentsa ona eta sendoa du, eta erasoan hagitz dinamikoa da. Ikusteko talde arrunt polita da. Eta gero, talde espiritu handia du. Asko gustatzen zait nola laguntzen dioten elkarri. Talde guztiek nahi dugu hori izan.
Doneztebetik 30 kilometro eskasera dago Irun. Horrenbeste urtez kanpoan aritu eta gero, ez da toki txarra itzultzeko eta bertan jokatzeko. Herriminik ez duzu?
Bai, noski, beti dut kirrinka hori, eta badut buruan noizbait etxera itzultzea. Baina tira, sarritan gertatu zait jada plan bat egitea, eta gero, dena aldrebestea. Beste bi urterako kontratua dut hemen, 31 urte ditut, ez dakit fisikoki nola egongo naizen aurrerago... Inoiz ezin da aurreikusi zer gertatuko den, bizitza arrunt desegonkorra baita eskubaloi jokalariarena. Ikusiko dugu. Gaur-gaurkoz, ez dut horretan pentsatzen.