kirola
ANE SANTESTEBAN
«Zaila da, baina lasterketa bat irabaztea da nire helburua»
Mikel Rodriguez
Neguko prestaketari azken ukituak ematen ariko zara, ezta?
Otsailaren 9ra arte Calpen [Herrialde Katalanak] egongo gara kontzentratuta, Valentzian lehenengo lasterketa hasi arte. Taldekideekin entrenamenduak oso gogorrak izaten dira, ordu dezente irauten dute. Urte oso garrantzitsua da, eta nahiko nuke denboraldia beste urteetan baino indartsuago hasi. Horretarako, azkenean, neguan ez dago besterik: kilometro eta lan asko egin.
Iazko urrian korritu zenuen azkeneko proba, Italian. Zer egin duzu neguan?
Urriko lehenengo asteburuan egin nuen azkeneko lasterketa, eta gero bi aste igaro nituen ezer egin gabe; hau da, kirolik batere egin gabe. Gero hasi nintzen pixka bat mendian ibiltzen, igeri egiten... horrelako kiroletan, eta bizikleta bakarrik astean bizpahiru egunetan. Azarotik aurrera bai, kilometro dezente egin ditut astero. Azkeneko asteetan 21 edo 23 ordu inguru astean bizikletan, esan dizudan bezala aurten lehenengo lasterketetan ondo ibili nahi dudalako, Olinpiar Jokoetara nor joango den jokoan baitago.
Zer moduzkoa izan zen iazko denboraldia? Postu dezente egin zenituen lehenbiziko hamarretan.
Balorazio oso positiboa egin dut. Azkeneko urteetan [Italiako] Giroan eta horrelako lasterketetan aurrean ibili nintzen, baina sentitzen nuen urte amaieran eta beste lasterketetan nire maila txikiagoa zela. Horregatik, erregulartasuna lortu nahi nuen, eta uste dut iaz hori lortu nuela. Urte hasieratik azkeneko lasterketara arte nahiko ondo ibili nintzen, eta, esan duzun bezala, lehenengo hamarretan askotan egin nuen. Munduko onenekin lehian zabiltzanean, uste dut lehenengo hamarretan sailkatzea oso ondo dagoela.
Profesionaletan garaipen bakarra duzu, 2013ko Espainiako Txapelketa. Garesti dago lasterketak irabaztea, ezta?
Oso garesti, oso. Neska asko gaude, eta urtero gero eta gehiago oraindik. Maila gorantz doa, eta oso zaila da irabaztea. Nire helburua hori da, lasterketa bat irabaztea. Zaila da, baina ea lortzen dugun.
Azken urteetan Italian ibili ondoren, iaz Alemaniako talde batera aldatu zinen. Aldaketa handia izan al zen?
Bai, asko aldatzen da. Kultura aldetik oso ezberdinak dira. [Alemaniakoek] Esaten badute entrenamendua bederatzietan dela, bederatzietan da; ez bost minutu lehenago, ez bost minutu geroago. Sekulakoa da nola eraikitzen duten dena, eta oso gustura egon naiz. Hasieran gogorra zen, Italian, Euskal Herrian eta Espainian nahiko antzekoak baikara; alemanak, ordea, ezberdinak dira. Baina oso urte ona izan da, eta hor jarraitzeko gogoa dut.
UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak World Tour mailarako zortzi lizentzia eman zituen, eta horien artean ez dago Ceratizit-WNT. Nola eraginen dizue horrek?
Ez digu eragingo, [taldeak] ez baitzuen eskatu ere egin. Ez da ezer aldatuko, gu lasterketa guztietan egongo gara, lehengo urtean bezala.
Denboraldia Valentzian hasiko duzu, hortaz. Zer egutegi duzu?
Valentziako Itzulian hasiko naiz, otsailaren 9an. Nire hasierako helburuak izango dira Valentziako Astea [otsailaren 20tik 23ra] eta Castelloko Itzulia [otsailaren 28tik martxoaren 1era]. Gero, taldearekin Toscanara [Italian] joango naiz hamabost egunerako, eta ondoren egingo ditut Cittiglio [Alfredo Binda Saria], eta, urtero bezala, Ardenak. Horien ondotik etorriko dira Durango, Burgos, Eibar... Egia esan, aurten Espainian proba asko dauzkagu, eta aprobetxatu behar da hori.
Hasieran erran duzu Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi duzula. Denboraldiko helburuetako bat duzu, beraz.
Bai. Bi toki dauzkagu [Espainiako selekzioan], eta lau neskak daukagu hor egoteko aukera. Horregatik, urtea ongi hasi nahiko nuke toki horietako bat lortzeko.
Taldeak zer helburu jarri dizu?
Urte hau oso garrantzitsua eta ezberdina da; horregatik, taldearen helburua da ahalik eta neska gehien egotea Olinpiar Jokoetan. Horretarako, babes guztia emango digute Lisari [Brennauer], niri eta beste neska batzuei gure helburuak ahalik eta hoberena lortzeko, eta ahal bada han egoteko.
Ceratizit-WNTk lider sendoak ditu, ezta?
Bai, Kirsten Wild eta Lisa Brennauer.
Eta haien inguruan egituratuta dago taldea, edo baliabide gehiago erabiltzen dituzue?
Lasterketaren arabera erabakitzen da. Adibidez, World Tourreko lasterketetan —Flandrian, Ardenetan eta horrelakoetan— lider bat aukeratzen dugu, eta neska horrentzat lan egiten dugu. Baina beste larteketetan besteoi aukera ematen digute.
Zer-nolakoa da zuzendaritza taldea?
Dirk eta Bernhard Baldinger aita-semeak daude taldean; Dirk txirrindularia izan zen [Polti eta Telekom taldeetan korritu zuen 1990eko hamarkadan]. Eta aurten Carmen Small fitxatu dute, erlojupekoan oso espezialista ona izan zena. Oso pozik nago bera gurekin dagoelako. Ni erlojupekoan nahiko kaskar ibiltzen naiz, ez zaizkit gustatzen, eta, horrelako neska garrantzitsu bat edukita, asko lagunduko digu bai niri, bai Erica Magnaldiri, laguntza behar baitugu.
World Tourrak 21 proba ditu. Hamabortz klasikoak dira, eta sei, berriz, itzuliak. Italiako Giroa da luzeena, hamar etaparekin, eta gainerako gehienek bi eta lau etapa artean dituzte. Konforme zaude egutegi horrekin, edo motz gelditzen da?
Kontuan hartu behar da nesken taldeetan mutilenetan baino txirrindulari gutxiago garela; mutiletan hogeitik gora izan ohi dira, eta gurean hamabi edo hamalau. Horregatik, uste dut nahikoa dugula. Badugu non aukeratu.
Aurten ez da Emakumeen Birarik eginen. Kolpe bat izan da?
Bai, oso gogorra. Niri asko gustatzen zaidan lasterketa bat da, eta, egia esan, txirrindulari gehienei gustatzen zaie. Kanpoko taldeek beti etorri nahi dute Emakumeen Birara, oso lasterketa polita da, urte askotan egindakoa, eta aukera gutxi egoten da Euskal Herrian familiaren eta lagunen artean ibiltzeko. Horregatik, pena da horrelako lasterketa bat galtzea, eta espero dut hurrengo urtean berriro etorri ahal izatea.
Pozteko motiboren bat ere izan duzue euskal txirrindulariek, iaz lehenbiziko aldiz korritu zenuten Donostiako Klasikoa. Berezia izanen zen zuretzat, etxeko errepideetan lehiatuta.
Bai, noski. Txikitatik beti egun-pasa joan izan naiz Jaizkibelera, beti egon naiz lasterketa ikusten, eta lehengo urtean irteeran egote hutsa sekulakoa izan zen. Aurten, ordea, Olinpiar Jokoekin batera izango da; beraz, sentitzen dut, baina espero dut Donostian ez egotea [irri egin du].
Hala ere, Euskal Herrian lasterketa gehiago eginen dira.
Bai, Durango-Durango egingo dut, eta aurten Eibarren lasterketa berri bat edukiko dugu. Espainian eta Euskal Herrian egingo diren lasterketa gehienetan egongo naiz. Niretzat oso berezia da etxean egiten diren lasterketetan parte hartzea.