iritzia
Segidako izurritea
Elixabete Garmendia Lasa
Aralarretik ez urruti, adibide bat. Lehen auto arruntarekin lasai igo zitekeen pistan, orain 4x4-ek ere lanak dituzte handik pasatzeko. Lur eta harri xehezko zorua lokatzadi bihurtuta, garraioan ibili diren makinatzar eta kamioi erraldoiek ireki dituzte ez bakarrik zangak, baita lubakiak ere, 80 zentimetroko sakonera hartzen dutenak; lurrean markatuta geratu diren gurpil zabalen arrastoek salatzen dituzte desmasiaren egileak. Bihurgune batzuetan, harri kozkor pilak ipini behar izan dituzte, zorua sendotu eta makinekin ibiltzen jarraitu ahal izateko. Kuxidade horrek zazpi bat kilometro hartzen ditu.
Deskalabrua ikusita —eta pairatuta—, arrapaladan datozkio galderak bati. Lehenengoa: zein urte sasoitan egin daitezke mendiko lan horiek? Lurra urasetuta dagoenean bidezkoa —eta zentzuzkoa— al da halako obrei ekitea? Garraiorako makina eta ibilgailu horiek zenbat tonako zamaren muga dute halako terrenoan ibili ahal izateko? Mendia ustiatzen dutenei udalek aldez aurretik eskatzen dieten fidantzak nahikoa izango al dira kalteak konpontzeko?
Pentsatzekoa da basozainek gertutik zainduko dituztela lan horiek, eta dagokionari —Gipuzkoaren kasuan Foru Aldundiko Landa Ingurumenaren departamentuari eta Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendaritzari— emango dietela gertatzen ari denaren berri; suposatzekoa da jakinaren gainean egongo direla arlo horietako arduradunak. Izan ere, Diputazioak dirulaguntzak ere bai baitauzka «gaixotutako pinudiak botatzeko». Deialdi publikoan, nolanahi ere, ez da ageri baldintzarik pinuak noiz/nola eraitsi eta garraiatzeari buruz, laguntzak behin pinudia bota eta birlandaketa eginda dagoenerako baitira.
Mendi ibiltaria zur eta lur uzten duena zera da, birrindutako pista horren abiapuntuan ez dagoela kartel ziztrin bat ere bidea zer egoeratan dagoen abisatzeko. Era berean, ez Diputazioaren web orrian eta ezta hedabideetan ere ez du aurkituko inolako ohartarazpenik, ez desenkusarik, ezta konponketa planaren albisterik ere, banda gorriaren ondoko basolanak mendi pistetan eragiten ari diren kalteak direla-eta. Txintik ere ez! Komunikazioa auto-propagandara —eta ez informaziora— zuzentzearen ondorioa.
Lehen bistadizoan, mendi erabiltzaile ezberdinen arteko talka azaleratzen da, berriro ere, afera honetan; izan ere, askotarikoa da fauna humano menditarra: baso jabeak, abeltzainak, baserritarrak, artzainak, naturazaleak, ehiztariak, korrikalariak, mendizaleak, perretxiko biltzaileak, motorzaleak, txirrindulariak, igandezaleak (dominguero/a Elhuyar hiztegian)... tartean nahi diren versus guztiak jarrita. Espezie bakoitzak baditu bere ikuspuntuak, interesak eta jokamoldeak, kontrajarriak sarritan. Harrapa dezake batek herra, justifikatua eta serioa, egurketari axolagabeekiko. Hurrena, udako igande urdin horietako batean, Aizkorripeko Beunden, demagun, igandezaleekin izan dezake desenkontrua: zabaltzen dituzte oihalezko estalkiak burdinezko lau euskarriren gainean, bakarren batek edari upeltxoa ere ekartzen du, konektatzen dute reggaetona topera... Sevillako feriaren inbidiarik ez.
Banderizoen gerretan nahasita, ordea, ez dugu oso aurrera egingo. Mendiari hesiak jarrita ere ez. Mendiaren urruntasuna eta bakardadea edozein txandrio egiteko aprobetxatzen dutenei ezikusia eginda, are gutxiago. Esan liteke, ba, gure gizarteak behar lukeela nahikoa heldutasun mendiko espazio publikoen erabilera arduratsu, arautu eta adostua indarrean jartzeko, ala? Denok kabitu gaitezen behingoz, elkarri traba egin gabe. Horretarako biak beharko dira, informazioa eta propaganda; propaganda egiati eta hezitzailea.