iritzia
20x40x55
Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
Eta, tira, onar dezagun, ez al dugu nolabait guk nahiko genukeen Euskal Herri horren irudia esportatzen gure bidaia bakoitzean? Guk bezala pentsatzen dutenen kopurua puzten zertxobait? Idealizazioaren bazka da distantzia, eta denok dugu zerbait Fiturreko stand ibiltaritik. Gure ohiturak, gure nahiak, gure ezinak, gure etsaiak definitzen dizkiegu ezagutu berriei, «gu» horren espektroa gehiegi zehaztu barik, badaezpada. Mahai bueltako euskaldun bakarra izateak argazkia zeure gustuko perspektibatik kontatzea ahalbidetzen dizu. Boteretxoa.
Baina zer egiten da bidaia horietako batean ezagututako lagun bat datorrenean Euskal Herrira lehenengoz? Bost egunetan erakutsi behar diot «gutaz», «honetaz», «besteez» esan nion guztia. Zelan egiten da hori? Non zaude, nire «20x40x55 Euskal Herria»!? Orain ez naiz mahai bueltako euskaldun bakarra, are gehiago, ez naiz bere lagun —lagin— euskaldun bakarra, eta denok elkarrekin gauden uneren batean galdetzen badu hormako argazkietan dauden pertsonez, edo deitu berri dituzten hauteskundeez, edo horko pankarta horretan jartzen duenaz, aurrena beste euskaldunari begiratu beharko diot, bere begitartea interpretatu, eta zein iritzi izan dezakeen intuitu, neurea pixkanaka ematen hasi aurretik. Hori dute gonbidatuek, guk ezezagunen artean saihesten ditugun galderak egiten dituztela.
Bere garaian kontatu nion zazpi probintziena, Frantziar eta Espainiar Estatuen arteko lur zati aitortu bakoarena, egin nion berba euskararen egoeraz eta aldaerez, Hendaiatik Tafallara dagoen paisaia klimatikoen aniztasunaz, baina noski, bost egun bost egun dira. Eta ni Bizkaitik edo Gipuzkoatik ateratzen nauzu, eta ez dut tutik balio gida turistiko gisara. Gabezia horiek ere azaleratzen dituzte gonbidatuek. Beraz, egunak joan zaizkigu azkenean Bilbo eta Donostia inguruan jaten, edaten, sagardotegiak ezagutzen —beraz, jaten eta edaten—, «ikusi beharreko» lekuak ikusten —turistifikatuenak ez, baina ezkutukoenak ere ez—... kontsumitzen, azken finean; gonbidatuek hori ere badute, ez garela ausartzen haiek etxera bidaltzen hemen egon diren «froga sendorik» barik. Eta ba ote froga ukaezinagorik, lorez egindako txakur erraldoi baten ondoan ateratako argazkia baino?
Eta nire Euskal Herri eramangarriaren irudia guztiz papurtzeko, nire partzialtasuna zeharo desegiteko, demagun azken egunean gizonezkoen futbol partidu bat ikustera joan nintzela Reale Arenara, eta kasualitatez estadioak bere asistentzia errekorra gainditu zuela 36.730 ikuslerekin, eta imajinatu dezagun han egon nintzela pantailako zenbaki horri begira, nire gonbidatuari hainbestetan errepikatu ostean harro-harro lau urtean behineko Bertsolari Txapelketan 15.000 lagun elkartzen garela. Baina gonbidatuak zer diren, saihesten dituzun herriaren geruza horiek guztiak bistaratzen dituztela bost egunetan eta eskuko maleta zartarazten dizutela.
Laguna itzuli da honezkero bere herrira. Guztira gaztelania gehiago entzun du kaleetan euskara baino, txuleta probatu nahi zuen eta gustatu zaio, bertso saio batera eraman genuen eta aspertu egin zen, igo ditu Instagramera igo beharrekoak. Ez dakit zehazki zein Euskal Herri erakutsi diodan, baina tira. Gonbidatuek hori ere badute, agian ez zaiela gehiegi inporta zuri inporta zaizun guztia.