astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

ekonomia

HOZKA GOZOENA

Oihan Vitoria

HOZKA GOZOENA

Ia egunerokoa da borroka. Google eta Apple. Apple eta Google. Teknologia etxe erraldoien arteko gerraren bi protagonistak. Zein baino zein handiagoa. Zein baino zein zurrunagoa. Bi eredu, parez pare: batek, aniztasuna eta bizkortasuna dauzka bertute; besteak, leialtasuna eta samurtasuna. Bata bestea gabe, hala ere, ez da ezer. Lehia estu bezain gazi-gozora kondenatuta daude. Eta horren isla da Googlek munduko enpresa baliotsuenaren tronua lapurtu ziola hilabete hasieran 2011tik haren jabe izan denari, Appleri. Ez luzerako, alabaina: lidergoa galdu eta 24 ordu eskasera, burtsan zeukan tokia berreskuratu zuen Applek, Googleren kontura.

Geroztik, gora eta behera dira, baina Google egonkortu egin da Mountain View teknologiari esker, eta, orain, goitik begiratzen dio Appleri. 2010etik ez zion hozka egiten sagarrari. Googleren jabetza guztiak batzen dituen Alphabet konpainiak du errua: %9,4 igo du balioa, 570.000 milioi dolar pilatzeraino; Apple (535.000 milioi), Microsoft (425.000 milioi) eta Facebook (326.000 milioi) ditu atzetik. 13.000 milioiren aldea dago bi konpainia indartsuenen artean, eta Silicon Valleyren eredu agortzearen lehen sintoma izan daitekeela diote adituek.

Alphabeten aurkako joera eduki du Applek. Fakturazio markak hausten ari bada ere, ez da orain arte bezain indartsu hazten ari, eta haren balioa dezente apaldu da: %25 2011tik, kotizazio handiena zuen garaitik; orduantxe, Googleren eta Microsoften akzioak bezainbeste balio zuten Applerenek. Urtebetean, haatik, balioaren %18 galdu dute haren akzioek, eta oso bestelako jokaleku bati egin beharko dio aurre. Adituek Txinako eta telefono adimendunen merkatuaren makalaldiari leporatu diote Appleren gainbehera, eta, sektoreko beste enpresaren bat erosi ezean, bigarren tokiarekin konformatu beharko da. Lehiak mesede egin die bezeroei, teknologia berrien garapena azkartu baitu. Baina abiadura berean alda daiteke egungo paradigma nahasia: egun batetik bestera.

Bizkortasuna eta sinpletasuna ditu Googlek nortasun ikur. Motorolaren patenteak bereganatuta egin zuen jauzi saretik smartphone-aren merkatura, eta Androiden hornitzailea da, sakelako gehienek erabiltzen duten sistema eragilearena. Aurrea hartu dio hala Appleri. Google Glass betaurrekoekin errealitatea areagotua pizteko erronka du orain. Lehen bertsioak ez zuen ongi funtzionatu, eta merkatutik kendu zuen, Google Watch ordulari adimendunetan indarra jartzeko. Prozesatzaile berritua edukiko duen bigarren bertsioarekin lanean ari da Google; aurki merkaturatuko du.

Gailuek egin dute Apple ezagun. Baina asmatu, Applek ez du gailurik asmatu. Bazeuden ordenagailuak Applek Macintosh, eMac eta iMac egin aurretik; MP3 erreproduzitzaileak, duela hamabost urte iPod merkaturatu aurretik; musika sarean partekatzeko dendak, iTunes abiarazi zuenean; telefono adimendunak, iPhone kaleratu zuenean; eta tabletak, iPad aurkeztean.

Erabilerraztasuna eta kalitatea izan dira Appleren arrakastaren sekretuak. Gailuak norberaren senari jarraituta erabiltzeko aukerak eraman du gailurrera. Aldiz, Androiden aldean, badu gabezia esanguratsu bat: kosta egiten zaiola askotariko zerbitzuak uztartzea. Softwareak, hardwareak, ibilgailu autonomoak... Alphabeten bereizgarri dira, eta, horiei esker, laukoiztu egin ditu akzioak bi urte eskasean; Apple, berriz, sakelakoetara mugatu da. Zerbitzuetan hankamotz dabil: App Store, iTunes eta iBooks-ekin ez du aski. Bide berriak urratzeko sasoia iritsi zaio.

iPhone-ren menpeko?

Aplikazio berrien bitartez, bezeroek negozioarekiko duten pertzepzioa aldatu nahi du Applek. Asmo horiek, edonola ere, aspalditik datoz. Appleren arima Steve Jobsek ere honelaxe aitortu zuen 2011n, pankreako minbiziak jota zendu aurretik: «Teknologia bere kabuz ez da aski fruituak lortzeko eta hartzailearengan sentsazio positiboak eragiteko. Nahitaezkoa da arte liberalekin eta herritarrei gehien interesatzen zaizkien kontuekin hertsiki ezkontzea».

Eta ideia hori sendotuz joan da urteen poderioz. Izan ere, harrigarria eta zertxobait arraroa iduri lezakeen arren, Apple etxeari ez zaio batere gustatzen iPhone gailuaren sortzaile zuzentzat jotzea. Ez, behintzat, horregatik soilik.

Zuhurtziaz, baina behin baino gehiagotan errepikatu du honako hau Jobsi testigua hartu zion zuzendari eragileak, Tim Cookek: «Apple bakarrik da gai hardwareak, softwareak eta beste era bateko zerbitzuak uztartzeko. Apple sekula ez da izan hardware konpainia bat; sorreran ere ez». Mezua helarazteko narratiba eta filosofia moldatzeko premisa du AEBetako etxeak, iPhoneren menpeko ez dela ikusarazi guran. iTunes eta iCloud moduko zerbitzuak gailu izarraren salmentak baino bizkorrago hazten ari dira, baina txikiegiak dira oraindik, eta Applek denbora beharko du diskurtso berria gizartean errotzeko.

Inoiz izandako igoerarik ahulena eduki badute ere (%0,4), iPhone Appleren diru sarrera guztien %68 da gaur-gaurkoz: 74,8 milioi gailu saldu dira azken urtean, espero baino bi milioi gutxiago. Bide pozoinduagoa hartu du iPad-ek. Lidergoari eutsi arren, Appleren ardi beltza da. Salmentek %20 egin dute behera: iaz, 21,4 milioi saldu ziren; aurten, 16,1 milioi. Datuok agerian-agerian utzi dute Applek produktu apurtzaile baten premia larria daukala. Applek 5.500 milioi dolar patrikaratu ditu azken lauhilekoan zerbitzuei esker; salmenten %7 dira orotara. Konparaziorako, tarte horretan lortua Yahook urte osorako aurreikusitakoa baino gehiago da. Hala, zerbitzu horiei heldu nahi die Applek tronua berreskuratzeari ekiteko.

Alternatiba, sektoreko makulu

Wall Streeteko inbertsiogileak, ordea, ez dira Appleren iritzi berekoak: zerbitzuek aparteko etekinak sortzen dituztela ikusi arte ez dira arriskatuko, nahiago baitute zuzenean softwareak saltzen dituzten enpresetara jo. Hardware enpresatzat daukate Apple, konpainiako arduradunak kontrakoa sinetsarazten saiatu arren. Eta joera horrek eragin zitala izan du burtsan iaztik. Nahiz eta iPhone gailu arrakastatsuak salmenta markak hautsi, goia jo eta bumeran efektua jasan zuen merkatuko enpresa boteretsuenak. Lehen aldiz piztu ziren atzeraldian sartzeko alarmak, eta inbertsiogileek gogor zigortu zuten etenaldia: Applek balioaren laurdena galdu zuen, hain justu, orain urtebete.

Salbuespentzat jo zuten aditu askok, eta bada uste duenik Applek iPhoneren beheraldia ezkutatu nahi duela zerbitzuetan arreta ezarrita. Estrategiak kontrako eragina izan dezake. Berriki, dena dela, baieztatu egin dira susmo txarrak: azken hiruhilekoan, aurrekoan baino %1 iPhone gutxiago saldu zituen Applek. Aurreneko begi kolpean anekdotikoa dirudi datuak, baina Applek berak serio hartu du: ohartarazi du konpainiaren sarrerek 2003az geroztiko lehen jaitsiera paira dezaketela urteko lehen hiruhilekoan.

Apple bere oihartzunaren biktima izan da neurri batean. Garai batean enpresa alternatiboa zen, Bill Gates eta Microsoft ahalguztidunen alternatiba errazagoa, eleganteagoa eta garestiagoa. Bi lagunek garaje batean sortua, joera nagusietatik bereizteko aukeretako bat. Egun, Apple bihurtu da munduko teknologia enpresen ikur, eta lehiakideak bere hotsera dantzan egitera derrigortu ditu.

Dibertsifikazioa lehentasun

Guztia ez dira argiak izan, ostera: Apple III, Lisa eta Cube ordenagailuak eta Apple TV, iMac eta iPhone telefonoaren antena arazoak daude Appleren porrot komertzialen artean. Huts horiei zukua ateratzen eta dibertsifikazioa lehenesten asmatu du Googlek: YouTube, Chrome, Maps eta Android dira Alphabeten diru iturri nagusiak, Googleren zuzendari eragile Sundar Pichaik dioenez: «Aniztasuna dugu oinarri».

Arerioaren erreinuari so

Appleren Interneteko negozioa kontsumitzaileen erosketetan oinarritzen da bereziki, eta nekeza zaio Silicon Valleyko arerioekin lehiatzea, publizitatearen bitartez lortutako diruari esker antzeko produktuak doan eskaintzen baitituzte. Doakotasun hori ez da erreala, Cooken aburuz: «Erabiltzaileek ez dute sosik ordaintzen sareko zerbitzu horiengatik, baina trukean euren zati bat ematen diete enpresa horiei, gehiago aberastu daitezen. Erabiltzailea produktu bihurtzen dute». Googlek eta Facebookek, esate baterako, erabiltzaileen datu pertsonalak aprobetxatzen dituzte —posta elektronikoa eta bilaketak, besteak beste— merkatuan produktu adierazgarriak iragartzeko. Applek, aldiz, ez du halakorik egiten.

Luca Maestri finantza zuzendariaren hitzetan, Applek ez du galdu erabiltzailerik App Store dendetan: mila milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago zenbatu ditu azken 90 egunotan. Google erabat nagusi den erreinuan, halere, Applek asko du galtzeko, eta hasia da amore ematen. Publizitatean zer eginik ez duela ikusita, urtearen erdialdean iAd publizitate plataforma itxiko duela aurreratu berri du, «lehiakideengandik aldendu» eta erabiltzaileei pribatutasun handiagoa emateko asmoz.

Sareko iragarkiei, galga

Estrategia berrituko du hala Applek, eta sistema eragilearen tripak garatzen jarriko du berebiziko indarra aurrerantzean; iOS sistema eragileak askoz diru sarrera handiagoak eragiten dizkio Appleri Androidek Googleri baino.

Hain zuzen, Googleren menpeko diren publizitatearen presentzia gutxitzeko neurriak hartzen hasia da Apple: iragarkiak agertu bezain pronto horiek blokatzeko aukera emateaz aparte, iOS 9 sisteman publizitatea geldiaraztea lehenesteko modua emango du Safari bilatzailean. Googlek etxean jokatzearen abantaila dauka, irabazi gehientsuenak (%90) iragarkietatik eskuratzen baititu.

BERRIAn argitaratua (2016/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA