bizigiro
Aizan, egingo al dinagu hiketan?
Lander Muñagorri Garmendia
Lizartzak dio hitanoaren gaiak boladak izaten dituela, eta orain halako bolada bat badagoela sumatu du: «Normalean, hitanoa denen ahotan jartzen denean, hainbat konturengatik jartzen da; oraingo honetan, badirudi generoaren aldarrikapen batekin lotuta etorri dela, ikusi baita desoreka dagoela hitanoaren barruan toka eta noka egitearen artean». Ezberdintasunak handiak baitira. Bereziartua ikerketa bat egiten ari da Azpeitiko (Gipuzkoa) hitanoaren egoeraren inguruan, eta, datu kuantitatiboak eskuan, tokaren eta nokaren artean dagoen aldea agerian geratzen da: gizonezko gazteek gizonekin hitz egiten dutenean, elkarrizketen %87 toka egiten dute, eta emakumezkoekin, %16 noka; kontrara, andrazko gazteek beste emakumeekin hitz egiten dutenaren %2 besterik ez dira noka aritzen, eta gizonekin %13 egiten dute toka. «Arrakala izugarria da», dio ikerlariak. Adinean gora egin ahala, andrazkoek gehiago egiten dute noka, eta horregatik dio nokak transmisio etena duela. Egoera hori errepikatu egiten da hitanoa erabiltzen den gainerako herrietan ere.
Horregatik, hainbat herritan noka berreskuratzeko egitasmoak jarri dira martxan. Joan den abenduan, esaterako, Ingo xonau! proiektua abiatu zuten Oñatin (Gipuzkoa): noka aritzen diren 54 pertsonaren testigantzak grabatu dituzte, erabilera zenbatekoa den neurtu eta galerari aurre egiteko, hika aritzeko gune bat sortzeko lehen bilera egin zuten atzo bertan. Azpeitian bertan ere Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna jardunaldiak egin zituzten iazko martxoan, eta nokodromo bat ere antolatu zuten; hau da, noka aritzeko gune bat. Gabirian (Gipuzkoa), Nokaldia egin zuten iazko azaro amaieratik abenduaren 3ra arte, eta paparrean txapa zeramaten 45 pertsona inguruk elkarrekin noka egiteko konpromisoa hartu zuten. Errenterian (Gipuzkoa) ere antzeko egitasmo bat antolatu zuten duela hiru urte, eta Zestoan eta Orion (Gipuzkoa) ere egin dituzte ikastaroak. Baztanen (Nafarroa) duela lau urtetik hitanoa ikasteko klaseak ematen dituzte, eta mintzapraktika egiteko taldea ere antolatzen ari dira,; Arratiako bailaran (Bizkaia), hitanoa —bereziki noka— ikasten hasi da herritar talde bat bere kabuz. Mugitzen ari den zerbaiten adibide batzuk besterik ez dira horiek.
«Hitanoaren eta bereziki nokaren galeraren aurrean kontzientzia hartzea garrantzitsua da, eta horrek ekarri du arazoa ikusaraztea eta irtenbide batzuk martxan jartzea», Lizartzaren esanetan. Horregatik uste du Bereziartuak hitano ikastaroak eta praktika sustatzeko taldeak sortzeak erregistroa hedatzen laguntzeko balio dezakeela: «Benetan zer pasatuko den ikusi beharko da, baina, halako proiektuak antolatu badira, jendeak interesa duelako da». Ongi irizten dio mugimendu horri guztiari: «Iruditzen zait euskararen baliabide bat hilzorian ikusi dela, eta hori berreskuratzeko nahia piztu dela».
Apur bat gehiago erabiltzen
Ahozko erregistroan gabezia hori sumatu zuen Oianko Gardek duela hamar urte inguru. Baztango AEK-ko kidea da, eta ikusi zuen bailarako herri txikietan hitanoa gizonezkoen artean bakarrik egiten zela. «Ikusi nuen Ataunen [Gipuzkoa] hitano ikastaro bat antolatu zutela, eta lagun batekin joan nintzen bertara, ondoren Baztanen hiketan solastatzeko». Baina ikastaro trinko haren ondoren herrira itzuli zenean, ez zuen norekin noka aritu. «Orduan sortu nuen hitanoa lantzeko talde bat, elkarrekin aritzeko».
Apurka saretuz joan zen talde hori, baina jakintzan gabezia bat zegoela ikusi zuten, eta Gardek ikastaro pilotu bat antolatu zuen 2016an. 24 pertsonak eman zuten izena, gaiaren inguruko gosea bazegoen lekuko. Ostera, bi urtetik behin egiten dituzte ikastaroak, eta azkena hasi berria da. Hamabi pertsonak eman dute izena, eta sumatzen du kalean badagoela gaiarekiko interesa. Orain, hitanoko lagun taldeak bultzatu nahi dituzte, ikasitakoa erabiltzera bultzatzeko. Egitasmo horiek eragina izan dutela dio, gainera. «Adibidez, joan den urtean kartel batzuk hasi ziren hitanoz idazten, eta elkarrizketak ere entzuten dira; nik nire sarea osatu dut, eta, beraz, gehiago erabiltzen dela sumatzen dut».
Eresti Oiarbide Muruak ere antzera dio. Gabirian Nokaldia antolatzen aritu zen, Agirin talde feministan, eta egitasmo horren eraginak inguruan ikusten dituela dio: «Nokaldia egin zen egunetan, gure kuadrillan noka egin genuen, eta oraindik irauten du; beste batzuekin zailagoa izan da ohiturari eustea, noka gertuagokoekin egitea errazagoa dela iruditzen baitzait». Dena dela, ohitura batzuk aldatu direla azaldu du, eta hori aurrerapauso bat dela. «Aipatu dugu tarteka beste bultzada bat eman beharko diogula gaiari, Nokaldia egin zen egunetan gaia presente egon zelako». Lehen urratsetan daude, baina hobetzeko tartea badagoela ere ikusten du talde feministako kideak.
Arratian, ordea, pauso txikiagoak ematen hasi dira, baina horiek herritarrek eskatutakoak. Hala ere, apurka bada ere, hitanoa sustatzeko lanean ari dira. Karlos Aretxabaleta irakaslea da, eta 2012an bailarako nokaren galerari buruzko ikerketa bat egin zuen. «Baserriz baserri ibili nintzen elkarrizketak egiten, baina andre gehienek ez zuten noka egiten; jakin badakite, baina sozialki baztertuta egon da, eta ez dute hitz egiten». Gaia landu zuenez, Arratiako gazte talde baten eskaria jaso zuen Aretxabaletak, ea hitano ikastaro bat antolatuko ote zuen. Eskaera onartu zuen, eta hamabost pertsona inguratu ziren iazko azaroan egindako ikastarora. Gehienak emakumeak. Whatsappeko talde bat ere badaukate, eta bertan hiketan aritzen dira. «Egunero saiatzen gara elkarrizketak bultzatzen». Talde horretan hasieran bost kide besterik ez zeuden, eta denbora gutxian 25etik gora batu dira. Orain, tabernetan mintzatzeko talde bat osatu nahi dute, eta ikastaroa eskoletara eraman: «Gure asmoa da Arratiako herri bakoitzean hikaz aritzeko talde txikiak egotea».
Herriz herriko egitasmoetan oraingoz pauso txikiak eman badituzte ere, bultzatzaileek esan dute horien eraginez hitanoa zerbait gehiago erabiltzea lortu dutela. Gaur-gaurkoz, hitanoa eta noka berreskuratzeko saiakerak erabat desagertu ez den eremuetan hasi dira.
Zer funtzio betetzen du?
Hitanoaren erabilera bultzatzeko saiakera horiek, baina, zertarako balio dezakete? Oiarbide Muruak argi azaldu du: «Hitanoa kontu ez-femeninoekin lotu izan da maiz: zakarra izatea, baserrikoa, tabernan erabiltzekoa, umorea egitekoa... Iritsi da momentua emakumeok ere eremu horretan parte hartu nahi dugula erakusteko. Umorea egiteko gai garela erakutsi behar dugu, eta horretarako tresna baliagarria da hitanoa». Haren ustez, hitanoa emakumeen ahalduntzerako baliagarria izan daiteke, eta galdutako eremuak berreskuratzeko tresna.
Bereziartuak ere aitortu dio hitanoari emakumeak ahalduntzeko izan dezakeen ahalmen hori, baina horretarako oraindik lan egin beharra dagoela uste du: «Hitanoak ahalduntzeko balio dezake, baina horrek eskatzen du emakumeek hala sentitzea; interesa badago, eta berreskuratzeko ahaleginak ere badaude, baina feminismoa eta hitanoa lotzeko diskurtsoa behar da, eta horrek denbora eskatuko du». Oraindik diskurtsoa garatzeko prozesuan egon daitekeela dio, eta horrek lan handia eskatuko duela.
Ahalduntzeko tresna izateaz gain, euskarak erregistro informalean dituen gabeziak betetzeko balio dezakeela dio Lizartzak: «Erabiltzen den eremuetan funtzio hori dauka, eta ezagutza zabaltzea ondo legoke». Bereziartuak ere uste du ahalmen hori eduki dezakeela hitanoak, «baina hori horrela izango bada jendeak erabaki behar du tresna hori nahi duen ala ez». Alegia, erabaki beharko du hizkuntzaren erregistro horrek norberaren behar komunikatiboak asetzen dituen ala ez. «Jendeak sentitu behar du hitanoa bere beharretarako balekoa dela eta orduan izango da baliagarria erregistro informalerako». Oraingoz hainbat herritan jendeak behar hori sentitu du, eta hitanoa sustatzeko saiakerak egin dituzte. «Etorkizunean ikusi beharko da saiakera horiek zer fruitu eman duten».