astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

kultura

CARMEN CASTILLO

«Dokumentalek ere biziaraz dezakete borrokarako sua»

Joana Ibargarai

«Dokumentalek ere biziaraz dezakete borrokarako sua»

John Berger idazlearen metafora bat baliatzen du Carmen Castillok (Santiago, Txile, 1945) bere ibilbidea eta engaiamendu politikoa azaltzeko: «Denak gaude mundu honetan preso. Preso, biztanleen arteko ehuneko batak manatzen duen mundu honetan; dominatzen dutenen munduan». «Kartzela» horren desegiteko borrokan dihardu Castillok. Txileko MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko kide izana da, Augusto Pinocheten 1974ko estatu kolpearen ondorioz Parisen erbesteraturik egon da. Hainbat liburu eta dokumental egin ditu gertatutakoa kontatzeko. Hala, porrotak, lagunen galtzea, tortura eta mina kontatzen ditu bere lanetan, baita maitasuna, poza, ezagutzak, elkartasuna eta garaipenak ere.

Zerk eraman zaitu dokumentalak egitera?

Ez naiz batere irudiaren mundutik etorria; ez nuen ezagutza berezirik dokumentalgintzan. Historialaria eta irakaslea nintzen Txilen. Han, 1967an, mugimendu azkar bat sortu zen unibertsitateetan. Altxamendurako indarra genuen, zapaltzen gintuen sistema baten kontra joateko. 1973ko irailaren 11n, Augusto Pinocheten estatu kolpearekin dena aldatu zen. MIReko militante gisa, klandestinitatean egon ginen ene senar zena eta haurrekin. Gertatzen ari zena ulertzea ezinbestekoa zen. Irakurketa lan handia egin genuen egoera deszifratzeko, garaia definitzeko. Diktaduraren parean borrokatu besterik ezin genuen egin, eta horrek antolaketatik pasatu behar zuen. Den-dena pribatizatu zuten, gizarte «perfektua» zela erraten ziguten, baina nik sekula ikusi dudan gizarterik krudelena izan da. Miseria zen. Langile klasea, pobreenak zapaltzea besterik ez zuten egiten; jasanezina zen. Dena iraultzeko behar gorrian ginen.

Borrokak beste forma bat hartu zuen gero.

Enetzat, 1974ko urriaren 5ean izan zen bihurgunea, Pinocheten Poliziak ene senarra [Miguel Enriquez, MIReko burua] hil zuelarik. Ni ere kolpatu ninduten, eta, haurdun nintzela, tripan nuen haurra galdu. Londresera joan nintzen.

Horren kontatzea erabaki duzu dokumentalen bitartez.

1981ean, Frantzian instalatu nintzen. Orduan hasi nintzen liburu bat idazten, baina biziki mugatua nintzen. Munduko Polizia guztiek terroristatzat ninduten. Ezin nintzen Hego Amerikara joan, eta Txilera oraino gutxiago, handik kanporatua baininduten. Horrela jarraitu nuen François Mitterrand Frantziako presidente bilakatu arte; orduan lortu nuen Frantziako nazionalitatea. Aldaketa handia zekarkidan horrek; alde batetik, ene urruneko lagunak eta ene hizkuntza berriz atzeman izan ahal nituelako, baina batez ere erbestea desberdinki bizitzeko aukera eman zidalako; hainbat gogoeta eta pentsamendu aske adierazi ahal izan ditut une horretatik goiti. Ibilbide horretan, dokumentalgintzara hurbildu nintzen Pierre Dever ezagutu nuelarik. Hamar urte pasatu ziren Pinochetek estatu kolpea egin zuenetik, eta horri buruzko dokumentala egin nahi zuen hark, ene bizipenetatik abiatuz. Baina ez nekien gehiago deus, ez nekien ezta ogiaren prezioa zenbatekoa zen. Pentsatzen nuen ez nuela zilegitasunik. Baina egin dut, autore gisa aritu naiz, eta ohartu naiz kontaketak manera berezi batean eraiki zitezkeela: borrokaren memoriari forma ematen ahal niola. Les murs de Santiago filma sortu genuen.

Porrotetan ere garaipenak daudela erraten duzu.

Galtzaileen memoriari utzi nahi nion lekua. Hori zor diogu historiari, militanteek egin duten lanari. Bide horretatik, pentsatzen nuen dokumentalek funtzio bat zeukatela; biziaraz zezaketela borrokarako sua. Ezin zen borroka bere horretan gelditu. Eta, batzuetan, hilik diren pertsonak bizirik direnak baino biziago dira, eta nik biziarazte horretan zerbait egin nahi nuen ene lanen bidez.

Zure kontakizuna egiteaz gain, besteei ere ematen diezu ahotsa.

Enetzat, zinema sorkuntza kolektiboa da. Taldeari esker naiz ausartu dokumentalak egitera. Horrek ematen zidan indarra idazteko eta borrokaz hitz egiteko. Ene boza eta ene idazkera baliatu nahi nituen istorio kolektibo baten zerbitzuko. Ene belaunaldiko askok gaizki ikusi zuen, subjektibotasuna ez zutelako ulertzen. Uste zuten lehen pertsonan mintzatzea taldeari oposatzea zela. Baina ezin nintzen eta ezin naiz denen izenean mintzatu. «Ni» batetik abiatzen naiz «gu» baten istorioa kontatzeko. Calle Santa Fe-n borrokatu direnen boz anitz sartu ditut, eta nik galderak besterik ez dut egin.

Historia kolektiboa da, eta geroari lotua da: iraultzaileen geroari. Urgentzia absolutuan gaude: orain daukagun sistema zapaltzaile hori aldatu behar dugu.

Nola dakusazu gaurko egoera?

Azken lau hilabeteotan Txile iratzarri da, jendea karrikan da, antolatu da. Ez da gehiago beldurrik. Ikusiko nola joanen den gauza; egia da orain arte gauzak ez direla anitz higitu. Badakit orain zailago dela sistema horren kontra joatea.

Guk uste sendoak geneuzkan. Segur ginen iraultza biziko genuela. 1980ko hamarkada bukatu arte sinesten nuen gertatuko zela. Alta, ez da gertatu eta gauzak ez dira asko aldatu. Ametsak erori zaizkit garai batez. Ikuspegi marxista zuten idazleen lanetan elikatzen genuen borrokan segitzeko gogoa, eta, deus segurik ikusi gabe ere, segitzera behartuak ginen. Ez dugu Bibliarik, ez dugu deus segurik, baina sistema honen iraultzea beharrezkoa dela argi duguno, aitzinatuko gara, ezinbestean. Horrek gaitu biziarazten.

Segitzeko intentzioa duzu, beraz.

Argi dut borrokan segituko dudala, eta dokumentalen egiten. Autore filmak egitea zailago da orain; audientzien arazoarekin, aurre- kontuekin... Merkatu neoliberalak zinemaren mundua baldintzatu du, nahi zuen forma eman dio, eta zaila da lekua atzematea. Zinezko borroka bat da film baten egitea. Izugarriko erresistentzia ekintza da. Oro har, Txilen, sorkuntza bera erresistentzia da.

BERRIAn argitaratua (2020/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA