astekaria 2020/02/07
arrowItzuli

gizartea

Hautagai elebidunak

Garikoitz Goikoetxea

Hautagai elebidunak Garikoitz Goikoetxea

Zeresana jarri du Rosa Martinez Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaitarako aurkeztu izanak. Euskara ikasten ari da, baina ez du agerraldietan euskaraz aritzeko adinako gaitasunik oraingoz. «Konpromiso politikoa» hartu du, nolanahi ere: ikasketa prozesua burutuko duela, ikasiko duela. «Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai izango banaiz, euskaraz hitz egin beharko dut. Badakit, nire helburua da, eta erronka onartzen dut». Aintzat hartzekoa da hautagaiaren keinua, aitortu izana badaukala hutsune bat lehendakari izateko. Martinezen kasuak berpiztu egin du eztabaida: hautagaiek elebidunak izan behar ote duten.

Kasu zehatzei ez, komeni da osotasunez erreparatzea gaiari. Eta bistakoa da hautagai elebakarrak aurkeztea traba handia dela euskara indarberritzeko bidean: traba da esparru politikoan urratsak egiteko —areago, Ahal Dugu-ren kasuan, euskara plana onartu berritan—, traba da administrazioaren jarduna euskalduntzeko, eta traba da herritarren berdintasuna eta eskubideak bermatzeko.

Oztopo da alderdiaren jarduna euskalduntzeko. Lehen euskara plana urrian aurkeztu zuen EAEko Ahal Dugu-k. Barne diagnostikoak erakutsi zuen euskararen erabilera oso mugatua dela alderdian: ahozko barne harremanetan, %3. Egoera hori iraultzeko lehen pauso gisa, euskara gaitasunarekin lotutako neurriak zehaztu zituzten planean: nagusia, kargudunek eta alderdiko langileek euskaraz B2 maila edukitzea.

Planeko diagnostikoaren arabera, Eusko Legebiltzarreko kargudunen artean dago helburua betetzetik gertuen: kideen %88k badakite euskaraz. Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Gipuzkoakoetan, erdiek dakite euskaraz, eta Arabakoetan, laurdenek. Alde horretatik, atzerapausoa da legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagai elebakarra aurkeztea, ezagutzaren helburua lortzetik gertuen dagoen tokian jarriko luketelako taldeburu erdalduna. Erabilera trabatzea dakar horrek —gaur egun, %20tik behera egiten dute euskaraz legebiltzarrean Ahal Dugu-ko ordezkariek—, eta sinbolikoki ere pisu handia du, karguaren ikusgaitasunagatik.

Oztopo da administrazioaren jarduna euskalduntzeko. Urteotan nabarmen euskaldundu da erakundeetako langileria, hizkuntza eskakizunen sistemaren bidetik eta belaunaldi berriak lan esparruan sartu ahala. Administrazioa euskalduntzeko planen ebaluazioek agerian utzi dute aldagai bat: arduradun politikoen eragina nabarmena da erakundeetan euskara erabiltzeko. Argi dio ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planak: «Ezinbestekoa da arduradun politikoen protagonismoa eta eredugarritasuna. Langileen parte hartzea eta adostasuna garrantzi handikoa izanda ere, kale egingo da kargudunen gidaritzarik eta lidergorik gabe». Euskaraz egiteko gidaritza nekez har dezake hizkuntza ez dakienak, itzulpenen morrontzara eramango baitu erakunde arlo hori.

Eta oztopo da herritarren berdintasuna eta eskubideak bermatzeko. Berriro piztu da euskara jakitearen ezinbestekotasunari buruzko eztabaida, eta traba gisa aurkeztu da euskara. Martinezek berak hala esan zuen atzo Radio Euskadin: «Egunero dago jendea ezin duena sarbiderik izan edo bizitzan aurrera egin, kosta egiten zaiolako euskara menperatzea, eta hor eztabaidatu behar dugu hizkuntza politikei buruz».

Administrazioko hizkuntza eskakizunei buruzko eztabaida irekiko da hurrengo legealdian; dekretu berria aurkeztuko du Jaurlaritzak, eta beste urrats bat egitea jarriko du mahai gainean: ezagutzatik erabilerara salto egitea, administrazioan euskaraz lan egitea. Ezinbestekoa da kide elebidunak izatea. Planak ezerezean geratuko baitira bestela.

BERRIAn argitaratua (2020/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA