astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

gizartea

PATRICIA BARCENA

«Lotsagarria da hain asilo gutxi onartzea»

Maite Asensio Lozano

«Lotsagarria da hain asilo gutxi onartzea»

Datu harrigarriak eman zituen joan den astean CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak: 5.535 asilo eskaera egin ziren iaz Hego Euskal Herrian, aurreko urtean halako bi, eta 2015ean baino hamar aldiz gehiago. Mediterraneoan bizitza arriskatzen duten migratzaileek jarri dute gaia agendan, baina Latinoamerikatik datozenek egindakoak dira eskari gehienak: Venezuela, Nikaragua, Kolonbia eta Honduras. Datuok aztertu ditu Patricia Barcenak, EAEko CEAR-eko zuzendariak (Bilbo, 1971).

Igoera handia izan da asilo eskaeretan. Nola azaldu daiteke?

Giza eskubideen urraketa gehiago dago toki gehiagotan, eta gatazka luzeak ez dira konpondu; are, leku batzuetan okertu egin dira: Sirian, Hego Sudanen, Kolonbian... Halere, ikusita nongoak diren eskatzaileak, asiloa galdegitea oso lotua dago herrialde seguruetara legezko bideetatik sartzeko aukerarekin —hau da, hegazkinez—; uneotan, soilik Latinoamerikako herritarrek dute aukera hori. Afrikatik edo Ekialde Hurbiletik etortzeko, berriz, ez dago bide segururik: bisa eskatzen zaie, estatuan sartzeko ez ezik, handik igarotzeko ere, adibidez, Siriatik edo Palestinatik datozenei.

Duela bost urte asilo gutxi eskatzen zitzaizkion Espainiako Gobernuari, jakina zelako ez zuela ia babesik ematen. Zer aldatu da? Mediterraneoko krisiak ekarri du asilo eskubidearen inguruko kontzientzia hartzea?

Zalantzarik gabe. 2015ean izan zen mugarria, Europako Batasunaren akordioarekin. Ordutik, kontzientzia handiagoa dago herritarren artean eta eremu politikoan. Baina horrek ekarri du, era berean, Europaren lotsak agerian geratzea: egin ez den guztia ikusi da. Guretzat oso garrantzitsua da begi gehiago egotea behatzen, eta jendeak bere eskubideen berri izatea; eskaeren igoera ezagutza horrekin lotua dago, pertsona asko jazarpenaz kontziente izatearekin. Emakumeen artean ere gertatzen ari da, apurka, genero arrazoiengatiko asilo eskaerekin: haien aurkako indarkeriak ezkutuan egon dira orain gutxira arte, baina pixkanaka ohartu dira jasaten duten bortizkeria ez dela normala, eta gero eta gehiagok eskatzen dute nazioarteko babesa; asiloa eskatzeko kausa da familian indarkeria pairatzea, eta estatuak, babesgabe uzteaz gain, gertatzen zaienaz barre egitea.

Mediterraneoko krisiak eta Siriako gerrak jarri dute gaia agendan, baina Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik heltzen direnak gutxiengoa dira asilo eskatzaileen artean. Zergatik?

Ez direlako iristen. Errefuxiatuen inguruan hitz egiten dugunean, Afrikatik heldutakoen irudiak bururatzen zaizkigu, paterak, hesiak... Baina oso gutxi iristen dira Mediterraneoa zeharkatuz. Batetik, beren herrialdeetatik ateratzea oso zail dutelako: bisa eskatzen zaie, baina Europako estatu askok ez dute enbaxadarik hainbat herrialdetan. Bestetik, ezin dugu ahaztu Libia, Maroko edo Mauritaniako mugen kontrola gogortu egin dela Europak finantzatuta. Eta mugak gainditzen dituztenetako asko bidean hiltzen dira, edo beste herrialderen batean geratu behar dute, sarri esplotazio egoeran.

Aipatu duzu Ekialde Hurbiletik datozenei igarotzeko bisa bat ere eskatzen zaiela. Zer da? Zer oztopo dakar?

Europaz kanpoko herrialde gehienetatik etortzeko eskatzen da bisa, bai lan egiteko, bai turista gisa sartzeko. Eta, herrialde batzuen kasuan, igarotzeko ere eskatzen da; hau da, aireportu batean geldialdia egiteko, beste herri baterako bidean: ez zaie estatuan sartzen uzten ezta hegazkin bat hartzeko ere. Eta hori egiten da, hain justu, aireportuan asiloa eska ez dezaten. Migrazio fluxuen arabera ezarri izan ditu Espainiak bisa horiek. Adibidez, 2011n, Siriako gerra lehertu zenean, siriarrei eskatzen hasi zitzaien. Aldiz, Latinoamerikako herri batzuei kendu izan die, egoera ekonomikoagatik komeni izan denean.

Estatuan iaz babesa eskatu zuten 40.000 venezuelarretatik 39.000ri eman zitzaien babesa. Ez da ohikoa, ezta?

Ez zaie errefuxiatu estatutua eman, baizik eta arrazoi humanitarioengatiko babesa; figura juridiko hori 2009tik dago legean, baina ez da ia inoiz erabili. Izatez, guk aldarrikatu izan dugu, ezin denerako ganoraz abiatu asiloa galdegiteko prozedura bat, eskatzailea zaurgarritasun egoera handian delako. Baina, iazko urtarrilean, Venezuelako egoera politikoaren inguruko txostenak kontuan hartuta, Espainiak erabaki zuen figura hori erabiltzea: ez zien aitortu jazarri egiten zitzaizkiela, baina bai ezin direla bizi eskubideak urratzen dituen herri batean.

Zer alde dago errefuxiatu estatutuaren eta arrazoi humanitarioengatiko babesaren artean?

Errefuxiatu estatutuak babesa ematen du pertsona horiek jaioterrira itzularaz ez ditzaten, eta hemen bizitzeko eta lan egiteko eskubidea ematen du bost urtez. Arrazoi humanitarioengatiko babesa atzerritar legearekin lotuta dago: hemen urtebetez bizitzeko baimena ematen du, eta gero berraztertu egin behar dira eskatzailearen egoera eta herrialdearena.

Babes hori bera ukatzen diete Kolonbiako edo El Salvadorko gatazka guneetatik datozenei.

Auzi politikoa izaten ari da figura hori jasotzen duten gehienak Venezuelakoak izatea, eta zerikusia du nazioarteko eragileen deiarekin: hango egoeraren inguruan Nazio Batuen Erakundeak egindako adierazpenak eta txostenak ez ditu egin beste herrialdeekin. Aztertzekoa litzateke zergatik, noski. Baina Kolonbiarekin, adibidez, ez dago halakorik: bestelako gobernu bat dauka, bestelako babesak nazioartean, bake prozesu bat —agintariak eurak zapuzten saiatzen ari direna—... Eskandaluzkoa da kolonbiarren eskaeren %99 ukatzea: arrazoi humanitarioengatiko babesa ez ezik, errefuxiatu estatutua emateko arrazoiak dituzte askotan.

Babesa galdegiten duten beste askori ere aplikatu ahalko litzaieke figura hori, beraz?

Bai, eta gu hala eskatzen ari gara. Arrazoi humanitarioak kontzeptu juridikoa bera ez dago zehaztua zuzenbidean, eta hor asko sar daiteke. Baina, adibidez, Saharaz hegoaldekoentzat, ezin dutenean jazarpena frogatu, zergatik ez? Ez al da nahikoa arrazoi humanitario herrialdeak, basamortuak, harresiak eta itsasoak zeharkatu behar izatea hona iristeko?

Euskal Herrian eginiko eskaeren artean alde handiak daude lurraldeka: Bizkaian, 3.395 eskaera; Araban, 891; Nafarroan, 709; eta Gipuzkoan, 540. Zergatik?

Hainbat faktore egon daitezke. Batetik, sare sozialak edukitzea eta ingurua ezagutzea: jendea saiatzen da kontaktuak dituen lekura joaten. Bestetik, hitzorduen azkartasuna: Bizkaiak baliabide eta lan txanda gehiago ditu asilo bulegoan; eskaera gehiago jasotzen ditu, baina horrek ez du esan nahi guztiak hemen bizi direnik. Gainera, harreran ere baliabide gehiago daude Bizkaian.

Babes eskaeren %20 baino ez dira onartzen. Asko da?

Oso gutxi da. Lotsagarria da hain asilo gutxi onartzea, jakinda zer soslai eta historia dauden eskaeren atzean. Lazgarria da pentsatzea bulego hauetan hainbat indarkeria eta eskubide urraketaren berri eman diguten pertsona gehienek ez dutela babesik merezi, ez dietelako sinesten, edo asiloa eskatzeko arrazoi nahikotzat ez dutelako jotzen —adibidez, marak delinkuentzia soiltzat hartzen dituztenean—. Europako beste estatuetan %30etik gora daude asilo onarpenak .

Zergatik ez diete sinesten?

Oso erraza da paperak ez sinestea. Espainian iaz 60.000 eskaera inguru ebatzi zituzten, baina instruktoreek ez zituzten 60.000 pertsona ikusi, baizik eta 60.000 paper. Eta paperotan ageri den elkarrizketa irakurtzen dute pentsatuz «ea non dagoen engainua, ea non harrapatzen zaitudan». Eta elkarrizketa hori egin du polizia batek, auskalo zer baldintzatan... Gainera, asiloa eskatzeko hilabeteak itxaron izana, adibidez, susmorako arrazoi bat da, egiaz adierazi beharko lukeenean jende bat ez dagoela emozionalki prestatua asiloa iritsi eta berehala galdegiteko. Baina administrazioko egiturak ez dira egokiak halako egoerak enpatiaz kudeatzeko. Eta gutxik lortzen dute aurrez aurreko elkarrizketa bat. Badago eztabaida bat eskaerak tokian-tokian tramitatzeko, dena Madrilera bidali beharrik gabe: horrek bermatuko luke denek edukitzea elkarrizketa presentzial bat, abokatu baten laguntzarekin.

Zer gertatzen da babesik gabe geratzen diren %80ekin?

Asilo eskatzaile bati babesa ukatzen zaionean, egoera irregularrean dagoen etorkin bat bihurtzen da estatuarentzat; papergabea izanda, hutsetik hasi behar du bere egoera legeztatzeko prozesua. Adibidez: pertsona bat lanean badago eta asiloa ukatzen badiote, enplegatzailea behartuta dago gizarte segurantzatik ateratzera, ez duelako lan egiteko baimenik, nahiz eta agian urtebete baino gehiago egin duen hemen, eta langabezia saria jasotzeko eskubiderik ere ez du; halako egoera zentzugabeak gertatzen dira.

Eta gerta daiteke pertsona horietako bat kalean paperik gabe atzematea eta jaioterrira itzularaztea?

Gertatzen da, bai. Gerta daiteke atxikitze zentro batera eramatea; eta, batez ere Saharaz hegoaldekoekin, gertatu izan da jaioterria ez den herrialde batera kanporatzea; adibidez, senegaldar bat edo nigeriar bat Boli Kostara eramatea, Espainiak sinatua duelako akordio bat herrialde horrekin etorkinak jasotzeko. Arrisku horrek beldur handia dakarkie, eta beldurrez bizitzeak ez du askatasunerako lekurik uzten.

Eskatzaileen %20 adingabeak dira. Zer egoeratan daude?

Gehienak senideekin daude. Baina familian adingabe bat edukitzea ez da hartzen babesa emateko arrazoitzat, eta berdin gera daitezke babesgabe. Gure ustez, halakoak kontuan hartu beharko lirateke arrazoi humanitarioarengatiko babesa emateko. Baina prozedura hauek oso burokratizatuta daude, eta ez daude pertsonen premietara egokituta.

Madrilek asilo eskaera gutxi onartu ditu, edozein izanda gobernuko alderdia. Zer espero duzue gobernu berriaz?

Gobernu berriei beti eman behar zaie gauzak egiteko aukera, hasieran behintzat. Guk azken urteetako eskaera berberak egingo dizkiegu: maila politikoan hartutako konpromisoa praktikara eramatea, eta, ondorioz, migratzeko bide seguruak irekitzea, beste herrialdeetako mugen kontrolerako finantzaketa etetea, asiloa eskatzen dutenen eskubideak errespetatzea, mugan itzulketarik ez egitea, harrera zerbitzuak martxan jartzea... Gobernuan begirada berri bat txertatu izanak itxaropen pixka bat ematen digu. Adi egongo gara Madrilen, baina hemen ere bai. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira aurten, eta eskatuko dugu etorkinekin hartutako konpromisoek eragina izatea eskumenak eskatzean eta baliabideak sortzean.

BERRIAn argitaratua (2020/02/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA