astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

politika

Memoria ariketa historikoa

Jone Bastida Alzuru

Memoria ariketa historikoa

«Etorkizun bat eraiki nahi dugu, baina oroimen batetik abiatuta. Sufrimendu guztiak aitortzea izan da helburu nagusia». Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzak dira. Egia, justizia eta erreparazioa. Helburu horretatik abiatuta, memoria ariketa historikoa egin dute Azpeitian, eta 1936 urtetik gaur egunera arte izandako giza eskubideen urraketak bildu dituzte lau liburutan. Sei urteko ikerketa mardularen emaitza izan da, Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean burutua. Horrela, aldi edo garai hori osorik hartuta urraketak jaso dituen lehen udala izan da. «Konpromiso sendo bat dugu memoriarekin», ziurtatu du Alkortak.

36ko gerra lehertu zen unea hartu dute abiapuntutzat, eta Bigarren Errepublika, gerra bera eta «Lehen Frankismoa» deitu ohi zaion etapak aztertu dituzte aurreneko alean, 1936tik 1945era, hain zuzen. Aldi historiko nahasia izan zen. Sistema demokratiko errepublikarrak ekarri zituen eskubide eta askatasunen zuzeneko lekukoak izan ziren herritarrak, baina baita gerrak eta frankisten garaipenak eragin zuten errepresioaren testigu ere. Hala, ordutik 2017ra arte jasandako giza eskubideen urraketak jaso dituzte. «Jakin behar dugu zer gertatu zen, ezinbestekoa da. Beharrezkoa da jakitea zenbat pertsonak sufritu zuten, nola izan den. Gauzak nola maneiatu behar ditugun ikasi behar dugu hortik», azaldu du Javi Buces ikerketa egin duen historialariak. Horrez gain, memoria osoa egitearen garrantzia azpimarratu du: «Ezin dugu memoria partzial bat egin. Hemen daude datu guztiak. Orain, bakoitzak bere hausnarketa egin behar du».

Ikerketa herritarren memoria ahanzturatik askatzeko saio bat izan dela azaldu du Alkortak: «Iraganik gabeko edota oroimenik gabeko herri bat ez da posible. Egiaren transmisioa posible egingo duen lan baten aurrean gaude, eta uste dugu horrelako ikerketa batek oinarri bat jartzen digula gure arteko zubi horiek eraikitzeko». Eskubide urraketa asko isilik geratu direla dio, eta lan horrekin «tabu» izan diren gai asko mahai gainean jarri dituztela. «Iraganean gertatutakoaren inguruan ikasi egin behar dugu. Etorkizuna egiaren baitan eraiki behar da, hori da justizia egiteko benetako bidea». Horrela, giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztiei «aitortza publiko bat» egin nahi izan dietela nabarmendu du.

Memoria historikoa nahiz hurbila ikertu dituzte, gertakari orokorrak nahiz zehatzak. Alkortaren arabera, liburuan agertzen diren giza eskubideen urraketak herritar askoren bizitza baldintzatu zuten, eta baldintzatzen jarraitzen dute. «Jende askorengan min hori oraindik bizirik dago, modu desberdinetan». Bat dator Buces ere: «Sufrimendu asko egon da, eta oraindik ere badago».

Izen abizenak historiari

Ikerketa liburu sorta soil batetik haratago doa Azpeitian egindako memoria ariketa, eta historiari izen abizenak jartzea izan da asmoetako bat. «Gure ideia ez da historiako liburu bat egitea, baizik eta izen abizenak jartzea», azpimarratu du Bucesek. Historiari buruz lan ugari daudela dio, horietan «bataila» kontatzen delarik: zer gertatu zen gerran, zein ziren autoritateak frankismo garaian… «Hori jada badakigu. Jendeak nahi zuen jakitea zein izan ziren errepresioa sufritu zutenak, izen abizenekin», azaldu du.

«Erradiografia» bat bezala definitu du liburu bilduma historialariak, eta «mikroistorio» ugariz osatuta dagoela azaldu du. Egindako bidean, orokorrean, jendea hitz egiteko gogoarekin edo beharrarekin sumatu duela dio, baina ez da guztien kasua: «Badaude sufrimendu edo urraketa batzuk ez direnak oso argiak, eta jendeari asko kostatzen zaio kontatzea. Adibidez, gertuko memorian izandako estortsio ekonomikoa edota tortura kasu batzuk. Denbora pasatu behar da».

Aldiz, bestelako sentipen bat dute, esaterako, 36ko gerra eta frankismo garaia bizi zutenek: «Jendea jada zaharra da, bere seme alabek badakite zerbait, eta hil baino lehenago badago kontatzeko gogoa, baina baita beldurra ere. [Angel] Otaegiren familia, adibidez, beti dago prest bere sufrimendua kontatzeko». Erregimen frankistaren amaieran fusilatu zuten Angel Otaegi Etxeberria, 1975. urtean. Armak hartzea eta gorri separatista izatea egotzi zioten. Horrez gain, izan zen frankismoan beste azpeitiar fusilaturik: Jose Miguel Aranguren Odriozola. 1938. urtean fusilatu zuten, Bilbon. Oraingo honetan ere, akusazioa berdina izan zen: gorria izatea.

Errepresioa

Mota guztietako errepresioa pairatu zuten Azpeitiko herritarrek, eta horren adierazle dira liburu horietako datu eta kontakizunak. Aldi guztietan, ordea, ez zen berdina izan errepresio mota: «Liburuetan egiten den zatiketa ez da oso formala. Frankismoa, esaterako, frankismo bakarra da, baina metodologikoki errepresioa ez da berdina», azaldu du Bucesek. Errepresio zuzena nagusi zen frankismoko lehen zatian: fusilatuak, kartzelatuak, erbesteratzeak eta abar. Gero, 1945etik 1960ra, estigmatizazio sozialak hartu zuen tokia: «Dena isiltasunean dago. Zergatik? Oposizioa erbestean edo lurperatuta dagoelako. Euskararen kontra egin zen, jendeak ezin zuen hitz egin askatasunarekin, batzuk ezin zuten bozkatu, eta gainera, hor hasi zen gaur egun ezagutzen dugun beste errepresio mota bat: ekonomikoa. Itzal hori frankismo garaian hasi zen. Familia gutxik dena daukate, dena antolatzen dute. Hori mantendu egin zen frankismoa eta gero».

Belaunaldi berria iritsi zen gero, eta horrekin batera, errepresio zuzena itzuli zen: «Beste generazio bat sartu zen fabriketan edota ikastoletan, elkarte kultural berriak eraiki ziren eta abar. Berriro hasi zen frankismoko oposizioa, eta errepresio zuzena izan zen erantzuna». Espainiako estatuko oposizio garrantzitsuena Euskal Herrian izan zela nabarmendu du ikerlariak, eta bi ardatz azpimarratu ditu: «borroka soziala» eta «aldarrikapen nazionala».

Emandako tratamendua ezberdina izan da garaiaren arabera. Horren arrazoiak azaldu ditu Bucesek: «Lehenengo Frankismoari buruz adostasun bat dago Euskal Herri mailan. Hau da, errepresioa egon zen. Frankismoa diktadura bat izan zen, eta jakin behar dugu zer gertatu zen. 60tik aurrera, baina, sentsibleagoa da. Ez dago hainbeste lan artxiboetan, baina jende gehiagorekin tratatu behar duzu, elkarrizketa gehiago daude». Emaitzan ere badu eragina: «Lehen liburuan, kontaketa bat dago: zer gertatu zen, nola izan zen eta abar. Trantsizio garaiko alea, aldiz, txosten bat bezalakoa da. Bertan ez dago adjektibo kalifikatzailerik. Sentsibilitate handiarekin jokatu behar duzu».

Emakumeen historia

«Ematen du gerra gizonen historia dela. Beti gizonak agertzen dira: batailan, udaletxean… politikariak ere beti gizonak dira», aitortu du Bucesek. Honako galdera bota du ondoren: «Baina, nola kontatzen dugu emakumeen historia?». Emakumeek ere bizi izan baitzuten gerra, eta horrek eragindako zapalkuntza, oinaze eta ondorio lazgarrien lekuko izan ziren.

«Historialariok, normalean, paperak behar ditugu», onartu du ikerlariak. Errepresio zuzenaren paperak daudela dio: «Artxibo militarretan badaude gerra kontseiluak». Baina, orduan, nola azaldu emakumeek jasandako errepresioa?. «Guk badakigu haiek ere asko sufritu zutela. Emakume asko bakarrik geratu ziren. Hainbat elkarrizketa egin ditugu, eta zuzenean esaten ez duten arren, badakigu zer gertatu zen. Historia hori kontatzea oso zaila da. Ezinezkoa da kuantifikatzea».

Bi bide hartu dituzte ikerketa prozesuan: alde batetik, dokumentazio guztia arakatu eta jaso dute artxibo militarren, tokiko artxiboen, eklesiastikoen eta besteen bitartez. Bestalde, zuzeneko harremana ere baliatu dute; hainbat elkarrizketa egin dituzte. Alabaina, ez da guztiz samurra izan datu guztiak inguratzea: «Tokiko artxiboetan ez dago informazio guztia, paper asko desagertu egin ziren». Ez da izan talka egindako zailtasun bakarra. Izan ere, artxibo militarrak azken urteetan pixkanaka ateak irekitzen hasi badira ere, orain arte zaila izan da lortzea. Horrez gain, 1960tik aurrerako aldia ikertzeak bazuen traba erantsi bat: euskal gatazka hasten denez, agirizainari edota estatuari gehiago kostatzen zaio irekitzea artxibo militarrak edo polizialak. Halaber, legez 50 urte pasatu behar dira izenak argitaratzeko.

Etorkizunera begira

Horrelako lanekin bizikidetzako oinarri batzuk jartzen dituztela azaldu du Azpeitiko alkateak: «Oinarrizko eskubide horiek aldarrikatuta, gure herria eraikitzen segitzeko lanketa horretan ari gara». 1936tik gaur egunera arteko urraketak bildu dira, baina ez da eten soka. Alkortak ohartarazi du oraindik ere urraketak pairatzen dituzten pertsonak daudela, eta presoen gaia ekarri du gogora. «Lanean segituko dugu. Hemendik aurrerako ikerketarekin jarraitu nahi dugu».

BERRIAn argitaratua (2020/01/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA