astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

mundua

Egunik gabeko gau beltz amaigabea

Aitor Manterola

Egunik gabeko gau beltz amaigabea

Polonia. 1941eko egun bat da, baina ez edozein hango gazte batentzat. Ignacy Golik, 17 urteko poloniarra, atxilo hartu dute alemaniarrek. Armak lapurtzea leporatzen diote. Preso dago bere herrialdeko kartzela batean, baina ez du denbora asko egingo presondegi horretan. Auschwitzera eramango dute gero, 1941eko otsailean. Hantxe igaroko ditu hiru urte eta bederatzi hilabete, beste kontzentrazio esparru batera eramana izan baino lehen. «Argalagoa nintzen, eta jateko gutxi behar nuen bizirik irauteko», esan du berriki. 98 urte ditu orain.

Auschwitzeko kontzentrazio eta sarraski esparrutik bizirik atera zirenetako bat da. Ez ziren asko izan. Sobietar Batasuneko Armada Gorriak askatu zuen esparru hura nazien atzaparretatik, 1945eko urtarrilaren 27an, eta 7.500 presori azaldu zitzaien argia egun hartan. 1,3 milioi sartu zituzten denera gune beldurgarri hartan. 75. urteurrenaren harira, ekitaldi bat egin zuten atzo Oswiecimen (Polonia), eta 50 bat herrialdetako agintariak egon ziren han, baita holokaustoa nozitu eta oraindik bizi diren 2.000 lagun inguru ere. Horietako bat da Marian Turski, eta atzoko ekitaldian eskaera hau egin zuen: «Ez zaitezte axolagabeak izan gutxiengo oro diskriminatuta dagoenean. Izan ere, demokrazian gehiengoak gobernatzen du, baina demokraziak gutxiengoen eskubideak babesten ditu».

Ilunpea zen Auschwitz. Egunik ez zuen gau amaigabea. Gizakiak historian egin dituen ankerkerien artean, ankerrenetakoak hor egin zituen. Heriok agindu zuen ia bost urtez, 1940ko maiatzaren 20an eraiki zutenetik sobietar soldaduek askatu zuten arte. Haurrak, adinekoak eta lanerako gai ez zirenak gasa arnastera kondenatuta hil zituzten naziek; 1942tik, juduak gehienak, holokaustoaren barruan. Esparrura eraman orduko, ilaran jarri, eta nora zihoazen arrastorik eduki gabe, heriotzara bultzatuak izan ziren, gas ganberetara. Zulora haurrak bota, gurasoak gainera jaurti, eta su ere ematen zieten.

Polonian eraiki zuten kontzentrazio eta sarraski esparru hura alemaniarrek, Oswiecimen, 1939an herrialdea okupatu eta gero. Auschwitz izena jarri zioten, Kontzentrationslager Auschwitz. Eta sarreran, lelo hau jarri zuten: Arbeit macht frei (Lana askabide). Lanerako esparrua zena, baina, berehala bilakatu zuten sarraskirako eremu. Alemaniak egindako okupazioen ondoren, Europa okupatuaren erdi-erdian geratu zen Auschwitz. Leku paregabea zen haien asmoak gauzatzeko: erregimenaren aurkariak desagerraraztea. Horretarako ziren Auschwitz eta beste esparruak.

Gupidagabeko nahi horren erdi-erdian juduak jarri zituzten alemaniarrek. Auschwitzen 1,1 milioi pilatu zituzten, Europa osotik eta beste kontzentrazio esparru batzuetatik deportatuak. 100.000 bakarrik atera ziren bizirik handik. Presoen artean, poloniarrak ere bazeuden, baita sobietarrak ere. Homosexualen aurka ere aritu ziren.

Bizirik, baina 'aske' ez

Poloniako kartzeletan atxilo zituzten preso guztiak kabitu ezinak bultzatu omen zituen alemaniarrak Auschwitz eraikitzera. Hiltzera kondenatuta zeuden guztiak han. Haietako asko hil egin zituzten, eta besteei, hiltzen utzi; goseak hil zituen asko. Ez zen bizitzeko lekua, hiltzekoa baizik. Esperimentuak egiteko ere erabili zituzten presoak.

Giltzapetuen gainetik 8.000 polizia eta militar baino gehiago aritu ziren, SSkoak. Hiru zatitan banatu zuten kontzentrazio esparrua: aurrenekoak Stammlager zuen izena, eta zati zaharrena zen. Kontzentrazio esparrua zen. Bigarren zatiak Birkenau zuen izena, eta sarraski esparru izan zen. Han zituzten alemaniarrek gas ganberak. Datuak beldurgarriak dira: egunero 4.000 lagun hiltzen zituzten horrela, eta, 1944an, preso gehiena zegoen garaian, 10.000 ziren hildakoak egunaren bukaeran. Hirugarren zatia Monowitz zen, Buna izenez ere ezagutzen dena, eta lan behartuetarako esparrua zen.

Familiak birrindu egin zituzten Auschwitzen. Bizirik atera zirenentzat, sufritutakoa, ikusitakoa eta bizi izandakoa beste kondena bat bilakatu zen: «Zergatik ez ninduten ni hil senideen ordez?». Galdera hori sakabanatu zuen Auschwitzen askapenak, eta zama horrekin bizi behar gero. Laster ez da lekukotza zuzenik geratuko, baina Auschwitzeko garrasia ez da inoiz isilduko.

BERRIAn argitaratua (2020/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA