astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

bizigiro

MERCEDES SANCHEZ SAINZ

«Ikasle bakoitzari aske izateko tresnak eman nahi dizkiogu»

June Prieto

«Ikasle bakoitzari aske izateko tresnak eman nahi dizkiogu»

Mercedes Sanchez Sainz (Madril, 1969) Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea da, eta hezkuntza sisteman queer pedagogia aplikatzeko tresnak proposatzen dituzten hainbat ikerketa liburu argitaratu ditu. Mondragon Unibertsitateak Bilbon antolatutako jardunaldietan izan da, Zer dira queer pedagogiak? Pedagogia eraldatzeko gakoak txostena azaltzen.

Queer hitza gero eta gehiago entzuten da; zer esan nahi du zehazki?

Queer hitzak arraroa esan nahi du. Kale mugimendu bat da, eta 1980ko hamarkadan sortu zuten, gehienbat emakume latino eta txikanoek. Haiek esaten zuten ez zirela LGTBI mugimendu normatiboarekin identifikatzen, ezberdinak zirela. Queer terminoak sexu eta genero joeren gaia biltzen du, baina klase, etnia, arraza eta kapazitismo ezberdintasunak ere biltzen ditu. Terminoa internazionala da. Normaltasunean hezten ez duen pedagogia bat da: ez dut behartuta egon nahi ume guztiak kutxa berean sartzera.

Gaur egun zein da umeek daukaten kutxa normalizatzailea?

Kutxa horrek pribilegioak dakartza zenbaitentzat, eta zapalkuntzak beste batzuentzat. Galdetzen badizut nork dituen pribilegio gehiago, gizena den norbaitek ala argala den batek, zuriek ala arrazializatuek, pobreek ala aberatsek... gure buruan berehalakoan erantzuten dugu. Ezin dugu onartu goitik datorren hegemonia hori, erlijioak, politikak, medikuntzak edo kapitalismoak finkatzen duena. Haiek esaten digute zer den normala izatea eta zer ez. Hezkuntza sisteman ikasle bakoitzari aske izateko tresnak eman nahi dizkiogu.

Uste duzu gaur egun beharrezkoa dela queer pedagogia aplikatzea?

Uste dut beharrezkoa dela egungo hezkuntza politika apur bat queer bihurtzea. Hezkuntza hau guztiz aldentzen da zisgenero, normatibo eta kapazitista den orotik. Erabili ahal dira praktika batzuk, irudimentsuagoak. Prozesu afektibo baten bitartez azaleratu behar dugu zeintzuk diren gure ikasleen zapalkuntzak eta pribilegioak. Alde batetik, emakumea, lodia eta ardi ileduna izan ahal naiz; horiek izango lirateke nire zapalkuntzak. Baina, beste alde batetik, zuria naiz, unibertsitateko irakaslea, eta ondo heltzen naiz hil amaierara: horiek izango lirateke nire pribilegioak. Ezinbestekoa da horrelakoak gure ikasleengan ikustea, konpentsatu ahal izateko.

Hezkuntzaz ari zarenean, zertaz ari zara, hezkuntza formalaz ala ez formalaz?

Zailagoa iruditzen zait pedagogia queer-a hezkuntza formaletan aplikatzea, itxiagoak direlako, eta arau gehiago dituztelako. Baina edozein hezkuntzatan aplikatu daiteke; nik momentu oro egiten dut, nire unibertsitate klaseetan, adibidez. Galdetu diozu noizbait zeure buruari zer epai egiten dituzun kalean zoazenean?

Zer da zure unibertsitate klaseetan egiten duzuna?

Lehenik, ez diot garrantzirik ematen ikasleek jesarrita egon behar izateari; ez dut oholtza erabiltzen hitz egiteko; haien bizitzaz arduratzen naiz; eta ikasgelatik kanpo ekintza gehiago egiten saiatzen naiz. Nire asmoa da ikasleen eraldaketa pertsonala bultzatzea hezkuntzaren bitartez, eta hori ezinezkoa da irakasleak ez baditu zalantzan jartzen bere pribilegioak.

Uste duzu queer pedagogia egingarria dela?

Utopikoa da. Baina horrek ez du esan nahi ezin garela gutxinaka gauza batzuk aldatuz joan. Irakasle moduan, ausartu behar dugu gure zapalkuntzak ikusaraztera eta gure pribilegioak zalantzan jartzera. Zer gertatuko litzateke zehaztutako identitateak zalantzan jarriko bagenitu? Aldaketa txikiak handi bihurtzen dira denborarekin.

BERRIAn argitaratua (2020/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA