astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

bizigiro

Berogailuak itzali, planeta pizteko

Nagore Arin

Berogailuak itzali, planeta pizteko

Neguan erabili ohi dituzte bereziki. Bolada hasi zenean, hirietan bakarrik erabiltzen zituzten; egun, edozein txokotan. Kafetegi, edaritegi eta ostatuetan jartzen dituzte sarri: terrazetan, kanpoan zerbait hartu nahi duen bezeroari berotasuna eman eta hori amaitzen ari deneko denbora tartea atseginago egiteko asmoz. Terrazetako berogailuak dira, eta, horiei buruzko eztabaida berria ez baldin bada ere, azken asteotan berriro piztu da; izan ere, Bretainiako Roazhon (Rennes) hirian debekatu egin dituzte. Klima larrialdiari aurre egiteko ingurumen trantsizio ekologikoan hartutako neurrien harira hartu dute erabakia. Hala, Roazhon terrazetako berogailuen erabilera galarazi duen Bretainiako lehen hiria bihurtu da: 200.000 biztanle baino gehiago ditu.

Euskal Herrian piztuta zegoen berogailu horien inguruko eztabaida. Eguzki erakunde ekologista izan zen aitzindaria, 2011. urtean: orduan galdegin zion lehen aldiz Donostiako Udalari ez emateko baimenik terrazetan berogailuak jartzeko. Orain, Roazhon hirian berogailu horien erabilera galarazi izana baliatu dute gaiari berriro heltzeko. Juan Mari Beldarrain erakunde horretako kidea da, eta, esan duenez, «energia asko xahutzeaz gain, kutsadura handia sortzen dute berogailu horiek». Horregatik galdegin dute berriz ere Donostian berogailu horien erabilera galarazteko: «2011. urtean argudio berbera erabili genuen. Kalean barrena zoaz, eta horrelako erregailuak ikusten dituzu; erregai fosilak erretzen, alboan dagoen pertsona bat berotzeko, edo gehienez hiru... Xahubide izugarria da».

Albistearekin batera, berogailu horien kontsumoari eta kutsadurari buruzko hainbat datu argitaratu dituzte hedabideek. Carbone 4, adibidez, trantsizio energetikoan espezializatutako aholkularitza enpresa bat da, eta, egin duen ikerketa baten arabera, «egunean zortzi orduz funtzionatzen duten lau butano berogailuz hornitutako terraza batek 350 kilometro egiten dituen auto batek adina kutsadura sortzen du». Negawatt erakundearen arabera, berriz, «elektrizitatearen bidez berotutako terraza batek hamabost etxetako ordenagailu, telebista eta garbigailuek urte batean kontsumitzen duten energia bera kontsumitzen du». Beldarrainen hitzetan, datu horiek nahikoa dira egoeraz jabetzeko: «Sentsibilitatea baldin baduzu, ohartzen zara honi balazta jarri behar zaiola».

Kutsaduratik harago

Alvaro Campos EHUko Energia Berriztagarrien Ingeniaritza graduko irakaslea da. Makina eta motor termikoen sailean egiten du lan, eta, haren esanetan, «butanoz eta propanoz eginikoak dira gehien kutsatzen duten berogailuak». Irakasleak azaldu duenez, gas kutsagarri horien artean egongo lirateke karbono dioxidoa, nitrogeno oxidoa eta sufre oxidoa: «Karbono oxidoa ez da zuzenean kaltegarria gizakiaren osasunarentzat, baina beste biak, aldiz, bai. Ez da kausa-efektu erlazio zuzen bat existitzen, baina denboraren eraginez gertatzen da». Hala ere, badira beste mota bateko berogailuak: elektrikoak. Camposen arabera, horiek garestiagoak dira, «berogailu elektrikoen kostua butanoa edo propanoa erabiltzea baino bi edo hiru aldiz handiagoa baita». Kutsadurari dagokionez, elektrikoek beste era batera funtzionatzen dutela azaldu du: «Besteen funtzio bera dute, terraza berotzea, baina terrazaren eremu jakin hori kutsatu gabe. Horrek ez du esan nahi kutsatzen ez dutenik; izan ere, elektrizitate hori egitean sortzen da kutsadura hori».

Berogailu elektrikoen funtzionamenduan sakondu du; izan ere, kutsadura hori inguru hurbilean sortzen ez duenez, onargarriagoak direla uste du jendeak. Camposen hitzetan, kalkulua egin beharko litzateke, baina berogailu elektrikoak egiteak ere gas emisio «handiak» eragiten ditu: «Berogailu elektrikoek emisio kutsagarri horiek deslokalizatzen dituzte; butanoz eta propanoz eginiko berogailuek, berriz, eremuan bertan eragiten dituzte kalteak». Beste aukera bat da berogailu horiek energia berriztagarrien bidez eginik egotea, baina ez da ohikoena izaten. Beldarrainen iritziz, «onargarriagoak» izango lirateke azken horiek, baina «pedagogikoki gauza bera» ekarriko luke horiek erabiltzeak: «Aisiarekin lotuta dagoen gailu bat da, eta irudia oso adierazgarria da; berogailuaren ondoan esertzen dira, eta, bitartean, freskagarri bat hartzen ari dira; paradoxa izugarria da. Premiarik ez duen luxu bat da. Kaleko airea berotzea da xedea... eta lau segundotan joaten da bero hori». Bat dator Campos ere: «Kalea berotzearen kontzeptu hori zentzugabea iruditzen zait».

Ostalarien eta tabernarien belarrietara ere iritsi da albistea. Chez Txotx ostatua Baionan dago, eta, Reginald Guex langilearen iritziz, «neurri horrek ez du ez bururik ez hankarik, ez bada beste neurririk hartzen horrekin batera». Urteak daramatza ostatu horretan lanean, eta duela bost urte inguru jarri zituzten berogailuak. Begirune berezia dio ingurumenari; «bizikletaz bakarrik» ibiltzen da, eta ez du ulertzen terrazetako berogailuen debekua mintzagai izatea: «Terrazetako berogailuak oso ongi daude horrela, eta hala segituko dugu gure hiriak baimentzen duen bitartean, gure bezeroen ongizatearen alde. Haiek gabe [berogailuak] ezingo genuke terrazarik ukan». Guexen aburuz, beste hainbat gauza egin beharko lirateke berogailuen erabilera debekatu baino lehen: «Has gaitezen lehenik askoz ere gehiago kutsatzen dutenekin. Bizikletaz nabilela bazter orotan ikusten ditut gauza askoz ere kutsagarriagoak. Autoz ibiltzeari uzten diogun egunean, orduan bai, mintzatzen ahalko gara terrazetako berogailuak debekatzeaz».

Tonu arinagoan hitz egin du Oñatiko (Gipuzkoa) Bizipoz kafetegiko Eneritz Agirrebaltzategi langileak. Duela bi urte inguru jarri zituzten terrazetako berogailuak: «Terrazari bizi apur bat emateko jarri genituen berogailuak; jendeak ohitura du berogailuen ondoan eseri eta haiek erabiltzeko». Erantsi duenez, gailu horiek tresna erabilgarriak dira jendea kafetegira erakartzeko, eta, «gastu handia» dakarten eta «asko kontsumitzen» duten arren, ekonomikoki errentagarria da balantza hori: inbertsio gisa ikusten ditu. Ez zuen Bretainiako hiriko debekuaren berri, baina, erabakiaren arrazoia kutsadura izanik, ez zaio gaizki iruditzen galarazi izana. Hala ere, «iritzi kontrajarriak» ditu: «Guretzat galera handia izango litzateke berogailu horiek debekatzea. Gure lokala oso txikia da, eta jendeak kanpora irteteko joera du, terrazara. Kutsadurari dagokionez, ongi iruditzen zait debekatzea, baina, azkenean, negozio batentzat txarrerako izango litzateke».

Erabileraren gorakada

Beldarrainen ustez, ez da kasualitatea terrazetako berogailuen afera 2011. urtean zabaldu izana; izan ere, urte horretan jarri zen indarrean Tabakoaren Aurkako Legea. Haren hitzetan, lotura estua dago lege horren eta berogailu horien erabileraren artean: «Tabakoaren Aurkako Legearen harira dator, erretzaileak kanpora atera behar hori leundu eta horiei erraztasun ugari emateko». Hala ere, zerrendatu ditu beste hainbat arrazoi ere: «Terrazek gaur egun baino heren bat gutxiago okupatzen zuten lehen [2011. urtean], eta, Tabakoaren Aurkako Legea dela eta, turismoa dela eta, ohiturak aldatu direla eta... espazio publikoaren nolabaiteko okupazioa ugaritu egin da. Berogailuen kopurua handitu egin da, terrazen kopurua ere handitu egin delako; bata eta bestea elkarren eskutik doaz».

Eguzkiko kideak gehitu duenez, ez du uste Bretainiako Roazhon hirian berogailu horien erabilera galarazi izanak «domino efektua» eragingo duenik: «Kosta egiten da erabakia hartzea; bezeroak galduko ditugula, jendea deseroso egongo dela...». Begi onez ikusten du berogailuak debekatzeko neurria hartu izana, eta lehena izateko behar den ausardia azpimarratu du: «Neurri bat hartzen lehena izatea kosta egiten da, gehienbat neurri hori erosotasunaren aurka doanean. Batzuk besteen erabakiaren zain egoten dira antzeko erabakiak hartzeko, baina ez dut uste, zoritxarrez, domino efektua izango duenik». Roazhon hiriko agintariek erabaki hori hartu izana goraipatu du Campos irakasleak ere: «Klima larrialdiaren garaiotan, horiek bezalako neurri adoretsuak hartu behar dira. Jakina, horrek eragina du jendearen erosotasunean. Jendea berogailu horietara ohitu da, eta ez du zalantzan jartzen haien egokitasuna. Orain, informazioa dugula, ohitura horiek aldatzeko erantzukizuna dugu».

BERRIAn argitaratua (2020/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA