astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

bizigiro

Azken kolpeak buruz?

Uxue Gutierrez Lorenzo

Azken kolpeak buruz?

Glasgowko unibertsitateak (Eskozia) harremana topatu du ditu futbolarien buruzko erremateen eta gaixotasun neurodegeneratiboen artean. Willie Stewart doktoreak zuzendu du azterketa, eta zera ondorioztatu du: «Gure estudioak agerian utzi du futbolari profesional izandakoek arrisku handiagoa dutela gaitz neurodegeneratiboek eta dementziak jota hiltzeko». Zehazki, 3,5 aldiz handiagoa da arriskua. Azterketaren emaitzak alarma gorria piztu du Eskoziako futbol federazioan, eta neurri bat adostu dute: 12 urtetik beherako haurrei galarazi egin nahi diete buruz errematatzea. Debekua hurrengo asteetan aplikatzea da asmoa.

Estudioa egiteko, Eskoziako 7.676 futbolari ohiren eta antzeko bizi estilo eta adina duten beste 23.000 gizonen datuak alderatu dituzte. Denak dira 40 urtetik gorakoak. Osasun parametroak eta hartzen dituzten botikak aztertu dituzte. Dagoeneko hilda daudenen kasuan, gainera, heriotza zerk eragin zien ere hartu dute kontuan. Ondorioztatu dute arrisku maila aldagarria dela gaitzaren arabera: futbolari ohiek alzheimerra garatzeko arriskua bost aldiz handiagoa da, eta parkinsona garatzekoa, berriz, bi aldiz handiagoa. Dena den, Stewart neurologoak aitortu du ikerketak «erantzunik gabeko galdera ugari» uzten dituela.

Europan neurria aplikatzen duen lehenbiziko herrialdea izango litzateke Eskozia, neurri «prebentibo» gisa. Aurrekari bat badago: 2015. urtean ere debeku hori ezarri zuten Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterrako Jeff Astle jokalari ohiaren heriotzaren ondoren. West Bromwich Albion taldean aurrelaria izan zen Astle urte luzez. 2002. urtean zendu zen jokalaria, 59 urterekin, burmuineko gaitz degeneratibo batek jota. Astleren sendiak auzitara jo zuen, aurrelariaren heriotza lan istripua izan zela frogatzeko asmoz.

2014an, Andrew Haigh epaileak familiari arrazoia eman zion, eta ebatzi zuen Astleren heriotza lan istripua izan zela, jokalariaren heriotza futbolari ogibidearekin lotuta zegoela esanez. Gertakariak oihartzuna izan zuen AEBetan. 13 urtetik beherako futbolariei debekatu egin zieten buruz errematatzea. Arauak bi zehaztapen egiten ditu: batetik, 10 urtetik beherako haurrek ezingo dituzte buruzko erremateak egin partidetan. Bestetik, 11 eta 13 urte artekoek, berriz, entrenamenduetan dute debekatua baloia buruz jotzea.

Neurriaren iragarpenak askotariko erreakzioak piztu ditu. Iñaki Arratibel kirol medikua, kasurako, «harritu» egin da albistea entzundakoan. «Gauza bat da txirrindulari bat erortzen denean burua kolpe bat hartzea, edo bi buruk elkar jotzen dutenean garezurrean sortu daitezkeen traumatismoak; baina baloia buruarekin jotzeagatik ez dut sekula ikusi, ez entzun, ezta ikasi ere». 30 urtetik gora daramatza kirol medikuntzan. Egun, Tolosan du kontsulta. Inguruan, behintzat, ez du horrelako kasurik ezagutu.

Baloien bilakaera

Jesus Mari Satrustegi futbolari erretiratuak, berriz, iraganera bidaiatu du neurriaren berri izatean. «Nire garaian erabiltzen genituen baloiak larruzkoak ziren, eta mareatu egiten nintzen lehen erremateetan. Gainera, pisu handia hartzen zuten lokatzez betetzean; oso argi dut hori ezin zela ona izan». Realeko aurrelari enblematikoetako bat izandakoa da Satrustegi; iruindarra da sortzez, eta 1973tik 1986ra bitarte futbolari profesional gisa aritua. Maiz jo zuen baloia buruz aurrelari ohiak, eta, bere larrutan bizi izan ez duen arren, oso gertuko bi kasu gogoratu ditu: Genaro Zelaieta eta Fernando Ansola taldekideak izandakoak.

Ansola 1986. urtean zendu zen, 46 urte zituela. Urte batzuk geroago, 2008an, Zelaieta hil zen, 53 urterekin. Biak buruko tumoreen eraginez zendu ziren. «Ez dago frogatuta, eta sekula ez dugu jakingo Ansolaren eta Zelaietaren heriotzek futbolarekin harremanik ba ote zuten, baina nik askotan pentsatu nuen, eta baita ingurukoekin komentatu ere».

Halere, Satrustegik ez du garbi ikusten debekuaren eta egungo errealitatearen arteko lotura: «Gaur egungo baloiak askoz arinagoak dira, eta horrek eragina izan behar du; eragina ezin da berbera izan». Arratibel berdintsu mintzatu da: « Arrotza egiten zait hori planteatzea egun erabiltzen diren materialekin; gaur egungo baloiak eta duela 3050 urtekoak oso ezberdinak dira».

Satrustegi ez bezala, Garazi Murua Athleticeko atzelaria egun jardunean dabil. Baloia buruz jotzen iaioa da Murua, eta arduraz jaso du albistea. Gaia serio hartzeko modukoa iruditzen zaio. Kirola bai, baina osasuna kolokan jarri gabe: «Futbolean jokatzen dugunean, guk badakigu belaun bat hautsi dezakegula edo giharretako lesioak eduki, baina ez digute inoiz esan etorkizunean dementzia eduki dezakegula».

Dena den, Arratibelek eta Satrustegik egindako ohartarazpenaren antzeko bat egin du: materialak aldatu egin dira. «Halere, aztertu beharko litzateke oraingo baloiekin emaitzak aldatzen diren ala ez». Bada, Glasgowko ikerketak 1900. eta 1975. urteen artean jaiotako futbolari ohiak aztertu ditu; ez, ordea, egun jardunean dabiltzanak. Haurrak ere ez. «Ikerketa gehiago egin beharko dira kirolari amateurretan, emakume profesional ohiekin edo egun aktibo dabiltzan jokalariekin; oso kontuan hartzeko gaia da».

Jokalarien osasuna kolokan dagoela agerian geratuz gero, Muruari ondo iruditzen zaio arauak aldatzea. «Orain ez dut irudikatzen futbola buruzko errematerik gabe, baina ezin da kaltegarria den zerbait mantendu tradizionalki horrela izan delako bakarrik. Kirola egokitu egin behar da garaietara eta aurkikuntza medikoetara». Azterketa gehiago egitea da bidea, eta emaitzen araberako moldaketak egitea, «neurrian».

Emaitzaren aplikazioa

Itxaso Marti neuropediatrak ohartarazi du ez dagoela lotura zuzenik Glasglowko unibertsitateak ateratako ondorioen eta federazioak aplikatu nahi duen debekuaren artean. «Estudioa jokalari profesionalak izandakoekin egin da, eta debekuak eskola kiroleko haurrei eragingo die; arlo horretan, oraingoz, ez dago baieztapen zientifikorik». Frogatzea falta da, haren ustez; hipotesietan oinarrituko neurri bat da. Beste kirol batzuetan jorratutako bidea dela badaki, hala nola boxeoan, futbol amerikarrean eta errugbian. «Kirol horietan traumatismo arinak jasotzen dituzte, eta arrisku handiagoa dute gerora garuneko gaixotasun degeneratiboak pairatzeko». Arratibelek ere ohartarazi du badela aldea kirolen artean: «Futbolean, jokalariak mugitzen du burua, nahita, baloia jotzeko; ez da oharkabean jasotako kolpe bat».

Eskoziako federazioak esandakoaren arabera, 12 urtetik beherako haurrei eragingo die debekuak; hau da, eskola kirolean aritzen direnei. Ikuspuntu medikotik, Martik ohartarazi du ez dagoela arrazoi berezirik langa hor jartzeko: «Burmuinaren bi fase aldaketak 2 urterekin eta 20 urterekin izaten dira; ez dago aldaketa berezirik 12 urterekin». Bada, jaiotzen denetik eta 20 urte bete arte doa osatuz pertsona baten burmuina. Erabakia «apetatsua» izan dela uste du Martik. Arratibelek ere ez dio arrazoiketa logikorik aurkitu 12 urteren mugari: «12 urtetik behera diogunean, eskola kirolaz ari gara, benjaminak eta kimuak. Zintzoak izanda, zenbat aldiz jo dezake 12 urtetik beherako haur batek baloia buruz?».

Muruari ere zalantzak sortu dizkio adin mugak. Eta 12 urtetik aurrera, zer? Izan da bere kezka. «Neurriek eraginkorrak izan behar dute arazoa prebenitzeko. 12 urtetik behera ez, baina demagun nerabe bat 15 urterekin hasten dela futbolean jokatzen; orduan zer gertatzen da?». Ikerketan sakontzeko eskatu du Muruak. «Futbolean jokatu nahi dugu, baina osasuna arriskuan jarri gabe; ez digute gaitz posible hauetaz hitz egin». Arratibelen ustez, debekuak gizartearen jarrera «protekzionistaren» isla dira. Denek uste dute buruzko erremateen eta gaitz neurodegeneratiboen arteko erlazioa gehiago ikertu beharreko alorra dela. Lan mardula dute aurretik.

BERRIAn argitaratua (2020/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA