astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

kirola

RAFA MARTINEZ

«Edozeini irabaz diezaiokegula erakutsi dugu»

Mikel Orbañanos Iribar

«Edozeini irabaz diezaiokegula erakutsi dugu»

Valentzian 11 denboraldi egin eta gero, iazko udan etapa berri bat patxadaz bizitzeko asmoz joan zen Bilbo Basketera Rafa Martinez (Santpedor, Herrialde Katalanak, 1982). Jokalari beteranoak, baina, beste errealitate batekin egin du topo. ACB ligara igo berri den taldea balentria egiten ari da; ligako lehen zortzi onenetan egonkortu da, eta, lau urteren ondoren, gaurtik igandera arte Malagan (Espainia) jokatuko den Espainiako Kopan izango da. Bizkaitarrek Real Madril izango dute aurkari gaur, final-laurdenetan, eta irabazteko dituzten aukera apur horiek baliatu nahi dituzte, amets egiten jarraitzeko.

Sasoi hasieran, Kopara sailkatuko zinetela pentsatzea erokeria bat izango zen, ezta?

Hala da, bai. Oraintxe bertan, ligan hamahiru garaipen erdietsita eta Kopan egotea ikaragarria da. Ligako aurrekontu txikienetako taldea izanda, eta krisi garaitik urtez urte sailkapeneko goiko postuetan egotea gero eta zailagoa dela jakinda, gauza handia da.

Denboraldiaren hasieran espero zenuten egoera gozo horretan egotea?

Helburu finkorik ez geneukan, eta Kopakoa gure planen artean ez zen sartzen. Denboraldi hasieratik Bilbo Basketek bere urterik onenetan izan zuen izaera lehiakor hori lortzea izan da helburua, eta lortu dugu. Guretzat, Koparako sailkatzea orain arte egin dugun lan guztiaren saria izan da. Bosgarrenak gara ligako sailkapenean, eta bolada oso onean gaude. Kantxan edozeini irabaz diezaiokegula erakutsi dugu.

Taldea inoiz baino puntu gehiago ari da sartzen partidako. Alex Mumbruren joko estiloaren ondorioa da hori?

Askotan trantsizio azkarretara jokatzen dugu, eta, horri esker, puntu asko pilatzen ari gara. Halere, saskiratze gutxiko partidetara ere egokitu gara, eta horrek ere mesede egin digu. Lehen premisa lehiakorrak izatea zen, eta lortu dugu. Zaleak eta taldeak azken urteetan gara zailak pasatu izan dituzte, eta Kopara sailkatu izanak harrotasuna ematen digu guztioi.

Sasoi erdia igarota, aurkariek beste begi batzuekin egiten dizuete so?

Denboraldiko lehen jardunaldietan goitik behera begiratzen ziguten, igo berriak ginelako. Ligako bigarren itzulian, ordea, aurkariek beste errespetu batekin hartzen gaituzte; izan ere, Miribillara etortzen diren taldeek badakite irabazteko behin bakarrik ez gaituztela menderatu behar, hiruzpalau baizik.

Valentziako elastikoarekin Espainiako Kopan hainbatetan jokatu duzu. Denetariko bizipenak biziko zenituen, ezta?

Sasoirik onenean geundenean bi final galdu nituen. Txanponaren bi aldeak ezagutu ditut: poztasuna eta etsipena. Valentziarekin beste helburu batzuk genituen urte haietan. Bestalde, taldeek izugarrizko ilusioarekin jokatzen dute Kopan, eta guztiak izaten dira arriskutsuak. Edozeinek eman dezake ezustekoa.

Kanpotik gozatzen ari zarela dirudi. Kopako arantza kentzeko balio dizu?

Titulua eskuratzen badugu, izugarria izango litzateke, baina argi dago beste errealitate bat dugula. Urtez urte faboritoak diren taldeek aukera gutxiago dituzte tituluren bat irabazteko. Valentziarekin liga irabazi genuenean guztientzat ezustekoa izan bazen, imajinatu zer sortuko litzatekeen Bilbo Basketek Kopa irabaziko balu.

Horrelako talde apal batean jokatzeak ilusioa egiten dizu?

Kirol ibilbideko etapa berri honetan, esperientzia berriak patxadaz gozatu nahi dituzu. Egiten ari garenak meritu izugarria dauka, baina hau hemen ez da amaitzen. Gozatzera eta lehiatzera goaz.

Talde gaztea izanda, jokalari beteranoa izatearen ardura baduzu?

Inola ere ez. Horrelakorik ez dut sentitzen. Gu geu izan gaitezen bakarrik eskatzen dut. Lehendabizikoz Kopan arituko diren jokalari gazteentzat izango da berezia. Atzerriko ligetatik etorri direnak ere ikusi eta sentituko dute Kopako partidak gogorrak eta lehiakorrak direla.

Real Madrilen aurka jokatuko duzue. Facundo Campazzo zaintzea izango da gakoa?

Ezin duzu jokalari bakar batean arreta jarri. Kalitate handiko jokalariak dituzte, eta edozeinek hankapean ibil gaitzake. Haien helburua, kosta ahala kosta, titulua irabaztea izango da. Haiek dute irabazteko presio osoa, eta ez guk. Badakigu horrelako talde indartsu bat menderatzea zaila izango dela.

Urtarrilean Pablo Lasoren taldeak txakalaldi bat izan zuen, bost porrot jasota. Egoera horrek mesede egin diezazueke?

Ligako eta Euroligako partidak pilatuta normala da txakalaldi txikiren bat izatea. Ez dira makina batzuk, gizakiak baizik. Denboraldian zehar talde guztiek izan ohi dituzte gorabeherak.

Ligako azken bederatzi partidetatik zortzitan nagusitu zarete. Garairik gozoenean zaudetela dirudi. Real Madrili aurre egiteko balio dizue?

Bai, baina horrek ez du esan nahi erraz irabaziko diogunik, irreala izango litzatekeelako. Azken hilabeteetan taldeak hobera egin du, eta bolada hau ondo baliatu behar dugu. Hala eta guztiz ere, argi eta garbi dugu beste jokaleku batean ariko garela, eta egoera guztiz ezberdina izango dela.

Irabazteko aukeraren bat baduzuela uste duzu?

Orain arte lortutakoari segida eman behar diogu. Guk gure nortasuna erakutsi behar dugu. Egunak aurrera joan ahala, kalitate handiagoa dugu, eta, horri esker, taldea haziz doa pixkanaka-pixkanaka. Geure buruarengan konfiantza izan, eta sinetsi egin behar dugu Real Madrili irabazteko gai garela. Haiek hortzak zorroztuta irteten badira kantxara, gu are gehiago.

Ligan, Euroligako talde guztiei irabazi diezue etxean, tartean Real Madrili. Zuentzako pizgarria da hori?

Argi geratu da azkeneko segundora arte borrokatuta talde handiei irabazteko gai garela. Halere, Kopako lehiaketa guztiz ezberdina da, partida bakarrera jokatzen baita.

Zein izango da partida irabazteko gakoa?

Erritmo handiko neurketa izango da. Saskiraketetan Real Madril talde oso eraginkorra da [Ligan hiruko marratik portzentaje onena duen taldea da partidako, %38,8]. Aintzat hartu beharko dugu. Jaurtiketetan eraginkortasun handiena izango duen taldeak lortuko du finalerdietara sartzea.

BERRIAn argitaratua (2020/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA