astekaria 2020/02/07
arrowItzuli

bizigiro

Teknologia muga denean

Iker Tubia

Teknologia muga denean

Ostiral goiza da, eta bankuan etengabekoa da joan-etorria. Iruñeko Txantrea auzoan langile bakarra izaten da jendea artatzeko. Hala izaten da beste toki askotan ere. Jende zaharra da nagusi bankuan, heldu batzuk ere bai. Zahar bat kutxa automatikora gerturatu da bere zaintzailearen besoari helduta. Hari esker lortu du kartilla eguneratzea. Atzean du Karmentxu Gonzalez, dirua ateratzeko pronto. Beste batzuk barnean dira, leihatilan dagoen pertsonak noiz artatuko, zain.

«Zuzenean leihatilan dagoen pertsonarengana joaten naiz. Ikusten dut transferentziak-eta kutxa automatikoaren bidez egitea ez dela oso zaila, baina ez dut segurtasunik. Pertsona bat han dagoen bitartean, nahiago dut harengana jo». Gonzalezek dirua ateratzeko eta kartilla eguneratzeko baizik ez ditu erabiltzen kutxa automatikoak. Egunerokoan egiten ez dituen aferak erraz ahanzten dituela azaldu du, beraz, nahiago du hezur-haragizko langilearengana jo. Ez horregatik bakarrik: «Gainera, atseginagoa da buruz buruko tratua».

Transferentziak egin behar baditu edo bestelako eragiketak, ez da erabat fidatzen kutxa automatikoez. Segurtasun falta sumatzen du teknologiak erabili behar dituenean. «Noizbait egin izan dut bertako langilearen laguntzaz, eta ikusi dut ez dela hain zaila, baina ez dudanez askotan egiten, hurrengo aldirako atzendu dut nola egiten zen». Beste batzuen egoera makurragoa dela dio. Berak 69 urte ditu, baina auzoan jende zaharragoa bizi da. «Langilearengana jo beste aukerarik ez dute, edo norbaitekin joan behar dute. Batzuetan haserretzen dira, pertsona bakarra dagoelako, eta denbora luzez egoten direlako zain». Ez da arazo bakarra: batzuek ez dute ongi ikusten, ezta betaurrekoekin ere, eta hori arazo da edozein eragiketa makinen bidez egiteko.

Angel Lurgain ere bankuan izan da. Ohituta dago kutxa automatikoa erabiltzera, nahiz eta gutxi erabiltzen duela onartu duen. Bankuak eskutitz bat bidali zion, eta erantzuteko asmoz jo du bertara: «Esaten zidaten ea aplikazio bat nahi nuen sakelakoaren bidez ordaintzeko. Bada, esan diot berarentzat gorde dezala». Ez zaio ideia gustatu.

Iruñeko Arrotxapea auzoan bizi da Lurgain, 67 urte ditu, eta ez du uste muga handirik duenik teknologiekin, nahiz eta onartu duen horretan hobetu lezakeela. Hala ere, erosketak bertako dendetan egitea maite du, eskudiruarekin, eta supermerkatura joaten denean baizik ez du txartela erabiltzen. Internet erabiltzen du, baina informazioa eskuratzeko batik bat. Baita komunikatzeko ere, posta elektronikoa eta sakelakoetako mezularitza aplikazioak erabiltzen baititu.

Adinak gora egin ahala, arrakala digitala handituz doa. Horregatik, Nafarroako Pertsona Nagusien Konfederazioak bilera egin zuen irailean Nafarroako Gobernuarekin, besteak beste, arazo horretaz ohartarazteko. Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak esan zien lan eginen zutela arrakala hori gutxitzeko bidean.

Angel Lurgain elkarteko makina erabiltzen. Andoni Canellada / Foku

Teknologiekin mesfidati

Lurgainek ez du inoiz hegaldirik erosi Internet bidez, ezta bidaiarik antolatu ere. «Egiten ditudan bidaia bakarrak Imsersorekin egiten ditut, eta, beraz, egina ematen didate. Ez dakit, nire egoerak ez dit uzten Indiara edo Brasilera joaten, beraz... Egiterik banu, seguruenik ez nuke bakarrik eginen: alabari laguntza eskatuko nioke», kontatu du. Gonzalezek ere ez du behin ere egin: «Inolaz ere ez nuke Internet erabiliko horretarako. Nire alabei eskatuko nieke edo bidaia agentzia batera joan». Internet kontsultak egiteko eta komunikatzeko erabiltzen du. Baina ordenagailua gutxi erabiltzen du. Gehiago sakelakoa. «Martxotik aurrera ikastaro batzuk eginen ditut ordenagailua erabiltzen ikasteko», azaldu du.

Erosteko moduan ere sartu dira teknologiak, eta supermerkatu batzuetan paratu dituzte pertsonarik gabeko kutxak. Dena den, normalena bi aukerak egotea da. Lurgainek ez du horrelakorik ikusi oraingoz, hark auzoko dendetan erostea nahiago baitu, eta horietan ez da makinarik mostradorearen atzean, pertsonak baizik. Gonzalezek ikusi bai, baina ez ditu erabili. Kirol saltoki handi batean badira horrelako ordaintzeko makinak: «Egon nintzen azkenengo aldian bi aukerak ziren; orduan, langilearengana joan nintzen. Pentsatzen dut ohituko naizela ailegatzen denean», adierazi du.

Sakelakoarekin ongi moldatzen dira bai Gonzalez eta baita Lurgain ere. Lurgainek dezente erabiltzen ditu mezularitza aplikazioak: «Whatsapp talde pila bat ditut: familia, auzoko taldeak... Hori erabiltzen du gehien». Orain asko erabiltzen badu ere, onartu du hasieran kostatu zitzaiola: «Alaben bidez sartu nintzen honetan, haiek eskatuta. Baina gero konturatzen zara mila taldetan aritzen zarela, eta ongi datorrela».

Askotan seme-alabek bultzatzen dituzte gurasoak teknologietara. Lurgainek horrela erabili zuen autoa partekatzeko aplikazioa lehenbiziko aldiz. Kataluniara askotan joaten da, han familia baitu, baina inoiz ez zitzaion bururatu bidaia bestela egin zezakeenik. «Askotan ez dugu konfiantzarik gauza hauetan. Nola erabiliko nuen bada nik Blablacar? Alabak behin antolatu zidan kontu hori, eta, egia esan, oso ongi etorri zitzaidan. Orain moldatzen naiz».

Lurgainek azaldu duenez, denbora behar izaten da, egokitzapena: «Ez gara teknologietara ixten, baina kostatzen zaigu hastea eta fidatzea. Nik hasieran pentsatzen nuen: eta Zaragozan uzten banau autoak? Ez zara fidatzen, fidagarria dela egiaztatzen duzun arte». Gauza bera gertatzen zaio Gonzalezi: segurtasun faltak galarazten dio teknologietan sakontzea. Berdin dirua tarteko denean, berdin administrazio kontuetan. «Datuekin eta halako gauzekin, ez duzu okertu nahi, eta errespetua ematen dit administrazioko kontuak Internet bidez egiteak», esan du. Sinadura elektronikoaz galdetuta, ez daki zer den hori.

Karmentxu Gonzalez Txantreako banketxe batetik ateratzen. Andoni Canellada / Foku

Arrakala digitalaren aurrean, asko dira babesa seme-alabengan zein bilobengan bilatzen dutenak. Ondorengoak dituzten pertsonek egin dezakete hori, baina. Gainera, ez da erosoa beti laguntza eske ibiltzea. Gonzalez nekatu da besteen menpe ibili behar izateaz: «Geroz eta gutxiago jotzen dut seme-alabengana, lotsa ematen didalako. Ez dakit lotsa den, baina ez ditut gogaitu nahi. Neure kabuz moldatzeko beharra sumatzen dut teknologia berrien kontuan». Hala ere, jarraitzen du tarteka galdetzen. Ez soilik seme-alabei: «Bilobek asko laguntzen dute, eta pazientzia handiagoa dute. Inork ez dit inoiz aurpegi txarrik jarri, baina bada denbora bat gauza hauekin bizi garela, eta bada garaia moldatzeko».

Arrakala digitala badagoen arren, teknologiekin hazi ez direnek geroz eta barneratuago dute horietara moldatu beharra daukatela. «Nik lehen ez nion kasurik egiten honi, baina orain konturatu naiz ikasi beharko dugula. Horrek laguntzen du ikasteko jarrera hobea izateko», esan du Gonzalezek. Lurgainek berdin pentsatzen du: «Sakelakoarekin ongi moldatzen naiz. Tira, dena hobetu liteke, noski, baina bai. Eta zalantzarik badut, alabari galdetzen diot, gertu bizi baita».

Arrakala ixten

Arrakala gainditzeko, Gonzalezek hiztegia ere aipatu du. Batzuetan, teknologiari lotutako terminoak arrotz zaizkio: «Hitz batzuk aditu, eta zer demontre da hori? Aplikazioa, zer da hori? Hitza badakizu zer den, baina ez dakizu zehazki zertaz ari diren». Nafarroako Pertsona Nagusien Konfederazioak aipatu duenez, teknologiak erabiltzeko tailerrak egiten dituzte arrakala ixteko. Gainera, jende gaztearekin egitea nahiago dute, belaunaldiartekotasuna lantzeko. Ohartarazi dute emakumeen kasuan arrakala handiagoa izaten dela, batez ere lan munduan aritu ez direnen kasuan.

Sakelakoak izan daitezke autonomia lortzeko bidea. Gonzalezek bere esperientzia kontatu du: «Zerbait ez badakit egiten, ba probatzen dut; azkenean, zerbait borratzen badut nahi gabe, ba nirea da. Horrek beldurra galtzea ekarri dit». Izan ere, etxeko zein lantokiko ordenagailua partekatu egiten zuen, eta beldur handiagoa izaten zuen hanka sartzeko.

Gonzalezek eta Lurgainek argi dute teknologietara egokitzen eta ohitzen jarraituko dutela, baina, behar denetan, laguntza eskatuz. Lurgainek, adibidez, elkarrizketa aprobetxatu du kazetariari esateko itzulpenak egiteko aplikazioa ez dabilkiola. Euskara ikasten ari da, eta erabilgarri zaio. Berehala instalatu dute Elhuyarren itzultzaile neuronala. Horrela ere ixten da arrakala.

BERRIAn argitaratua (2020/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA