gizartea
Babesguneak eraso leku direnean
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Ikerketa martxan da oraindik, baina, itxura guzien arabera, ikaskideak eurak izan dira erasotzaileak; eta ez, erasoei buruzko gure iruditerian maiz gertatzen den gisan, karrika ilun bateko gizon itsusi, gaizto eta ezezagun batzuk. Ustezko erasotzaileak eta bortxaketa pairatu duten emakumeak, denak bizi dira astean lizeoko barnetegian. 500 ikasle inguru biltzen ditu Nafarroa lizeoak, eta haietatik 230 inguruk egiten dute lo barnetegian: 120 mutilek eta 110 neskak. Finean, familia handi-txiki bat.
Ez da ohiz kanpokoa ustez babesgune beharko luketen inguruneak eraso leku bilakatzea. Aste honetan zabaldu da Gipuzkoan albistea, sei urteko espetxe zigorra jarri diotela gizonezko bati, etxean alabari sexu erasoak egiteagatik. Ezberdina da kasu honetan erasoa, baina testuinguruak baditu antzekotasunak: konfiantzazko eremu eta harremanak daude tartean bietan. Eta, era berean, botere harremanak. Berdin gertatu ohi da militantzia eremuetan izaten diren erasoetan ere.
Erasotzaileak hurbilekoak eta ezagunak izateak are gehiago zailtzen du salaketa prozesua, horrek biktimengan ekar ditzakeen ondorioengatik. Eta, behin salatu ondotik ere, ez da erraza bidea. Kasu honetan, aske utzi dituzte mutilak, eta ez da ziurra lizeora itzuliko diren ala ez. Korridoreetan haiekin topo egin behar izatea neskei berriz eraso egitea litzateke.
Halako erasoen muinean egiturazko desberdinkeriak daudela frogatua dute feminismotik egindako ikerketek. Eta erakusten dute, hain justu, horrelakoak berriz ez gertatzeko bermea botere harremanak etetea dela. Kasu honetan, adibidez, hezkidetzaren bidetik: mutilei txikitatik irakatsiz neskak ez direla haien jabetza, ez daudela haien erranetara, pareko dituztela.
Mina egina dago, baina halako neurriak hartzea ez legoke soberan; ikastetxea, etxea eta kalea zinezko babesgune izan daitezen, eta ez eraso leku.