bizigiro
NOELIA JIMENEZ
«Produktu ona dela transmititu ezean, ez da salduko»
Lander Muñagorri Garmendia
Iragarkiak idazten dituena da copywriterra. Beste anglizismo bat?
Betitik existitu da, baina orain eremu digitalera pasatu da. Gu aldatu gara, mundua aldatzen ari da, eta erredakzio modua ere bai.
Mezua berdin eman behar da? Motz eta zuzen?
Hori da, betidanik egin den bezala.
Zure webgunean diozu hamar segundo behar direla testua irakurri eta irakurlearen arreta lortzeko.
Sare sozialetan askoz azkarrago doa; beraz, egia da hamar segundo geldi egotea asko dela. Argazki polit bat ikusten badugu, geratu ohi gara, eta horregatik uste dut argazkia garrantzitsua dela. Baina argazkia ulertzeko, testua behar da, argazkiari zentzua emateko. Denok gauza bera ulertzeko garrantzitsua da.
Zer esango zenuke irakurlea hamar segundoz geratu dadin elkarrizketa hau irakurtzen?
Testurik gabe, paradisurik ez.
Biharko jardunaldiaren izenburuak galdera bat dakar: nola bete kutxa hutsa sareetan? Zer erantzungo zenuke?
Hasteko eta behin, zure publikoa zein den pentsatu behar dela, zein diren haren kezka eta beharrak. Hortik aurrera, mezu bat sortu behar da, berari zuzendutako erantzuna.
Testuak zer funtzio bete behar du sarean?
Bidali nahi den mezua ondo ulertzea, eta Googlen kokatzea.
Sareko testu batean garrantzia du Googlen bilatua izateak?
Alderantziz dela iruditzen zait. Sare sozialetan garrantzitsua da zure mezua ulertzea, sentimenduren bat eragitea. Zure webgunean, ere antzera, baina Googlek aurkitu behar zaitu. Munduan milioika webgune daude, eta orduan hori behar da. Baina oreka bat egon behar da.
Iragarkietako testuek saltzeko balio behar dutela diozu. Oraindik kosta egiten al da saltzea?
Bai, baina normalean pentsatzen dugu bezero edo publikoa gu garela. Baina gu ez gara gure publikoa, eta beregan pentsatu behar dugu. Eta hori da gehien kostatzen dena.
Gaur egun testuari behar bezalako garrantzia ematen al zaio?
Nik uste dut buelta ematen ari zaiola. 2010eko hamarkada hasierako urteetan, bilatzaileetan kokaleku ona izatea zen helburua, eta zentzurik gabeko testuak egiten ziren. Orain, joera horri buelta eman zaio, eta enpresetan erredaktoreak kontratatzen ari dira.
Bilatzaileetako kokagunea lortzeko, blog asko egin izan dira. Zenbateraino da behar informatibo bat ala kokagunerako tresna?
Ez dut uste bata ala beste denik. Weba, bloga, sare sozialak... Dena da bat, eta estrategia orokor batean joan beharra du. Dena hartu behar da kontuan; bestela, ez dauka zentzurik.
Beraz, irudi korporatiboaren parte da testua?
Ez nuke hala esango, enpresaren sentimendu bat dela baizik.
Testuek irudian transmititzen diren balioekin bat egin behar dutela, alegia. Zure bezeroek badakite oro har zer transmititu nahi duten?
Normalean, ez dakite. Lehen pausoa da komunikazio estrategikoa eta marka propioa sortzea. Hori da nik lehenbizi aztertzen dudana, eta gero hasten gara testuarekin. Oro har, normalean ez dute estrategiarik izaten, eta komunikazioan nahiko gaizki aritzen dira. Normala ere bada, enpresa txikiak baitira, eta euren lana egiten dute. Askorentzat, produktua da garrantzitsua, baina konturatu behar dute garrantzitsua enpresa dela. Produktu ona dela transmititu ezean, produktu hori ez da salduko.