bizigiro
Onddo berria euskal basoetan
Lander Muñagorri Garmendia
Azken urteetako aurrerapen teknologikoekin laborategietan espezie berriak sortzen ari dira, baina mendian onddo genero berri bat topatzeak «poz handiagoa» ematen duela dio. 2006. urte amaieran topatu zuten, lehenbiziko aldiz, onddo txiki eta beltza: Aizarnazabalen (Gipuzkoa) dagoen Altzolaras erreka bazterrean, usteltzen hasia zegoen egur zati baten azpialdean. Onddoa ikusi, eta ez zuten jakin zehazten zein perretxiko mota zen. «Bagenekien zein taldetakoa zen, baina ez generoa eta espeziea; jaso genuen, zehaztu gabe zer zen, eta mikologian aditua den espezialista batekin kontrastatu genuen». Hark ere ez zuen jakin zein espezie eta generotakoa zen topatutako onddoa.
Teresek dioenez, batzuetan onddoak behin bakarrik azaltzen dira, eta, horregatik, Aranzadiko mikologoek landa lanak egiten eta bilatzen jarraitu zuten. Bi urtez ez zuten onddo hori berriz ere topatu, baina Pagoetako parke naturalean ikusi zuten berriz ere bueltan, Aiako (Gipuzkoa) Agorregi burdinolaren inguruko baso mistoko mendi erreka baten ertzean. Berriz ere usteltzen ari zen egur zati batean. Hiru milimetro inguruko diametroa duen onddo beltz txikia jaso zuten, eta berriz ere aztertu. Berriz ere ez zuten sailkatzerik izan inongo generotan, «eta deskribatu gabe» egon zitekeela ondorioztatu zuten. Hau da, onddo horren bereizgarriak zein ziren idatzi eta aztertu gabe egongo zirela. Hori izan zen Aranzadiko mikologia saileko kideen hurrengo lana, ikerketarekin jarraitzea.
2015. urte inguruan laborategian landatu zuten onddoa, eta urtebete inguru ondoren jaso zuten. DNA azterketak egin zituzten, eta baieztatu ahal izan zuten genero berri bat zela zientziarentzako. Deskribapena egin, eta txostena komunitate zientifikoari bidali ondoren onartu zuten mikologiako genero berri gisa. Sclerococcum generoko generoaren antza zuen, eta horregatik da izenaren lehen zatia Pseudosclerococcum. Bigarren zatia golindoi da, eta Aranzadi zientzia elkarteko Jose Luis Albizu mikologo beteranoari omenaldi egiteko jarri diote, Zarauzko (Gipuzkoa) Golindo baserrikoa baita bera. Izen zientifikoa badu onddoak, baina orain arrunta falta zaio.
Nongoa den zehaztu
Deskribatu dute generoa, izendatu, eta onddoa zein eremutan topatu ohi den zehaztu ondoren, bere hedapena zenbatekoa den aztertuko dute Aranzadiko mikologoek. Oraingoz badakite zein testuingurutan agertu ohi den, baina non gehiago topatu daitekeen aztertzen ari dira. «Badakigu hemengo erreka inguru eta baso mistoetan espezie tropikalak egon badaudela; duela milaka urte beste klima aldaketa bat egon zen, eta egoera berrira egokitu ziren espezie batzuk. Ez dakigu, baina, onddo hau eremu tropikaletan aurkitu daitekeen».
Onddoa non gehiago egon daitekeen jakiteko, landa lanak egiten jarraituko dute mikologoek. «Gehiago begiratuko dugu, ziurrenik». Hala ere, irteera horietan perretxiko espezie gehiago topatuko dituztela uste du Teresek. Azken batean, txikiak diren onddo asko oraindik topatu gabe baitaude, eta apurka agertuz joango direla pentsatzen du.