astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

mundua

Moria, iheslarien infernua

Aitor Txabarri

Moria, iheslarien infernua

Indarkeria egunerokoa zen Afganistanen; ez zegoen segurtasunik. Horregatik alde egin genuen handik. Baina gure herritik atera nintzenetik sufrimendua izan da guztia», adierazi du Mohsinek, Morian bizi diren errefuxiatu afganiarretako batek. Moria Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatuentzako kanpaleku bat da. Grezian bertan beste hainbat kanpaleku daude, baina Moriakoa da handiena, eta egoera okerrenean dagoena.

Eremua 2.500-3000 pertsona hartzeko prestatuta dago, baina, gaur egun, 20.000 inguru daude han. Horietako gehienek kanpalekurako prestatutako eremutik at jarri behar izan dituzte euren egur eta oihalezko txabolak. Horietan ez daukate urik, ezta argindarrik eta oinarrizko azpiegiturarik ere. «Egoera jasanezina da; ez daukagu argindarrik. Hotz honekin ezin gara gure txaboletan geratu; gauean, hotza ikaragarria da, eta ia ezinezkoa da lokartzea, baina ez daukagu beste aukerarik», azaldu du Najmak; Afganistandik heldu zen bera ere, eta Moriako kanpalekuan bizi da egun.

Arazoa ez dago soilik Lesbosen. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eledun Andrej Mahecicek ohartarazi du 42.000 asilo eskatzaile daudela Greziako bost uhartetan, 5.400 pertsonarentzat prestatutako kanpalekuetan. «Oso kezkatuta gaude, osasun zerbitzuak ezin direlako guztiengana heldu». Horiek hala, eskatu dute Lesbosen dagoen Moriako kanpalekua «berehala» ixteko eta han dauden iheslariak Greziara eramateko. 42.000 iheslari daude Lesbos, Samos, Chios, Leros ta Kos uharteetan banatuta. Baina, EBko legediaren arabera, ezin dira kontinentera sartu haien asilo eskariak argitu arte, eta horrek luze jo ohi du. Ondorioz, eta izurriteak zabal ez daitezen, familiak eta gaixo dauden iheslariak handik atera eta kontinentera eramateko eskatu du UNHCRk.

Osasun zerbitzurik ez

Moriara iaz iritsi ziren migratzaileetatik %85 asilo eskatzaileak ziren. Gehienak Siriakoak eta Afganistangoak ziren, baina baita Irak, Palestina, Somalia eta Kongoko Errepublika Demokratikokoak ere. Uharteko osasun zerbitzuek arazoak dituzte denengana iristeko, jende nahikorik ez dutelako eta baliabideak falta zaizkielako. «Badaramatzat urte batzuk mediku lanetan, eta gaixo asko ikusi ditut urte hauetan. Baina hemen ikusi ditudan irudiek negar eginarazi didate. Haur txikiak ikusi ditut hilzorian malnutrizio arazoengatik. Gogoan dut haur bat zikin-zikin egina ekarri zutenekoa. Haren amak ez zuen garbitu hainbat astez, ur berorik ez zuelako eta beldur zelako hotzarekin bainatuta gaixotuko ote zen», dio Hana Pospisilovak, Lesbosen boluntario lanetan aritzen den medikuetako batek.

Uhartean lan egiten duten mediku eta erizainek ohartarazi dute egungo baldintzetan izurriteak zabaltzeko arriskua handia dela. «Jende asko ikusi dut arnasa hartzeko arazoekin. Negua da, eta babes nahikoa eskaintzen ez duten dendetan bizi dira, gainezka egin duen kanpaleku batean», dio Pospisilovak: «Espainiar gripeari buruzko informazioa bilatzen baduzu —40 milioi hildako baino gehiago eragin zituen I. Mundu Gerran—, ikusiko duzu oso antzeko egoeran zabaldu zela izurria. Gaixoei botikak ematen ari gara, baina ez dira sendatzen. Ezinezkoa da inor sendatzea baldintza hauetan».

Azpiegiturarik ezari segurtasunik eza gehitu behar zaio. Askok segurtasun bila egin zuten ihes beren herrialdetik, baina Greziara heldutakoan ez dute aurkitu espero zuten aterpea. «Borrokak egunerokoak dira. Liskar bat piztu dela ikusten dudanean, gure gauzak biltzen ditut, alabei zapatak jartzen dizkiet, eta prestatzen naiz hemendik alde egiteko. Baina, alde egiteko dena prest daukadanean, ohartzen naiz ez dudala beste tokirik, eta berriro sartzen naiz nire txabolara; ez daukat beste aukerarik», azaldu du Najmak. Errefuxiatuak beldur dira, eta arratsaldeko seietatik aurrera ez dira ateratzen beren txaboletatik. Behin baino gehiagotan artatu behar izan dituzte labanaz eraso dieten errefuxiatuak.

Gero eta arruntagoak dira emakumeen aurkako erasoak ere. «Emakumeok ez daukagu aukerarik kanpamentuan libre ibiltzeko. Komunera joateko ere gizon baten laguntza behar dugu; bestela ez gara seguru sentitzen», salatu du Zahrak. Gaztearen arabera, borrokak daudenean, batzuek nahasmena baliatzen dute komunetan edo dutxetan sartu eta emakumeei eraso egiteko. «Orain dela egun batzuk, borroka handi bat egon zen afganiar talde baten eta Afrikako beste baten artean, eta hainbat gizon horretaz baliatu ziren emakumeen komunetan sartzeko», azaldu du Zahrak. Iheslariek salatu izan dituzte erasook, baina inork ez du neurririk hartu horiek saihesteko.

Elikadura arazoak

Greziako Gobernua arduratzen da, berez, Morian otorduak banatzeaz, baina aukera dutenek nahiago dute elikagaiak beren kabuz erosi eta eurek kozinatu. Gutxi batzuek soilik dute, ordea, halako aukerarik.

Banatzen dituzten anoak ere ez dira nahikoak kanpalekuan bizi diren pertsona guztiak elikatzeko. Horren ondorioz, gobernuz kanpoko hainbat erakundek euren gain hartu dute inor jatekorik gabe ez geratzeko ardura; hori ere ez da aski, ordea. «Guk egunero 2.000 anoa prestatzen ditugu behar bereziak dituzten errefuxiatuentzat. Horrekin lagundu genezake zerbait, baina arazoa ez da konponduko instituzioek ez badute ezer egiten», azaldu du Malen Garmendiak, Zaporeak proiektuak Lesbosen duen arduradunak. «Hemen dugun egoera ikusita, uste dut hobea litzatekeela Afganistanen geratu izan bagina, nahiz eta han atentatu batean hiltzeko arriskua handiagoa izan», dio atsekabetuta Mohammedek, Morian bizi den Afganistango errefuxiatu batek. Asko dira harekin bat datozenak. Euren bizitzak eta gertukoenak arriskuan jarri dituzte Europara etorri eta hemen bizi ahal izateko. Baina iristen direnean konturatzen dira egoera ez dela askoz hobea hemen: etxerik ez, dirurik ez, janaririk ez, aukerarik ez. Han baino okerrago bizi direlako.

BERRIAn argitaratua (2020/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA