mundua
ZAINAB MURAD
«Estatu Islamikoa berriz ere suspertzeko estrategia bat garatzen ari da Turkia»
Kristina Berasain Tristan
Failiak oso aktiboak izan dira erresistentzian, eta horregatik bizi izan dute genozidioa: «Bagdaden 300.000 kurdu faili bizi dira egun, ehunka urtez han bizi izan direnen ondorengoak. Husseinen erregimenak dokumentuak kendu zizkigun, eta 12.000 gazte faili atxilotu zituen, oraindik ere desagertuta daudenak. Nire sendian bederatzi kide espetxeratu zituzten».
Murad Suedian bizi da egun, erbesteratuta; izan ere, kazetaria da lanbidez, eta askotan egin behar izan du lan klandestinitatetik, harik eta duela lau hilabete, iazko urrian, alderdi kurduen batasuna bermatzeko erronka duen erakundeko kopresidente izendatu zuten arte. Eusko Legebiltzarreko herri kurduarekin adiskidetasuna eta lankidetza bultzatzeko taldearteko ordezkariekin elkartu eta biharamunean egin dio tartea BERRIAri.
KNK Abdullah Ocalanen ekimenez sortu zen. Hura atxilotu zutela 21 urte pasatu dira, eta bakartuta egon arren, kurduen erreferente politikoa da oraindik ere.
Bai. KNK 1999n sortu zen, atxilotu zuten urte berean. Berak aldarrikatu zuen batasuna. Kurdistan zatituta dagoen lau nazioetako 44 alderdi politikok eta elkartek osatzen dugu egun KNK. Ocalan ez da lider politiko bat, filosofo bat da, ideologo bat... Ekialde Hurbilaz eta Kurdistanez duela hamar urte idatzi zituen tesietan iragarri zuen egungo egoera. Konfederalismo demokratikoaren aita da, eta proiektu politiko hori giltzarri da: Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna bukatzeko tresna da.
Zertan da konfederalismo demokratikoaren proiektua? Nola eragin dio inbasioak?
Proiektu honen garaipenik handiena da herriak sistema honengan sinesten duela eta, hortaz, babestu egiten duela, eta ez naiz kurduez bakarrik ari; arabiarrek, turkmenek, siriakoek eta armeniarrek ere bat egin dute proiektu honekin; izan ere, praktikan ikusi dute bideragarria dela eta irtenbide bat dakarrela, eta hau gerra egoera batean. Behetik gora funtzionatzen duen sistema bat da, herriarena herriarentzat; hortaz, ez da estatu baten porrotarekin amaituko, herriak bizirik jarraituko duelako. Horregatik ez dago arriskuan.
Berdintasunaren paradigma da konfederalismo demokratikoa.
Bai. Sistema honen oinarria emakumeak dira, eta esan beharra daukat sistema honek bizirik jarraitzen badu emakumeengatik dela. Proiektu honen abangoardian emakumeak daude, bai gerran, autodefentsa unitateetan, maila militarrean, eta bai maila politikoan eta sozialean ere. Uste dugu emakume aske batek gizarte aske bat sor dezakeela. Eredu honek talka egiten du estatuen sistema patriarkalekin, baita sistema kapitalistarekin ere, eta horregatik akabatu nahi dute, emakumearen askapenaz ere ari garelako, eta ahal duten guztia egingo dute proiektu honek porrot egin dezan. [Recep Tayyip] Erdoganen erasoen helburuetako bat emakumeen erresistentzia amaitzea da. Gerran ikusi dugu zenbateraino diren emakumeen beldur, ez soilik bizirik dauden emakume gerrillarien beldur, baita euren hilotzez ere. Turkiako milizianoek, soldaduek eta jihadistek emakumeen gorpuak mutilatu dituzte, eta argazkiak atera dituzte hanka euren gorpuen gainean ipinita. Hevrin Khalafen gorpuarekin berdin egin zuten, eta bera ez zen gerrillaria, politikaria zen, Siriako Etorkizuna Alderdikoa. Horrek erakusten du zer-nolako mentalitatea duten, eta guri zer egitera datozen. Baina emakume kurdu bat hiltzen duten bakoitzeko, pila bat dira borrokarekin bat egiten dutenak. Ehunka mila emakume kurduk egin dute bat gerrarekin.
Turkiako inbasioarekin arriskuan al dago proiektua?
Sistema ideologikoki errotuta dago, baina egia da errealitatea latza dela. Gerra krimenak egiten ari dira, egunero hiltzen dituzte zibilak. Inbasio militarraz gain, inbasio psikologikoa eta ideologikoa dago. Afrinen Turkiako ikurrak jarri dituzte udaletan eta eskoletan, eta turkieraz ari dira eskolak ematen. Kurduek bi aukera dauzkate, edo ihes egin, edo asimilazioarekin bat egin; bestela, torturatu egiten dituzte. Siriako gerran errefuxiatuentzat babesleku izan zen eremu hori, baina orain bertako herritarrak dira bertatik ihes egin behar dutenak. Krisi humanitario larri bat dago.
Nazio Batuen Erakundeak Idlibeko milaka desplazatuen egoeraz ere ohartarazi du. Siriak Alepo eta Damasko lotzen dituen errepide estrategikoaren kontrola bereganatu du. Zer gertatzen ari da han?
Siriako gerraren azken gatazka gunetzat daukate Idlib. Nazioarteko tropak, lehen aldiz gerra eremuan bertan sartu dira borrokan, tartean AEBak eta Errusia. Turkiak Siria iparraldeko kontrola hartuko duen edo ez dago jokoan. Rojavako tartea okupatzen ari da; Afrinetik Serekaniyerainoko eta Gire Sipiko tartea inbaditu du. Errusiak eta AEBek ez dute ezer egin inbasio horren aurka: Turkiak bi potentzia horien konplizitatea izan baitu orain arte. Rojava inbaditzeko oniritzia izan du, eta horrek indarra eman dio beste eremu batzuk ere inbaditzeko. Idliben, baina, ez diote babesa eman.
Turkiaren eta Siriaren arteko liskarra eragin du Idlibek.
Turkiaren eta Errusiaren arteko talka eragin du. Errusiak bere esku dagoen guztia egiten du Baxar al-Assaden erregimena babesteko, eta Idlib Siriako Estatuaren esku geratzea nahi du. Turkia, berriz, saiatzen ari da bere konplize diren jihadisten esku geratzea. Errusiaren eta Turkiaren arteko su-eten akordioek porrot egin dute. Turkiak ez du menia errespetatu, eta horrek Errusia haserrearazi du. Oraintxe, krisia Errusiaren eta Turkiaren artean dago.
Al-Assadi ez dio axola Turkiak Rojava inbaditzea, baina ez du nahi Idlib inbaditzea.
Hain zuzen ere. Hala da.
Turkiak 2018an inbaditu zuen Afrin, eta iragan urriaren 9an ekin zion Rojava okupatzeko operazioari. Zein da egoera?
Turkia plan zikin bat eramaten ari da praktikara. Erdoganek NBEan bertan esan zuen, mapa bat eskuan zuela, segurtasun eremu bat ezarri nahi zuela, muga babesteko aitzakiarekin, baina okupazio bat da, bete-betean, eta nazioartearen isiltasunaren aurrean gertatzen ari da. Errefuxiatuak eraman nahi ditu hara aldaketa demografikoa gauzatzeko. Bertako kurduak desplazatu egiten dituzte, etxeak eta lurrak kentzen dizkiete, jihadistak eramateko.
Asko hitz egin da Turkiaren eta Estatu Islamikoaren arteko konplizitateaz. Orain, agerian geratu al da hori?
Erabat. Eta ez hori bakarrik. SDFak [Siriako Indar Demokratikoak] akabatu zuten EI [Estatu Islamikoa]. Raqqa izan zen jihadisten azken gotorlekua, eta han garaitu zuten. SDFetan YPG [Herriaren Babes Unitateak] eta YPJ [Emakumeen Babes Unitateak] miliziak dira nagusi, kurduak, alegia. Turkiari min eman zion horrek. Eta EI berriz ere suspertzeko estrategia bat garatzen ari da. Dokumentuak ditugu frogatzen dutenak EIko kide izandakoak direla orain Rojava inbaditzen ari diren talde jihadistetako kideak.
Erdoganek ez du aski Ipar Kurdistanen kurduen kontra daraman borrokarekin.
Erdoganek dio plan ezberdinak dituela kurduak deuseztatzeko: A, B, C, D... Kurduek Rojavan garatu duten proiektu politikoaren beldur da, konfederalismo demokratikoaren beldur, eta sistema hori da suntsitu nahi duena. Turkiaren inbasioa horrela ulertzen da. Bakurrentzat ere mehatxu bat da eredu politiko hori. Horregatik ari da bonbardaketak egiten eremu guztietan, baita Sinjarren ere. Bakurko errefuxiatuak dauden Makhmurko kanpalekua ere bonbardatu du. Egunero ari da bonbardaketak egiten mendietan dauden iraultzaile kurduen kontra ere. Hori da bere hizkuntza. Erdoganen eraso hau ez da soilik militarra, eraso politikoa eta soziala ere bada, asimilazioa garatzeko eraso bat. Erdoganek berak esan du munduko edozein lekura joateko prest dagoela han kurdu bat badago. Europan bertan ikusi dugu hori.
Baxar al-Assad ere ez da kurduen laguna?
Ez. Siriako Estatuaren izenak berak erakusten du: Siriako Errepublika Arabiarra. Herri eta nazio ezberdinak kanpoan uzten ditu, baina ez da ohartzen kurduen borrokak mesede egin diola estatuari, bestela iparraldea jihadisten esku egongo litzateke. Al-Assadek badaki hori, baina, hala ere, ez du inoiz onartuko kurduen autonomia iparraldean.
Beste behin agerian geratu da kurduen lagun bakarrak mendiak direla...
Kurdistango historia adibidez beteta dago. Nazioarteko potentziek beren interesetarako behar gaituztenean guregana jotzen dute, eta gero abandonatu egiten gaituzte. AEBek zuzentzen zuten nazioarteko koalizioarekin ikusi dugu. EIren kontrako borroka amaitzean abandonatu gaituzte, baina guk gure herriaren erresistentzian sinesten dugu, gure iraultzan sinesten dugu.