astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

mundua

ESTELA DIAZ

«Laugarren olatu feminista honek jauzi kualitatiboa ekarri du»

Cecilia Valdez

«Laugarren olatu feminista honek jauzi kualitatiboa ekarri du»

Emakumeen, Genero Politiken eta Aniztasun Sexualaren Ministerioa sortu berri dute Buenos Airesko probintzian. Estela Diaz (La Plata, Argentina, 1963) ministroak ibilbide luzea egina du hala feminismoan nola sindikalismoan. Duela aste batzuk izendatu zuten arte, Diaz Argentinako CTA Langileen Zentral sindikaleko genero idazkaria izan zen.

Nor da Estela Diaz?

Militante feminista, sozial eta sindikal bat naiz. 30 urte daramatzat mugimendu feministan, gizarte mugimenduetan eta sindikalismoan militatzen. Kargu hau onartu aurretik, hainbat urte eman ditut Argentinako CTA Langileen Zentral sindikaleko genero idazkari gisa, eta orain baimena eskatuta nago, eginkizun berriagatik. Uste dut horrek definitzen nauela: nire soslaian bat egiten dute langile klasearen ikuspegiak eta ikuspegi feministak, eta gurutzatze hori etengabe gertatu da nire militantzian, bai garatu ditudan agenda guztietan ere.

Nola iritsi zinen feminismora? Eta sindikalismora? Zer izan zen lehenago?

Ni Argentinaren irekitze demokratikoan hasi nintzen militatzen, 1983an; indar politiko txiki batean hasi nintzen, Partido Intrantsigente izeneko batean, eta gero Fronte Zabalean egon nintzen; izan ere, erakunde horiek lotura estuagoa zuten giza eskubideekin. Horrekin batera, kausa feministan militatzen hasi nintzen, baina garai hartan ez genion hala esaten: emakumeentzako guneak ziren. Edonola ere, esan ohi dut umetan intuizioz nintzela feminista, patriarkatuaren diskriminazioaren kontra egiten nuelako familia dinamiketan. Anaia nagusi bat dut, eta ume-umetatik ikusi nuen argi eta garbi seme izatea eta alaba izatea ez zirela gauza bera. Esaten zuten ni errebeldea nintzela oso, asko amorratzen nintzela, eta, militantzia feministara bildu nintzenean, teoria eta azalpena eman nizkion horri guztiari. Sekula ez nuen militatu nahi izan emakumeenak bakarrik ziren guneetan, eta laster izugarri desengainatu nintzen indar politikoekin; horrela, militantzia sozialean murgildu nintzen, eta CTAn sartu nintzen 1994an, sortu zen urtean bertan. CTA Argentinako sindikaturik inportanteenetako baten zatiketa bat da, CGTrena. Orduan, beti izan nuen aukera genero agenda eramateko espazio gogor eta erresistenteetara, eta erronka bat iruditu zitzaidan hori, baina neuk aukeratu nituen leku horiek.

Eta zer moduz moldatu zinen?

Ondo, esango nuke. Emakumeen mugimenduak beti eman digu kide guztioi sare bat osatzen dugulako ideia, lotura solidarioen eta gure ekintzen transbertsaltasunaren ideia, eta horrek asko sendotu zidan sindikalismoaren militantzian nuen ikuspegia, baita erreferente eta lider gisa ere. Erantzukizun gorena izan dut, sindikatuko mahai eragile nazionalean parte hartu baitut, eta hor beti zeuden eraikuntzarako tarteak. Horri esker, sindikatuko erakunde guztiak honen parte izateko modua izan nuen; guk ez ditugu sindikatuak bakarrik, baizik eta baita gizarte mugimenduak ere, eta artikulazio indartsu bat lortzen genuen hor, gune bat emakumezko kideek indarra har zezaten sindikatuetan egiten zuten lanerako.

Erraza? Nork esan dezake militantzia feminista erraza denik? Nik uste dut azken urteotan kaleak jendez gainezkatu direlako gertatu direla jauzi kualitatiboak erakundeetan. Eta, horri esker, interpelazio bat egon da, inongo erakundek esan ez dezan zerbait ez dagokiola, edo genero alor batean gordea utziko duela. Hori guztia 2015ean hasi zen, Ni una menos leloarekin [ezta emakume bat gutxiago ere], baina aurrera segitu du emakumeen lanuzteekin, abortuaren aldeko marea berdearekin eta alaben iraultzarekin; oinarritzat hartu ditu 34 urtean egin diren emakumeen topaketa nazionalak, eta giza eskubideen aldeko mugimendua, Ama eta Amonena, amatasuna politizatzen duen sinbolo gisa. Emakume horiek amatasun indibiduala eta norberaren semearen edo alabaren bila ibiltzeari utzi eta seme-alaba guztiak bilatzen dituzte, diktaduraren kontra eta demokraziaren alde borrokatzeaz gain. Hori guztia historia horren parte da, eta askoz atzerago ere jo daiteke, nahi izanez gero.

Nola islatu zen jauzi kualitatibo hori erakundeetan?

Uste dut laugarren olatu feminista honek ekarri duela -batzuek hala esaten baitiote- jauzi kualitatiboa, oldarka sartu denean indar berezi horrekin. Olatu hori Latinoamerika hegoaldetik dator, edo hegoaldeetatik, eta indarberritu egiten du borroka loturen nazioartekotasuna. Olatu horren beste bereizgarri bat da hegoaldetik datorrela, eta, hortaz, begirada dekolonialaren eta despatriarkalaren arteko intersekzionalitatea errazten du. Klasea, etnia, arraza eta generoa gurutzatu egiten dira, teilak bezala pilatzen baitira borrokak. Horregatik, emakumeen lanuzteak indar sinboliko handia ere badauka, eta guri, sindikalismoan militatzen dugun emakumeoi, indar handia ematen digu. Mugimendu feministak beste esanahi bat ematen dio lanuzteari, langile klasearen tresna bat den horri, esanez emakumeen lanak gizartea mugitzen duela eta lan hori desberdinkeria sakon baten erdian egiten dela: «Egin kasu, aski da, hau ez dago onartzerik». Eta hor dagoen oinarriari esker irauten dute indarkeriak, emakumeen salerosketak… Hori guztia salatzen dugu emakumeok, sortze indar betean, zeina auzitan jartzen duen desberdinkeria eta antineoliberala den. Beraz, laugarren olatua hegoaldetik dator, eta intersekzionala, antineoliberala, dekoloniala eta despatriarkala da.

Gutxi gorabehera, adierazi duzuen horren guztiaren ondorio da ministerio berri hau sortzea, ezta?

Jakina: herri gobernu bat dator, eta Alberto Fernandezen gobernu nazionalak eta Axel Kicillofen probintzia gobernuak erabaki dute Emakumeen, Genero Politiken eta Aniztasun Sexualaren Ministerioa sortzea. Hortaz, Cristina Fernandez de Kirchnerrek esan zuen bezala, Herri Mugimendu Nazionala korronte bizi baten parte da, eta mugimenduz mugimendu eguneratzen da. Kirchnerrek bere historia propioa berrikusi zuen hor, eta esaten zuen feminismoa ere sartu behar genuela orain; iruditzen zait erabaki horrekin instituzioen hierarkian lehen mailan jartzen dela Emakumeen, Genero Politiken eta Aniztasun Sexualaren Ministerioa. Alegia, mugimendu batek hori eskatzen du, eta badira premia zehatzak ere, estatuarentzat betebeharrak direnak eta instituzio demokratikoen jardunera eraman behar ditugunak. Hori egin dute peronismoak eta herri eta nazio indarrek Argentinan. Historia gisa pentsatuta: 1945eko langile mugimendu hark, Peron askatzearen alde mobilizatu zen mugimendu hark, berekin ekarri zuen urriaren 17aren ostean Lanaren Ministerioaren legegintza guztia, eta aurrekari bat da, mugimendu politiko haren emaitza. 2003tik 2015era, Nestorrek [Kirchner] eta Cristinak [Fernandez de Kirchner] giza eskubideen politika instituzionalizatu zuten: hala, zigorgabetasun legeak amaitu, eta epaiketa eta politika berriak ekarri zituzten giza eskubideak sustatu nahian. Hori eskubide garaikideagoekin lotu daiteke, esate baterako ezkontza parekidearekin eta genero nortasunarekin, eta orain Emakumeen Ministerioa da.

Hutsetik sortzea erronka bat da: nola eratuko duzue ministerioaren organigrama?

Aldi berean ari gara barkua nabigatzen eta barkua bera egiten, horrek dakarren konplexutasun guztiarekin. Erronka handia da, baina gizartea esperoan dago: gizarteak sentitzen du bere ministerioa dela. «Neskatilen ametsa da», diote neska gazteek. Nik neuk, neska gaztea nintzenean, ez nuen emakumeen ministerio batekin amesten [barrez]. Eta espektatiba ez dagokio guk ministerioa martxan jarriko dugun moduari bakarrik: beste ministerioek ere espero dute iritsiko zaiela politika horien eragina. Guk hainbestetan esandakoak naturala dirudi egun: organismo eta ministerio guztiak, bai eta Buenos Airesko Probintziako Bankua ere, hasiak dira pentsatzen zer genero politika gauzatuko duten, besteekin artikulatuta. Oso natural gertatzen ari da, baina hitz arraroa da testuinguru honetan, hain zuzen saiatzen ari garelako zenbait praktika desnaturalizatzen: nolako diskriminazioa dagoen ezkutatzen dutenak, erakundeek erreproduzitzen duten desberdinkeriari ez ikusi egiten diotenak, emakumeen parte hartzea eragozten dutenak... Gaur egun, deseraikitze prozesu bat dago. Duela egun batzuk, Kicillof gobernadoreak esan zuen: «Ni deseraikitzen ari naiz neure burua, baina estatuak berak deseraiki behar du». Hori da ideia, despatriarkalizatzeko ideia, eta uste dut zirraragarria dela, erronka ederra.

Ministerio berriak ba al du asmorik herrialde osoari begirako politikak artikulatzeko ere?

Elkarrizketan ari gara etengabe, eta, logikoa denez, gerorrek izango dugu herrialdeko politika asko martxan jartzeko eskumena.

Ba al dakizu halako ministeriorik izan den lehendik ere munduan?

Bai, Latinoamerikan bertan: Lula da Silvak, lehen kudeaketa aldian, emakumeen politiken idazkaritza sortu zuen, ministerio mailakoa. Venezuelan eta Ekuadorren ere izan zituzten emakumeen ministerioak. Ez dut ondo gogoan Boliviakoak emakumeen ministerio izena zuen, baina Ekuadorko edo Boliviako konstituzioak erreformatu zituztenek planteatu zuten beren konstituzioek ikuspegi dekoloniala eta despatriarkala zutela, eta zenbait berdintasun printzipio ezartzen zituzten konstituzioan, errepresentazioaren eta politikaren inguruan, bai eta nazio aniztasuna ere, herrialdeok osatzen dituzten jatorrizko nortasunen ideia hori.

Beste ezer kontatu nahi duzu?

Gu planteatzen ari garen ikuspegi aldaketa berebizikoa da orain arte egiten ari zenaren aldean. Macriren gobernuak emakumeen institutu bat planteatu zuen, eta Vidalek [Cambiemos-eko gobernadore ohiak] Buenos Airesko Probintzian sortu zuen, ustez beste hierarkia bat emateko, baina ez zuen halakorik egin; are gehiago, indarkeria bakarrik lantzen zuen, eta hori, emakumeentzako berdintasun, justizia, subiranotasun edo autonomia politika bat izan beharrean, biktimizazio politika bat zen. Alegia, estatuak biktima zaren heinean tratatzen zaitu. Bada, hori errotik aldatzen ari gara.

Eta zer zutabe nagusi ditu?

Ministerioak genero politikak, berdintasuna, aniztasun sexuala eta indarkerien arlo zabal bat landu nahi ditu, non ez den soilik etxeko indarkeriarekin lan egingo, indarkeria multzo guztiarekin baizik: mediatikoa, soziala, sinbolikoa, lanekoa... Baina politika horiek desberdinkeriak osorik jorratzeko landuko dira, pentsatzeko badirela egiturazko desberdinkeriak, horiek ere oinarrizkoak direla eta ez dutela uzten autonomiarik izaten, ezta bortxak ezabatzen ere. Horrek zerikusia dauka proiektu batekin, zeinak planteatzen baitu lana eta ekoizpena direla ardatza, eta hori dela oinarrizko inklusiorako politika. Hor badugu lan gehigarri bat: emakumeok gure desberdinkeria historikoak landu behar ditugula lan mundura sartzeko.

BERRIAn argitaratua (2020/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA