mundua
ASHA ISMAIL
«200 milioi emakumek baino gehiagok sufritu dute ablazioa munduan»
Jone Bastida Alzuru
5 urterekin egin zizuten ablazioa. Nola gogoratzen duzu egun hori?
Pentsatu adin horretako haur batek zer sentitu dezakeen klitoria ebakitzen diotenean. Mina dut gogoan; sekulakoa izan zen, jakina. Hori da gehien gogoratzen dudana.
Ez zinen kontziente izango zer ari zen gertatzen. Zer uste zenuen une horretan?
Ez nekien min hori sufrituko nuenik. Ez nekien zer gertatuko zen. Jakin banu ere, ezingo nukeen ezer egin, oso txikia nintzen. Baina, egiaz, ez nekien zer gertatuko zen.
Ez da momentuko mina bakarrik. Zer ondorio izan ditu zure bizitzan?
Ez, ez da une horretako mina soilik. Ondorioak, gehienbat, psikologikoak izan dira. Horiek, emozionalak direnak, betirako geratzen dira. Momentu horrek sorrarazten dizun mina bukatu egiten da, eta orbainak sendatu, baina betirako gelditzen da egin dizutena.
Zaila izango da hori gainditzea.
Bai, konplexua da. Oso konplexua.
Moyalen mutilatu zintuzten, Kenyaren eta Etiopiaren arteko mugan. Han, emakume batek klitoria izatea komunitateak arbuiatzeko arrazoi bat da.
Ez eremu horretan bakarrik, baizik eta emakumeen genitalen mutilazioa praktikatzen den guztietan. Bai, emakume bati ez bazaio ablazioa egin, hura gaitzetsi egiten dute: ez da komunitatearen parte, eta gaizki begiratzen diote. Bere familiak ere bazter dezake.
Tradizioari lotuta dago genitalen mutilazioa?
Gutxi gorabehera. Tradizio on eta eder asko daude, kultur ekintza ikusgarriak, baina esan daiteke komunitate horien bizipenen parte dela hori ere.
Erlijioarekin ere lotu izan da sarri. Leku askotan irakasten da emakumeen genitalen mutilazioa Koranak iradokitzen duen zerbait dela. Horiek, ordea, mito hutsak dira, ezta?
Hala da. Ez dago hori iradokitzen duen erlijiorik. Ez dago pasarterik ez Koranean, ezta Biblian ere, emakumeen genitalen mutilazioa agertzen denik. Erlijio guztietako kideek praktikatzen dute, komunitate ezberdinetakoek: kristauek, musulmanek eta besteek. Kristo aurreko 2.000. urtea baino lehen ere existitzen zen.
Zerk bultzatzen ditu mutilazioa gauzatzera?
Arrazoia aldatu egiten da komunitatearen arabera. Bakoitzak bere motiboak ditu. Baina, orokorrean, emakumeen sexualitatea kontrolatzeko da.
Genero indarkeria da hori ere.
Bai, hori da, emakumearen sexualitatearen aurkako indarkeria.
Noiz hasi zinen emakumeen genitalen mutilazioaren aurka borrokatzen? Noiz egin zenuen urrats hori?
Nire alaba jaio zenean, orain dela 30 urte. Baztertu egin nuen ablazioa, ez nuen hori nahi nire alabarentzat. Nire ingurukoekin hitz egiten hasi nintzen: familiarekin, lagunekin, ahizpekin, lehengusuekin eta bizilagunekin. Pixkanaka, zabaltzen hasi zen, eta geroz eta jende gehiagorengana iristen.
Hasieran, beldurra zenuen gaiaz hitz egiteko?
Ez. Nire alaba izan bezain pronto, argi hitz egiten hasi nintzen. Ablazioa ez egiteko nire erabakia garbi adierazten nuen. Aurretik, ez nuen horrenbeste hitz egiten. Haurra nintzenean, apur bat bai, baina ume kontuak ziren, eta berehala isilarazi ninduten. Garai hartan, inor ez zen horren inguruan mintzo. Tabua zen.
Aldaketarik izan da ordutik?
Bai, eta onerako izan dela esan dezakegu. Gehiago hitz egiten da, eta, horren ondorioz, gehiago ezagutu. Emakumeen mugimendu handia dago ablazioa praktikatzen den herrialde eta komunitateetan, baita mundu mailan ere. Hala ere, oraindik gehiago hitz egin beharko litzateke. Legedian ere izan dira aldaketak. Orain dela urte batzuetatik horren aurkako legeak daude. 2016an, esaterako, Afrikako Batasunak bere agendan sartu zuen estatuetan emakumeen genitalen mutilazioa debekatzea. Kenyan, ni bizi nintzen lekuan, debekatuta dago. Mutilazioaren aurkako legeak daude herrialde askotan, baina beste batzuetan oraindik egiteko daude. Legeek babesa ematen dute, noski, baina beharrezkoa da hori borondateak lagundua izatea. Eta borondatea, landu egin behar da. Jendea informatu eta prestatu behar da, eta indarkeria horren kontra hezi.
Save a Girl Save a Generation erakundea sortu zenuen 2007an Madrilen. Zerk bultzatuta? Zein dira helburu nagusiak?
Sentsibilizatzeko benetako erakunde eraginkor bat bezala hasi ginen lanean, hemen ez baitzen hainbeste ezagutzen genitalen mutilazioa. Jendea informatu eta ohartarazteko gure modua zen, ablazioaren praktikak prebenitzeko. Horretarako, emakumeen genitalen mutilazioaren inguruko prebentzio programak jarri genituen martxan. Prozesuan jendea sentsibilizatzen eta prestatzen hasi ginen. Talde ezberdinak trebatzen ditugu, eta, gero, haiek zuzenean lan egiten dute praktika hori gauzatzen den komunitateekin.
Garrantzitsua da zure bizipenak kontatzea xede horretara iristeko?
Bai. Beharrezkoa da, jendea gehiago gerturatzeko existitzen den errealitate horretara. Ez da dokumentaletan eta liburuetan soilik existitzen den zerbait, egiazkoa da, eta munduan zehar 200 milioi emakume baino gehiago dira ondorio hori sufritu dutenak. Nire testigantzarekin jendea hurbildu nahi dut errealitate horretara.
Nola eragotz daiteke emakumeen genitalen mutilazioa?
Tailerrak eta formakuntza saioak ematen dizkiegu bai profesional taldeei, bai eta arrisku eremuetatik datozen pertsonei ere. Emakumeak ahaldundu nahi ditugu, eurek erabaki dezaten praktika hori amaitzea erabakitzen dutenak. Orain, Kenyan ere lanean hasiko gara. Jatorritik landu beharreko zerbait da. Kasu honetan, nire sorterria Kenya da, eta hor hasiko gara lanean. Harrera etxe bat egingo dugu neskentzat, nolabait esanda, bizitzeko beste modu bat emateko xedearekin. Inguratzen dituzten arau sozialetatik atera nahi ditugu, eta tresnak eman eurek ere euren komunitateetan lan egiteko. Oso garrantzitsua da kontzientziazioa.
Mundu mailako konpromisoa ezinbestekoa da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da. Puntu horretatik egin behar da lan, mundu mailatik. Inor ez dadila gaiaren inguruan arrotz sentitu, denoi eragiten digu.