astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

kultura

SOPHIE GREEN

«Helburua izan da hitza uztea usaian isilik direnei»

Joana Ibargarai

«Helburua izan da hitza uztea usaian isilik direnei»

Munduko hamaika lekutan ibilirik, badira bost urte Sophie Green (Paris, 1981) Miarritzen (Lapurdi) bizi dela. 2019ko ekainean, Euskal Herria Zuzenean jaialdian parte hartu zuen lehen aldiz, eta orduan hasi zuen dokumental berri baten grabaketa. Dokumentalgintza lantzeko «ohiko» formakuntzarik jaso gabe, beti leku ezberdinetatik ikasteko prest agertu da.

Miarritzen zara, dokumental baten muntatzen. Nola heldu zara honetara?

Paris ondoan iragan dut haurtzaroa, eta, 14 urte nituela, Hego Afrikara joan ginen bizitzera familiarekin. Apartheida bukatu eta bi urte besterik ez ziren pasatu, eta giro zinez berezia zen. Garai historikoa zen, eta ene bizia arrunt aldatu zuen horrek. Hasi nintzen politikaz eta inguruan nuenaz interesatzen. Ohartu nintzen bazela batasun bat etorkizun hobe baten lortzeko xedez, zapalkuntzak eta desberdintasunak gaindituz.

Ingalaterran segitu duzu bidea.

Antropologia sozialari eta garapenari buruzko ikasketak egin ditut han. Hortik landa, ez nekien kazetaritza ikasi nahi nuen —gero interesatzen ninduten gaien aipatu ahal izateko—, edo zuzenean gai horien mamian sartu nahi nuen. Bigarren aukera hartu nuen. Garapen iraunkorraren ildotik abiatu nintzen, eta komunikazio lanetan hasi. Argazkigintzan ere trebatzen ari nintzela, komunikazioari loturiko hainbat lan egin ditut urteetan; elkarteetan, gobernuz kanpoko erakundeetan, baita Nazio Batuen Erakundean ere. Kenyan, Burkina Fason, Haitin... anitz mugitu naiz.

Baina ez zintuen horrek ase?

Ez zitzaidan aski elkarte edo erakunde baten zerbitzuko komunikazio lanetan aritzea bakarrik. Zerbait eskas nuen, jendearekiko harremana, zerbait konkretua.

Hor zitzaizun dokumentalgintzaren bidea agertu?

15 urte nituenetik, banekien hori nahi nuela, baina ez nuen egingarri ikusten. Erreportaje anitz begiratu ditut, batez ere hainbat zapalkuntza motatatik sortutako desberdintasunak argitan ezartzen zituztenak. Eta pentsatzen nuen nik ere banuela zerbait egiteko horretan, nik ere dokumentalgintza balia nezakeela salatu beharrekoak salatzeko.

Nahi horri erantzun ote diozu ?

Ari naiz. Egia da hastapeneko ideia ez nuela serioski hartu; amets bat bezalakoa zen. Baina beste lanez aspertu nintzen, eta Frantziara joaten hasi nintzen, antzerkia egiten. Ikasi dut ene barneko gauzen askatzen, eta dokumentalen egiteko gogoa berpiztu zait; horri eman diot garrantzia.

«Haste berri» horretarako Miarritzera etortzea erabaki duzu.

Bai, behar nuen leku finko bat. Ez da erraza izan: ez nuen deus eta nehor ezagutzen. Ene zakua hartu, eta horrela erabaki dut. Bi hilabete eta erdiz kanpatu dut Angelun, bizitzeko leku bat atzeman artean. Eta hemen naiz!

Finkatu, eta formakuntza.

Anitz ikasi dut Kino mugimenduari esker. Montrealen sortutako zerbait da, denei irekia, elkarren zaintzan eta laguntzan oinarritua. Helburua da epe labur batean film baten egitea, taldean. Urte oso batez ibili naiz kinoak [denbora mugatu batean taldean egindako film laburrak] egiten Naoneden [Bretainia], Bordelen [Frantzia], Dakarren... Anitz ikasi dut. 48 oren dituzularik film baten egiteko, urgentzia egoera batean bezala zara. Eta praktika hori biziki interesgarria eta aberasgarria da. Zinema eskolak usu teorikoak gelditzen dira. Hor, bat-batekoa da; eginez ikasten duzu.

Horrela sortu dituzu zure lehen filmak?

Bai. Fikzioaren mundura ere hurbildu naiz, artetan goxo baita gai minberetarik ihes egitea. Lan labur-laburrak egin ditut, batzuk jostatzeko eta besteak serioagoak. Gero, dokumentalgintza eta sorkuntza nahasiz, diploma bat ukan dut Kubako EICTV Nazioarteko Zinema eta Telebistako Eskolan, 2017an, eta han egin dut ene lehen dokumental laburra.

Miarritzera itzuli zara hainbat tresna berrirekin.

Bai, eta migrazioaren gaia landu nahi nuela argi nuen. Nahi nuen zerbaitetan aktibo izan. Etorkinekin elkartearekin hasi nintzen, laster izan nuen EHZ festibalaren berri, eta batez ere muntatzeko xedea zuten ikusgarri baten berri.

Zure dokumental «handiaren» gaia bilakatu da.

Harrigarria izan da. Ez nuen sekula pentsatuko horrelako zerbait biziko nuenik. Ohar gabean, ene ametsa bete dut.

Nolaz?

Anitz gauza berri eta desberdin izan dira bat-batean. Lehenik, euskal mundua ezagutu dut. Ikusi ditut gazteak, inplikatuak, ekintzan eta euskaraz. Mundu berri bat agertu zait begietara, zinez. Festibaletik atera naiz euskara ikasteko gogoarekin!

Eta ikusgarri hori, proiektu hori... zinez aberasgarria izan da. Hainbat herrialdetako etorkinek muntatu dute antzerki eta dantza ikusgarri bat, migrazioaren gaia ardatz. Harrigarria izan da. Transe en Danse konpainiak lagundu ditu horretan, eta berehala sortu da talde bat. Ni ere biziki fite integratu naiz taldean, bideoa ere ikusgarriari gehituz. Ikusgarria bi aldiz eman dugu festibalaren denboran, eta iraun du, harago joan da. Beste ikusgarri batzuk izan dira, eta taldeak segitu du, trinko. Hori erakutsi nahi dut dokumentalean; nola inklusioa posible den, nola egiazko lotura sendoak sor daitezkeen berdintasunean oinarrituriko funtzionamendu batean.

Hastetik erabakia zenuen dokumentala egitea horretaz?

Banekien dokumentatu nahi nuela, baina sekulan ez nuen usteko hori biziko nuenik. Helburua izan da hitza uztea usaian isilik direnei, eta nik ere, kamerarekin, jendeari hitza hartzea ahalbidetzeko bidea ematea.

BERRIAn argitaratua (2020/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA