astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

gizartea

Lau eguneko isiltasuna

Andoni Imaz - Edu Lartzanguren - Iosu Alberdi

Lau eguneko isiltasuna

Egunotan ez duzu beharrik sentitu Zaldibarrera joateko?», galdetu zioten atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, legebiltzarreko hauteskundeak apirilaren 5ean egingo direla iragartzeko antolatu zuen prentsaurrekoan. «Twitterren antolatzen diren kanpainengatik? Ez», erantzun zuen Urkulluk. Izan ere, sare sozialetan askok aipatu du azken egunotan lehendakariaren eta haren gobernuaren goi agintarien «isiltasun sorgarria», Zaldibarko zabortegia burrunba handiz jausi zenetik. Atzo arte, ez dute Jaurlaritzako arduradun nagusiek adierazpenik egin gaiaren inguruan, bi langile desagertuta, erreskate lanak amiantoarengatik geldituta, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko autobide nagusia kaltetuta eta inguruko herritarrek beldurra airean usaindu arren.

 

Hedabideetan ia egunero agertzen diren arduradunak ere mikrofono eta kameretatik urrun egon dira egunotan. Hau izan da horietako nagusien agenda, hondamendiaren ondoren:

IÑIGO URKULLU

Agenda betea izan du Urkulluk Gabonetako oporretatik itzuli ostean. Asteburuak kontuan izan gabe, bi dira zurian agertzen diren egunak haren agendan. Zaldibarkoa gertatu zenetik ez du, ordea, agerraldirik egin, atzo arte. Europako Kontseiluko Greco Ustelkeriaren Aurkako Estatu Taldeko arduradunak hartu zituen goizean. Arratsaldean, prentsaren aurrean agertu zen, legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean egingo dituztela iragartzeko. Hor erantzun behar izan zituen zabortegiko luiziaren auziari loturiko galderak.

Twitterren ere maiz ematen du bere bileren berri. Baina asteazkenetik ez zuen mezurik idatzi sare sozial horretan, Kale Dor Kayiko ijitoen kultur elkartearen 30. urteurreneko ekitalditik. Atzo berrekin zion jardunari, erakundeen arteko bileraren berri emateko.

JOSU ERKOREKA

Public sector integrity: GRECO standards jardunaldiaren inaugurazioan izan zen atzo Erkoreka, baina ez zuen gaiaren inguruko adierazpenik egin. Aste honetarako beste bi ekitaldi bakarrik ditu ezarriak: Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren batzordearen bilera, asteazkenean, eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluarena, ostegunean.

Erkoreka bera izan da asteburuan zeresan handiena eman duen gobernukidea. Izan ere, politikariak Anbotoko tontorrean eginiko argazki bat erakutsi zuen bere Twitter kontuan, larunbatean, «goizean goizetik Anbotoren magalean euri-fronteari aurrea hartzen» testuarekin. Mezuak eragindako kritiken ondorioz, hura ezabatu zuen minutu batzuk geroago. Hori kontuan hartzen ez bada, otsailaren 6an idatzitakoa da Erkorekaren azken mezua -Gregorio Ordoñezen omenez legebiltzarrean eginiko minutu bateko isiluneaz-. Ordutik, hainbat politikariren mezuak birtxiokatu ditu. Zaldibarko ezbeharraren jarraipena egin duen goi kargudun bakarra ere izan da. Ertzaintzaren mezuak zabalduz egin du hori, berak hitza hartu gabe.

IÑAKI ARRIOLA

Ingurumen sailburua izan arren, Arriolak ez du inongo azalpenik eman Zaldibarren gertaturikoaz, atzo arte. Bere aurreko azken agerraldia joan den osteguneko Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkura izan zen -ezbeharra gertatu aurretik-. Aurreko astean bi agerraldi besterik ez zuen egin. Josu Erkorekarekin batera irten zen gobernu bileraren osteko prentsaurrekora, asteartean. Asteazkenean, berriz, Basauriko alkatearekin bildu zen. Hiri hartan babes sozialeko etxe bizitzak eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten. Azkenean, atzo agertu zen prentsaren aurrean, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediarekin. Biak izan dira lehenak sailburuen isiltasuna hausten.

Basauriko ekitaldiaren ingurukoak dira sare sozialen bidez Arriolak zabaldu dituen azken mezuak, eta ez du inolako azalpen edo xehetasunik eman Zaldibarren gertatutakoaz. Ez du aipatu ere egin.

BELTRAN DE HEREDIA

Joan zen ostegunean agertu zen azken aldiz ekitaldi publiko batean, haren agendaren arabera: Jaurlaritzaren Kontroleko osoko bilkuran. Eitzagako zabortegia erori ondoren, hondamendi gunera joan zen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin. Beltran de Herediak esan zuen bi desagertuak aurkitzea zela lehentasuna.

Beltran de Herediak ez du soslairik Twitterren.

ARANTXA TAPIA

Legebiltzarreko osoko bilkuraz gain, bost ekitalditan izan zen Tapia aurreko astean: hainbat bilera eta elkarrizketa bat, tartean. Denak ere gertakarien aurretik. Agenda betea izan ohi du Tapiak, baina aste honetakoa ia hutsik zuen lerrook idazteko orduan. Gaur Hondarribiko aireportuan izan da, Ortzibiaren 2019ko ekitaldiko balantzea aurkezteko, eta Urkulluren prentsaurrekoan egon da.

Arriolak bezala, Tapiak ere ez du Zaldibarko ezbeharraren inguruko informazio edo iritzirik adierazi bere sare sozialetan, eta haren azken mezuak otsailaren 5ean emaniko elkarrizketan esanikoen ingurukoak dira.

UNAI REMENTERIA

Eitzagako zabortegia erori berritan, ezbeharra gertatu zen lekura bertara joan zen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera. Haiek hitz egin zutenean, ordea, «luiziaz» ari ziren oraindik: ez zuten zabortegirik aipatu. Rementeriak trafikoa bere onera itzultzeko beharra nabarmendu zuen, batez ere.

MARKEL OLANO

Ezbeharra Bizkaian gertatu da, baina gertutik eragin dio Gipuzkoari ere, zabortegia Eibartik oso gertu baitago. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du gertatutakoaren inguruko adierazpenik egin, eta ohiko agendarekin jarraitu du osteguneko ezbeharraren ondoren.

BERRIAn argitaratua (2020/02/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA