astekaria 2020/02/21
arrowItzuli

mundua

MOIRA MILLAN

«Maputxeen kulturak generoen arteko errespetua du oinarri»

Cecilia Valdez

«Maputxeen kulturak generoen arteko errespetua du oinarri»

Moira Millan (1970) Miatenen jaio zen, Chubut eskualdean, Argentinan. «Emakume maputxea da, haur baten baino gehiagoren ama, amona, weychafe gerlaria, idazlea eta ingurumenaren aldeko ekintzailea»; era horretan deskribatzen du bere burua. 2013-2014 urteen artean, martxa bat abiatu zuen Argentinan mobilizazioetara deitzeko, eta horik jaio zen Ondo Bizitzeko Jatorrizko Emakumeen Martxa deritzona. 2018an, Emakume Indigenen I. Parlamentua antolatu zuen, eta han erabaki zuten emakumeen biltzarraren nazio aniztasunerako kanpaina bat martxan jartzea. Azken urteetan, Millanek ikusgarritasuna hartu du berriz ere maputxe herriaren aurkako errepresio eta estigmatizazio kanpainen ondorioz. Hitzaldiak ematen ditu, eta maputxeen mundu ikuskera berezi hori partekatuz bidaiatzen; hori du oinarri bere lehen eleberriak ere, zeina memoriaren aurkakotzat jo izan duten. «Liburuak sistematikoki eta kontu handiz eraikitzen ditu historia ofizialak ahaztutako datuak, eta garaituen ikuspegitik kontatzen ditu», azaldu du Margara Averbach idazleak.

Zer esan dezakezu Tren del Olvido zure azken eleberriaz (Ahanzturaren trena)?

Eleberri historiko bat da, herri maputxeak trena iritsi zenean bizi izandako eta jasandako gertakariez hitz egiten duena. Oinarri gisa hartzen ditu Erresuma Batuko koroak Patagonian -Argentinako Estatuarekin elkarlanean- maputxe herria eta beste herri indigena batzuk suntsitzeko helburuz hartutako neurriak. Bi pertsonaren arteko amodiozko istorio bat kontatzen du, eta, haren bitartez, Argentinako Gobernuak isildutako egitateak kontatzen ditut, Erresuma Batuak Patagonia kolonizatu zuen garaikoak.

Zer-nola agertzen da feminismoa liburuan?

Irlandan gertatutakoari buruzko atalean agertzen da; kontatzen dut nola irlandarrek bat egiten duten emantzipazio mugimenduarekin. Bada pertsonaia bat, Dreida, Europako emakumeen mugimendua ordezkatzen duena; hala, jakintzak lotuz doaz, Patagoniako maputxeen emantzipazioa lortu arte. Eta, hain zuzen, emakumeen arteko antzekotasunen artean dago zera: irlandarrak eta maputxeak Erresuma Batuko monarkiaren pean bizi direla. Maputxe herriaren kasuan, Argentinako Estatuaren parte hartzeak indartu egiten du zapalkuntza hori.

Zer da feminismoa zuretzat?

Ni izan nintzen Ondo Bizitzeko Jatorrizko Emakumeen Martxako ideologo eta antolatzailea. Baita emakume indigenen mugimendua antolatu zuena ere. Hortik borroka asko sortu dira, tartean emakumeen batzarraren nazio aniztasunaren auzia. Urtero estatu osoan egiten den batzarra da emakumeena, ikuspegi hegemoniko eta nazionalistarekin. Feminismoa niretzat eraikuntza ideologiko, eurozentriko eta antropozentrikoa da, mendebaldeko gizarteak behar duen unean sortzen dena, matxismoari eta patriarkatuari aurre egiteko, baina mendebaldeko kulturaren eta gizartearen aztarnak dituena. Baina patriarkatuaren aurkako borroka ez da feminismoaren monopolioa, asko baikara haren aurka ari garenak munduko hainbat txokotan eta ikuspegi desberdinarekin.

Zein da zure iritzia?

Patriarkatuaren aurkako borroka identitarioan sinesten dut nik. Elkarrekiko mundu ikuskera berreskuratu nahi dugu, generoen arteko errespetuan eta maitasunean oinarritzen dena, eta gutxienez maputxeen kulturan koloniak baino lehen zegoena. Emakumeek protagonismoa izan dute kolonien aurkako borrokaren hainbat alorretan. Guacola, Fresia edo Llanikeo maputxeen armadako komandanteak izan ziren gerra garaian, eta bataila asko irabazi zituzten. Maputxeen armadako ezaugarririk interesgarrienetako bat da soilik emakumez osatutako taldeak osatzen zituztela espainiarren aurka borrokatzeko. Espainiarrek, emakumeek garaituak izatearen lotsaz, ez zuten inoiz aipatu emakume haiek zuten estrategia ahalmena eta azkartasuna.

Zeintzuk dira feminismo horren eta mendebaldekoaren arteko desberdintasunak?

Feminismoak ulertzen ez duena da gu lurralde batean bizi garela eta lurralde horrek bizi gaituela, eta hura dela nortzuk garen erabakitzen duena. Badira machi (babesle eta osatzaile) jaiotzen diren emakumeak edo gizonak. Haien generoak ez du garrantzirik; bai, ordea, osatzeko edo etorkizuna ikusteko haien ahalmenak. Nik neuk, weychafe naizenez, gatazkak iragartzen dizkidaten ametsak ditut, eta aurreratzen didatenak nola egin aurre horiei. Hori guztia oso konplexua izan daiteke mendebaldeko kulturan hezitako norbaitentzat. Feminismoak oraindik ez du ulertzen erlijio menderatzaileek gure ahalmen espirituala eta gauzak antzematekoa kendu digutela; badago ezkutuko espiritualtasun bat, jatorrizko herriena dena, eta nazio estatuen babesari eta sostenguari esker erlijio menderatzaileek jazartzen diotena. Asmoa da jendea horretaz ohartaraztea. Uste dut oroimenaren bitartez salatu eta galdutakoa berreskuratzeko beharra duen ekintzaile bat naizela.

Erreportajea: Euren lurrak berreskuratzeko borrokan garaipen bat lortu berri du komunitate maputxeak

BERRIAn argitaratua (2020/02/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA