astekaria 2020/02/14
arrowItzuli

ekonomia

Birusak jotako ekonomia

Zigor Aldama

Birusak jotako ekonomia

Hutsik daude Txinako hiri handietako kaleak. Handira egindako azpiegiturek, etengabe hazten ari den trafikoa irensteko pentsatutakoek, ez dute nork zapalduko. Desagertu dira mezularien moto elektrikoen saldoak ere. Mundua alertan duen koronabirusak geratu egin du Txina, eta beste biktima bat eragitekotan dago: Txinako ekonomia. Izan ere, Hubei probintzia, epidemiaren epizentroa, berrogeialdian dago, eta haren ia 60 milioi biztanleak, etxetik atera ezinik. Baina hamaika eskualdetan ere mugimenduak oso mugatuta daude, eta enpresen jarduerak ezin du abiadarik hartu urte berri txinatarreko oporren ondotik.

Oraindik ez daude koronabirusak jada eragindako kaltea neurtzeko estatistikak, baina denak ados dira zerbaitetan: handia izango dela. «Egoera asko luzatzen bada, baliteke langileak kaleratzen hasi behar izatea», azaldu du Luis Galanek, 2Open merkataritza elektronikoan espezializaturiko aholkularitza etxearen sortzaileak. «Hondamendia da. Jendea ez da etxetik ateratzen; inork ez du ezer eskatzen. Galerak izugarriak izango dira», iragarri du Alberto Fernándezek, Torres Kataluniako upeltegiko Txinako adarreko zuzendariak.

Katebegia arriskuan

Kontuan izanda Txina dela munduaren fabrika, gerta liteke hornikuntza kate globala haustea eta mundu osoko enpresek kalteak jasatea. «Gure hornitzaileak ezin badira berriro ekoizten hasi, eta hori gertatuko dela dirudi, ezingo ditugu geure enpresa nagusiak Euskadin behar dituen piezak egin; bezeroak produkturik gabe gera daitezke», onartu du Pedro Segoviak. Autoentzako osagaiak egiten dituen enpresa bateko kudeatzailea da, Jinhua hirian. «Egoera luzatu ahala, Txinari ez ezik, mundu osoari eragingo dio».

«Eskulanaren arazoa ere badago. Egun, hiri askotan oporrak luzatu egin dituzte, eta ez dakite langileak noiz itzuliko diren lanera. Ezin dugu jakin zenbat itzuliko diren fabrikara eta noiz hasi ahal izango garen normal produzitzen, langile asko Hubeikoak baitira, eta ezingo baitira itzuli», onartu du Igorreko Batz kooperatibako langile batek —ez du izena eman nahi—.

Bertakoek ez ezik, atzerriko langileek ere zail dute mugitzea. Txinatik kanpo daudenak ezin dira itzuli, eta han daudenek ezin dute beste lurralde batzuetan zerbitzurik egin. «Lantegiak egiten ari gara herrialde batzuetan, baina Txina zapalduz gero arazoak ditugu hara joateko. Malabarismoak egiten ari gara Indonesiako, Singapurreko eta Filipinetako lanak bisitatzeko Txinatik igaro gabe», onartu du Carlos Sorianok. Inditex Galiziako jantzigintzako multinazionalari dendak eraikitzen dituen enpresa batean aritzen da Soriano, Caamañon.

Logistikako enpresa erraldoiak geldirik daude, edo gutxieneko zerbitzuekin, eta horrek eragin du zaila izatea Txinatik produktuak ateratzea eta han ezer sartzea. Batik bat errepide bidezko garraioa behar duten produktuekin gertatzen dira arazoak. «Espainiako bezeroak hornitu ezinik gabiltza; beldur naiz jarduera berriro hasten denean denbora asko beharko duela egoerak normalizatzeko», iragarri du Angel Navarro Eastcorpeko arduradunetako batek. Krisiak maiatzera arte iraun dezakeela uste du Fernandezek.

Arazoak mugetan

Nazioarteko merkataritzarako funtsezkoak diren erakunde publikoen geldialdiak ere arazo asko sortu ditu. Txina hornitzen duten atzerriko produktuen inportazioak ere kinka txarrean daude. «Adiskide batek edukiontzi bat du aduanan geldirik urtarrilaren 20az geroztik», azaldu du Carlos Mirandak, Good Wine Trading konpainiako buruak. Ez da bakarra. Aduanetako tramiteak moteltzeak sekulako buxadura eragin du itsas portuetan. «Banatzaile bat dut Shanghain, eta beste bat Guangzhoun, eta biek otsailaren 12ra arte atzeratu dituzte eskariak», aipatu du beste ardo esportatzaile batek, Carolina Wine Brandseko Alberto Bermejok.

Hori gutxi balitz, behin salgaiek muga gainditu ondoren, ez daukate nork banatuko. «Logistikarik ez dagoenez, ezin dut banatu biltegietan dudan ardoa. SF Express soilik dabil, baina izugarri garestia da. Inork ez ditu 12 yuan ordainduko (1,6 euro) botila bat ardo jasotzeagatik. Txinako banatzaileek kalkulatu dute stockaren %80 dutela saldu gabe», gehitu du Mirandak. Ondorioa garbia da: eskariak atzeratzen ari dira, eta kontsumoa amiltzen ari da. «Batez ere ostalaritzan dugu arazoa; inor ez da joaten tabernetara edo jatetxeetara ardoa edatera». Ez zaio arrazoirik falta; Shanghain irekita dauden ostatuek ez dute ia bezerorik.

Normala denez, egoera bereziki larria da hondatzen diren produktuei dagokienez. Besteak beste, fruta. «Batez ere Shanghaiko eta Guangzhouko portuetatik sartzen dira, eta handik banatzen dira Txinako gainontzeko lekuetara. Garraiorako mugen ondorioz, argi dago ezingo direla urrun eraman. Hortaz, iristen zaigun fruta guztia Shanghain geratuko zaigu: fruta guztia ez da egokia merkatu horretarako, eta, gainera, ez da gai guztia kontsumitzeko. Beldur gara ez ote dituzten guztiz itxi inguruko probintziak, eta ez ote garen fruta banatu gabe geratu», onartu du Delaiberia banatzailearen buruak, Roberto Batresek. «Gainera, herritarrak beren etxeetan itxita daudenez, ez dakigu frutaren moduko luxuzko produktuak kontsumituko ote dituzten. Agian hori arazo handiagoa da logistika baino», gaineratu du.

Txiletarrak ere urduri daude. Txinako aduanetan Txileko gereziz betetako 1.500 edukiontzi daude ez aurrera ez atzera, eta hara bidean beste ehunka batzuk, portura itzultzeko aukerarik gabe. Ekoizleek kalte ekonomiko handia espero dute, gereziak baitira Txiletik Txinara doazen produktu nagusietako bat.

Janaria, bermatuta

Edonola ere, Pekingo gobernuak argi du zein den bere lehentasuna: elementu babesleen banaketa —maskarak eta osasun langileak babesteko jantziak—, eta oinarrizko janariena. Horregatik, agindu du maskarak egiten dituzten fabrikek ahalik eta gehien produzitzea, eta ez jartzea inolako mugarik horiek banatzen dituzten konboiei. Antolaketari esker, Txinako Alderdi Komunistak lortu du berrogeialdian dauden hirietan ez egotea elikagai faltarik.

Erreportaje honetarako elkarrizketatuetako gehienak baikor dira epe ertainera begira. «Txinak erreakzionatzeko gaitasun handia dauka, eta gobernua indartsua eta malgua da. Munduari erakusten ari da gai dela osasun ikuspuntu batetik egoera kontrolatzeko», ziurtatu du Batresek.

Edonola ere, Navarrok iragarri du arazo bat sortuko dela koronabirusaren krisia amaitutzat jotzen denean: «Eskaera guztiak bat-batean iritsiko dira». Gai izango da Txinako sektore logistikoa salgai guztiei irteera emateko? «Herrialde batek hori egin badezake, hori Txina da», galdekatutako enpresako arduradunek bat egin dute. Bitartean, gauza bakar bat egin dezakete: zain egon eta ziurgabetasuna ahalik eta ongien kudeatu».

BERRIAn argitaratua (2020/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA