astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

kirola

«Udan sufritu, eta neguan gozatu»

Aitor Manterola

«Udan sufritu, eta neguan gozatu»

Igande goiza nagiak ateratzen ari da. Lainoak ekarri ditu, baina eguzkiaren lehen printzak esnatzean, zerua urdindu egingo da. Aian (Gipuzkoa) du egoitza Zarauzko Arraun Elkarteak, eta hantxe dira Enbata traineruko arraunlariak. Gainean dira 09:00ak, eta zintzo asko ari dira betetzen ordutegia. Kontu kontari dabiltza multzo txikitan.

 

Bertan da Jon Artola presidentea ere, eta hark hartu du hitza arraunlariak biribil handi bat osatu bezain laster. «Egun on!», hasi da. «Dakizuen bezala, atzo [larunbata] egin genuen TKEko [Traineruen Kluben Elkartea] batzarra Oiartzunen, eta, ofizialki, atzotik gara Eusko Label ligako kluba».

Hitza hartzen hurrengoa Gari Uranga izan da, entrenatzailea eta arraunlaria. «Egun on!», hark ere. Entrenamenduaren berri eman die, zer lan egingo duten. Arbela du atzean, eta jarrita dauzka bi traineruetan zein arraunlari joango diren. Bi izango baititu uretan Zarautzek udan: talde nagusia goiko ligan, eta bestea KAE 2an, bideratuta dagoen asmoa asko okertzen ez bada. Arbelean, arraunlarien izenekin nahasian, zenbakiak idazten hasi da Uranga: 20 zenbakia lau aldiz idatzi du, elkarren segidan; eta azpian, 4a bost bider; eta 4 bakoitzaren behealdean ondorengoak: 20, 22, 24, 26 eta 22. Azalpena eman die berehala arraunlariei: «Luzea izango da gaurko entrenamendua. 20 minutuko lau txanda egingo ditugu: aurrenekoa, berotzeko izango da, baina erritmoa aldatuz joango gara; bigarrena eta hirugarrengoa, lau minutuko erritmo aldaketetara gorputza eta burua ohitzeko izango dira; eta azkenekoa, gorputza bere onera itzultzeko izango da, baina kontuz, ez lo hartu hor. Hori da entrenamenduko unerik garrantzitsuena, nekatuta gaudenean lan tekniko ona egin behar dugulako. Azken batean, udan bizi izango ditugun egoerak dira».

Nondik nora joango diren ere kontatu die; gehienbat Aitzol Garro patroiari begira: «Itsasora aterata, Getariara joango gara, Zarauzko moilan edo portuan gelditu eta gero. Moila edo portu, nahi duzuen bezala deitu». Zarauztarren ezbaia: moila edo portu izena eman errepide bazterreko leku horri. Barrez erantzun diote arraunlariek entrenatzaileari.

Bi traineruak bizkarrean hartu, eta abiatu dira lanera. Ura behean da, eta, ur hilak direnez, sakonera handirik ez dago. «Bueltan, oinez ibili beharko dugu ur gainean traineruak lehorrera ateratzeko», esan du entrenatzaileak. Hori baino lehen, ordea, beste lan bat dute: entrenamendua. Negukoa berez, negu itxurarik ez badu ere eguraldiak.

Ezta itsasoak ere. Bare dago. Handi eta zabal. Eta urdin, Enbata trainerua bezalaxe. Infinitu izaera nabarmena ari da erakusten ur putzu amaigabea. Traineruari segika doa Uranga ontzi motordunean, kazetaria eta argazkilaria ere bertan direla. Zutik doa entrenatzailea, arraunlarien lana hobeto ikusteko eta aztertzeko. Ez da hitz asko egin zalea, eta unean-unean bakarrik hartu du hitza, zerbait zuzentzeko, ondo egindakoa txalotzeko edo animoak emateko taldeari. Adi doa konturik txikienak ere ihes egin ez diezaion, arrauna ez baita indarra bakarrik. Oso kirol teknikoa da, eta huskeriarik txikienak ere aparteko eragina izaten du traineruaren joanean, onerako izan edo txarrerako. «Atera eskuak ondo!», esan du Urangak. «Olatuxka, kontuz! Ababorrak eta istriborrak batera egin arraunean! Belaunak eta bizkarrak ondo erabili. Bukatu ondo, ez izan presarik erasora joateko!».

Poparean eta brankaz

Itsas zabalean, bide guztiak libre dauzka Enbata-k nahi duen lekura joateko. Ia ez dabil itsasontzirik, eta gehiago dira zarauztarrak bezala entrenatzen ari diren traineruak. Gurutzatu dituzte herri bereko beteranoen bi taldeak, baita Getariako (Gipuzkoa) Esperantza eta Orioko (Gipuzkoa) emakumezkoen Txiki trainerua ere. Zarauzko (Gipuzkoa) portu edo moilarako ibilbidean, hondartzara gerturatu du trainerua Garro patroiak. Olatu garbia sortzen ari da lehorretik gertu samar, olatu luzea, eta nola lehiaketako egoera guztiak landu behar diren, traineruari olatuak albotik jotzea aukeratu du Garrok, ia-ia olatua lehertzen hasten den lekuraino gerturatuz. «Kontuz, Aitzol!», esan dio Urangak. Bitartean, hor doaz arraunlariak, erabat kontzentratuta, arriskuan diren edo ez ohartu gabe. Teknikan arreta osoa jarrita doaz. Eta ez alferrik, Urangak azaldu duenez: «Gure indargunea arraunean ondo egitea izango da udan. Indarrez eta sasoiz gehiago izango dira ia talde guztiak, eta teknikoki egin behar dugu aldea».

Luzea da Urangari gustatzen zaion arraunkera, pala kolpe bakoitza ondo amaitzen dena, arrauna arraunlariaren sorbaldaraino ekarriz azkeneko ukitu leunean. Zenbat aldiz laztandu ote du arraun bakoitzak ura entrenamendu hasieratik Zarauzko moilara edo portura heldu bitartean... Iritsi da Enbata hara, eta han du zain beste trainerua, Gaizka Garmendia beteranoa patroi duela. Atseden pixka bat hartzeko garaia da.

Berehala dira berriz ere lanerako arraunlariak. Beste 20 minutuko serie bat dute zain. Ondo ezagutzen duten leku batean: Zarauzko estropadako eremuaren inguruan. Urangak eman ditu eman beharreko azalpenak, eta hasi da trainerua hain berezia duen zarata hori ateratzen, arraunlariek arraunak lanean jartzen dituztenean. Doinu magiko horren arabera hartu du abiadura Enbata-k, eta badoa brankaz. Hainbat metro egin eta gero, poparean jarri du trainerua Garrok, baina ez luzerako: «Eman buelta, eta jarri brankaz», agindu dio Urangak. Getariako portura heldu arteko minutuak horrela joan dira, barrurako norabidea hartu arte. Moila berriko zurezko geralekura gerturatu dira bi traineruak, eta aldaketak egiteko baliatu du aukera Urangak. Traineru batetik bestera hainbat arraunlari mugitu, eta entrenatzailea ere lanerako jarri da.

Beste 20 minutuko zati gogor bat dute zain itsasoan. Ontzi motordunaren ardura Ekhi Illarramendik du orain, taldera itzuli den beteranoetako batek, Mikel Zapirainekin batera. «Galdu samar daukat traineru barrutik ontzia sentitzeko gaitasuna, eta, kanpotik begira jartzen naizenean, orain bezala, konturatzen naiz zein ondo dabilen ontzia». Barruan doa orain entrenatzailea, eta aginduak, zuzenketak eta animoak bertatik bertara entzuten dituzte arraunlariek. Badoa Enbata, bai joan ere. Gozamen betean doaz arraunlariak eta patroia; baita Illarramendi ere, begira. Eta ez bakarrik horregatik: «Hainbat urtez gazte mailako arraunlariak entrenatzen ibili naiz, eta zein polita den orain ni haiekin batera herriko traineruan arraunean aritzea». Harrobiko lanaren funtsa horra: katea, beteranoek eta gazteek elkarri eskua emanda josia eta lotua.

Bukatu dute serie luze hori ere, eta gustura da Uranga: «Ikusten nola dena batera egiten dugunean zenbat antzematen den». Aurreko osteguneko uretako entrenamenduan esandakoa gogorarazi die segituan arraunlariei: «Esan nizuen orduan ere egiten dugunean behar den bezala asko eskertzen duela traineruak».

Bare segitzen du itsasoak, baina olatuxkak datoz itsaso barrutik. Illarramendik azaldu du zergatik: «Hain bare dagoenean itsasoa, oso urruti dabilen itsasontzi batek eragindako olatuek kilometroak egiten dituzte». Urrutian dabil ontzi motordun bat. Motorra bezala Enbata doa Zarauzko eremu inguruan, hondartzari paralelo jarri eta Oriorako bidea hartu aurretik. «Hauxe da gure herriko estropadako eremua», gogorarazi du Illarramendik. «Aurreneko kalea zein den jakiteko hondartza inguruko etxe bateko leihoak eta Aiako elizak bat egiten duten puntua aurkitu behar da, horixe baita lehendabiziko kalea hemen». Urrutian antzeman daiteke Aiako eliza.

Hain urruti ez dagoena Orio da. Gero eta gertuago. Badoa Enbata eguneko lanari akabera ematera. Arraunlariak hazita doaz, lan ona egin dutela badakitelako. Urak lehen baino beherago egin du, eta ezin egoitzaraino arraunean joan. Metro batzuk lehenago geratu, eta horrelako egoeretan moldatzeko propio egindako harrizko bide batetik daramate Enbata sorbaldan, oinak uretan sartuta dituztela, hala ere.

Pozik da Zapirain beteranoa, gozatzen: «Neu naiz orain beteranoa, eta, gazteak ikusten ditudanean, 2005a datorkit gogora, ni nintzenean gazteenetakoa traineruan». Giro ona daukate taldean, eta, horri esker, arintze omen zaie neguko lanaren zama: «Lagunarteko aldarte onagatik etortzea bakarrik merezi du». Trainerua jasotzen lagundu, eta aldagelan sartu dira arraunlariak. Dutxa beroa dute zain, baita jaki gozoren bat ere, dutxatu berritan galleta eskuan atera delako taldeko kideetako bat.

Aldagelatik aparte dabilena Uranga da, bati eta besteari azalpenak ematen. Agian, egindako lana barneratzen ari da. Azterketa sakonetan murgildu baino lehen, egindako lanaren zentzua kontatu du: «Badatoz Hondarribiko eta Orioko otsaileko jaitsierak, eta erritmo aldaketak lantzen hasi gara, bi estropada horietara begira». Uda ere ez da oso aparte, eta gogoeta hau utzi du, zinez interesgarria: «Gustura ari gara, eta orain dugu gozatzeko garaia, udan sufritzea ere tokatuko baitzaigu agian. Orain esaten diet arraunlariei gozatzeko».

BERRIAn argitaratua (2020/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA