ekonomia
«Ez gaituzue botako»
Xabier Martin
Horixe bera gertatu baitzen 2013an Madrilen: babes ofizialeko 3.000 etxebizitza erosi, eta, alokairua baita %150 ere igoz etxeak hustu zituen Azorak. «Bartzelonan ere egiten ari da, %70 ere igota, eta orain Donostiara heldu da, negozioa hemen baitago», esan zuen Rosa Garciak, Kaleratzeak Stopeko bozeramaileak.
Jai Alai, Zabaleta, Zubiaurre, Colon, Berminghan... Hainbat kale hartzen dituzte Azoraren maizterren etxeek, gehienak hiri erdigunean eta alokairu zaharrekoak, 600 eta 900 euro artekoak; baina badira 1.600 eurokoak ere. Kopuru hori pagatzen dute Laura Fernandezek eta haren hiru pisukideek, Gros auzoan. Inmobiliaria Vascongadako beste hirurehun bizilagunen antzera, burofax bat jaso dute berriki, jakinarazteko dagoeneko ez dietela berrituko kontratua. Hileko alokairuen ordainketek, ordea, ez dute etenik izan. «Nola igoko digute gehiago alokairua? Ezinezkoa da guk gehiago pagatzea», esan zuen.
«Ziurgabetasun izugarrian bizi gara azken hilabete eta erdian», azaldu zuen Monika Zapirainek, Azoraren beste kaltetu batek; «etekin handiagoa atera nahi diote nire etxeari, pisu turistiko bilakatuz edo alokairua ehunka euro gehiago garestituz, besterik gabe. Kontua da nik hamasei urte egin ditudala jada nire etxean».
Grosen bizi den emakumearen kexua zera da, gutuna jaso zuenetik beste etxe baten bila dabilela, baina Donostian dauden prezioengatik «ezinezkoa» zaiola ezer egokirik aurkitzea. «Niretzat, merkeena da nire etxean gelditzea, baina orain dauzkadan baldintzak dira kontraturik ez dudala, batetik, eta hala ere hilero ordaintzen dudala, bestetik». Eta, hura bezala, Inmobiliaria Vascongadaren gutuna jaso duten beste maizterrak beldurrez bizi dira azken asteetan: «Eta egun batetik bestera botatzen banaute? Nik ez dut kontraturik orain. Edo 1.500 eurora igotzen badute alokairua? Ezin dut halakorik pagatu», erantsi zuen Zapirainek.
«Espekulazio hutsa da»
Kaleratzeak Stopeko kide Marcelino Garciaren ustez, gertatzen ari dena «espekulazio hutsa da». «Vascogada hutsik uzten ari zen etxebizitza asko, Azoraren iritsiera prestatzeko. Isileko etxegabetzeak egin nahi dituzte orain». Jendea etxerik gabe uzteko ekintza horiek «legezko oinarri batekin» egiten dituztela uste du, «maizterrek beren gain hartu ezin dituzten tarifa igoeren bidez». Garciak esplikatu zuen Vascongadak ez dituela berriro luzatu kontratuak, jakin bazekielako etxebizitzaren azken legearen arabera zazpi urteko epea bermatuko zitzaiela maizterrei. «Horren ordez, kontratuak eten, eta putre funts bati saldu dio enpresa».
Kaleratzeak Stopek uste du Donostia «putre funtsen helburu» bihurtu dela, udalak ez duelako neurririk hartu hori gerta ez zedin. Gogoratu zuten Benta Berriko familien auzia ere hor dagoela. Blackstone funtsak erosi ditu babes ofizialeko haien etxeak, eta haiek ere mehatxupean daude ordutik; Azoraren kaltetuen alboan egon ziren atzo Benta Berriko bizilagun batzuk. Eta Donostiako Udalari begira jarri ziren denak, bitartekari lanak egin ditzala eskatzeko, udaletxean erregistraturik geratu zen idatzi baten bidez. Baina Eusko Jaurlaritzari ere egin zizkieten hainbat eskakizun: alokairuen prezioak kontrolatzea, «putre funtsek Donostian eta Euskadin jardun ez dezaten»; etxebizitza hutsak betearaztea, zerga berezien bidez; eta etxe turistiko eta hotelen plazak ugaritzeari uztea.
Larunbatean, manifestazioa
Kaleratzeak Stopek manifestazio batera deitu du larunbaterako, Ijentea kaletik hasita, 12:00etan. Azora funtsaren egoitzaren alboan ohartarazi nahi du «Donostian zer gertatzen ari den». Inmobiliaria Vascongadak igorritako gutunen ondoren, asko izan omen dira etxea utzi duten familiak, «baina beste asko borrokatzera geratu dira», Rosa Garciak esan zuenez.
Horiek horrela, gaur-gaurkoz ez dago etxegabetzerik, kontratuak ez direla berrituko jakinarazteko burofaxak baino ez; orain gutxira arte automatikoki berritzen ziren. Finean, Azora funtsaren iritsierak «susmorik txarrenak» berretsi ditu Kaleratzeak Stop taldeko kideen artean.