astekaria 2020/02/07
arrowItzuli

kirola

MANEX SALSAMENDI SILVA

«Hasi nintzenean, ez nekien Brasilek eski selekzioa zuenik ere»

Unai Ugartemendia

«Hasi nintzenean, ez nekien Brasilek eski selekzioa zuenik ere»

Eski denboraldiaren erdian dago Manex Salsamendi (Rio Branco, Brasil, 2002). Asteburuan, Baqueira Bereten jokatu da Beret Martxa, eta han hartu du parte, 21 kilometroko proban.

Gaur egun, Etxaurin (Nafarroa) bizi zara, baina Brasilen jaio zinen. Nolatan?

Ama brasildarra dut. Brasilen, Irungo [Gipuzkoa] lagun bat zeukan. Lan kontuengatik zegoen han. Lagun hori, aldi berean, nire aitaren laguna ere bazen. Amak, Euskal Herrira bisita bat egitera etorri zen batean, aita ezagutu zuen. Ezagutu, maitemindu eta denbora batera aita joan zen Brasilera. Han pasatu zituzten sei urte, eta ni han jaio nintzen. 2 urte nituenean, Errenteriara [Gipuzkoa] etorri ginen bizitzera. Ondoren,9 urte nituela, aita Erronkarira [Nafarroa] joan zen lanera. Irakaslea da, eta gu ere harekin joan ginen. Izaban [Nafarroa] bizi ginen. Orain dela bi urte, ikasketengatik Iruñera jaitsi ginen, eta geroztik Etxaurin bizi gara.

Zenbat urterekin hasi zinen eskiatzen?

7-8 urte nituenean futbolean aritu nintzen, baina denbora gutxian. Geroztik, aitarekin denbora askoan ibilitakoa naiz bizikletan eta mendian. Aita txirrindularitzan ibili zen gaztetan. 8 urterekin ere pilotan hasi nintzen Erronkarin, eta, 10 urte bete nituenean, eski taldean sartu nintzen. Orduan, ia asteburuero igotzen ginen Belaguara. Geroztik, horretan nabil buru-belarri. Kirol asko egindako mutila naiz.

Izaban beste aukera askorik ez zegoelako hautatu zenuen iraupen eskia?

Ez dakit, egia esan. Lagunak ere horretan ibiltzen ziren, eta gogoan dut pistetan oso ondo pasatzen nuela, eta ikaragarri gustatzen zitzaidala. Naturan ibiltzea atsegin dut, eta beti gustatu izan zait askoz gehiago iraupen eskia, eski alpinoa baino.

Lehiatzen ere aldi berean hasi al zinen?

Bai, 10-11 urterekin hasi nintzen. Eskolan aste zuria izaten da urtero, eta, amaitzean, denei paper bat ematen ziguten esanez denboraldi bukaeran bazeudela lasterketa batzuk. Lehen lasterketa, hura izan zen. Jende asko joan ginen, 80 inguru, eta gogoan dut lehen 30en artean sailkatu nintzela. Nahiko gustura amaitu nuen.

Geroztik hasi zinen Belagoako taldean?

Bai, 10 urterekin, Club Pirineo Roncal taldean hasi nintzen.

Zein dira zure ezaugarririk onenak iraupen eskian?

Nik uste dut erresistentzia dela nire indargunea. Hamar edo hamabost kilometroko lasterketetan ondo moldatzen naiz.

Denboraldia nola antolatzen duzu?

Bi zatitan antolatzen dut. Esaterako, azken bi hilabeteak Livignon [Italia] pasatu ditut, Brasilgo selekzioarekin. Tartean, abendu amaieran, Austriara joan ginen Europako Kopako proba batean lehiatzera; urtarril amaieran, berriz, Suitzara joan ginen Gazte mailako Olinpiar Jokoetara.

Iraupen eskia oso kirol ohikoa ez dela kontuan hartuta, nondik sortu zitzaizun Brasilekin lehiatzeko aukera?

Egia esan, eskiatzen hasi nintzenean, ez nekien Brasilgo selekziorik zegoenik ere. Erdi txantxetan, aitak esaten zidan: «Brasili diru laguntza bat eskatu behar diogu!». Halako batean, Somporten [Pirinioak, Frantzia] eskiatzen ari ginela, Brasilgo selekzioaren arropa zeraman emakume bat ikusi nuen eskiatzen. Aita eta biok harengana joan ginen hitz egitera. Mirlene Picin biatloilaria zen, urte askoan selekzioan aritutakoa. Hark esan zigun Brasilek bazuela talde bat, eta askotan Europara etortzen zirela. Hango agintariekin kontaktuan jarri gintuen, eta, geroztik, harremanetan jarraitzen dugu.

Betidanik izan al du Brasilek Neguko Jokoetako selekzioa?

Modalitate guztietan dute jendea: eski alpinoan, iraupen eskian, snowean... Udan, gurpil gaineko eski probak jokatzen dituzte;neguan, Argentinara edo Txilera joaten dira eskiatzera. Hemen negua denean, Livignora etortzen dira.

Nola duzu gogoan debut eguna?

Jada hirugarren negua daramat selekzioarekin. Campran [Suitza] egin nuen debuta, 2017an. Nazioarteko lehiaketarik jokatu gabea nintzen, eta gogoan dut Europako Kopa jokatu nuela orduan. Nire mailako eskiatzailerik gazteena nintzen. Izugarrizko esperientzia izan zen, gehienbat sekulako maila zegoelako. Espainian badago maila, baina ez da hainbestekoa. Suitzarrak, italiarrak, frantziarrak...Ikaragarria izan zen. Orduan konturatu nintzen Europako herrialde askotan zer-nolako maila dagoen!

Gaur egun, zer-nolako maila duzue selekzioan?

Italiarrekin edo norvegiarrekin alderatzen bagara, nahiko kaskarra. Baina, hala ere, jendeak uste baino maila handiagoa dago. Esaterako, espainiarrekin alderatuz gero, ez dago hainbesteko alderik.

Jende askok eskiatzen al du Brasilen?

Asko aritzen dira gurpil gaineko eskian. Horietatik, onenak eta gehien entrenatzen direnak elurretara eramaten dituzte. Haientzat, ezinbestekoa da gurpil gaineko eskian emaitza onak lortzea gero elurretara jauzi egiteko.

Brasilgo txapeldun zara gaur egun iraupen eskian.

Bai. Argentinan jokatu genituen azken Brasilgo txapelketetan irabazle izan nintzen. Esprintean eta hamar kilometroko ibilbidean nagusitu nintzen. Esprintean lehia handia izan nuen beste bi eskiatzailerekin, baina hamar kilometrokoan nahiko erraz lortu nuen garaipena.

Hemendik bi urtera, Olinpiar Jokoak izango dira Pekinen. Hara begira jarrita al zaude jada?

Bai, baina lehenik sailkatu egin behar dut. Uste dut Brasilgo selekzioak eskiatzaile bat eramateko aukera baduela eta, gero, besteren batek lasterketa ezberdinetan lortutako puntuen arabera, joateko aukera ere izan dezakeela. Lortutako puntuak asko badira, herrialde batetik bi edo hiru ere joan daitezke.

Zure maila ikusita, posible ikusten duzu han egotea?

Gaur egun, aukera handia dut han egoteko, baina, lehen aipatu bezala, sailkatu egin behar dut. Datorren urtean, unibertsitatean hasi behar dut, eta entrenatzeko denbora gehiago izatea espero dut. Horrek maila igotzeko aukera emango lidake. Baina ikusi egin behar non amaitzen dudan ikasten. Asmoa, Gasteizen Gorputz Hezkuntzako ikasketak egitea zen, baina aukera hobea da Huescara [Aragoi, Espainia] joatea mendiak gertuago izateko.

Askotan amestu izan al duzu Olinpiar Jokoekin?

Egiari zor, Brasilekin joateak ez du meritu handirik. Baina nire helburua ez da joatea bakarrik. Nik han egon nahi dut, hori ziur, baina behin bertan egonda, maila on bat erakutsi nahi dut, jendeak ikus dezan Brasilen badirela eskiatzaile onak. Horrek asebeteko ninduke gehien.

Espainiako selekzioarekin lehiatzeko aukerarik izan al duzu noizbait?

Ez. Brasilgo selekzioan sartu nintzenean, ez nuen maila handirik, eta, geroztik, ez dut aukerarik izan. Horretarako, Brasilgo selekzioa utzi beharko nuke, eta, oraingoz, oso gustura nago. Hala ere, esan behar dut inor ez dela nirekin harremanetan jarri. Espainiako selekzioak nazioarteko txapelketetara eskiatzaile bat edo bi eramaten ditu gehienez, eta badira maila handiko eskiatzaileak. Espainiako selekzioarekin ia ez nuen aukerarik izango Olinpiar Jokoetan egoteko.

Zerekin konformatuko zinateke Pekinen egonez gero? Jarri diozu helbururik zeure buruari?

Lehenik, lan on bat egin nahiko nuke, eta, ondoren, kontuan hartuta nire lehen jokoak izango direla, azken 30en artean ez geratzearekin konformatuko nintzateke [barrezka].

Mendian ere korrika ibiltzen omen zara. Gustura aritzen al zara?

Bai, oso. Orain dela bi urte inguru hasi nintzen lehiatzen, eta lasterketaren bat irabaztea ere lortu dut. Nafarroako selekzioarekin ere lehiatzeko aukera izan nuen.

Zein distantziatan ibiltzen zara erosoen?

Hamar eta hamabost kilometro arteko distantzietan. Gure mailako jendearentzat prestatutako distantziak dira, eta uste dut alde horretatik nahikoa dela.

Lasterketa askotan parte hartzen al duzu?

Maiatzean eta ekainean aritzen naiz lehian. Iraupen eskiko denboraldia amaitzean hasten naiz mendiko lasterketetan pentsatzen. Urtean lau edo bost lasterketa egiten ditut.

Mendi lasterketetarako egutegirik egiten al duzu?

Bai, jada proba batzuetan egoteko asmoa badut. Maiatzaren 24an, junior mailako Zegama-Aizkorrin izango naiz, eta ekainaren 21ean, Izabako Canelle lasterketan ere bai. Ondoren, Monrealen [Nafarroa] izango naiz. Iaz, lasterketa motza irabaztea lortu nuen, eta aurten ere bertaratzeko asmoa dut. Ondoren, Lakuntza-Aralar, Aoizko mendi lasterketa, Irati Trail... korritzeko asmoa ere badut.

BERRIAn argitaratua (2020/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA