gizartea
Zelatan, listeriosia non agertuko
Arantxa Iraola
«Nonahikotasuna da listeriosia eragiten duen bakterioaren ezaugarririk behinenetariko bat. Normalean, nahiko kontrolatuta egon ohi da, baina ager daitekeen arazo bat da gainazaletan geratzen dela zenbaitetan; bakterioek biofilm antzekoak sortzen dituzte hainbatetan, eta deuseztatzen zailagoak izaten dira halakoetan». Nafarroako Gobernuko Elikagaien Segurtasun ataleko arduradun Raul Gonzalez mintzo da, Listeria monocytogenes deituriko bakterioa -hainbat aldaera klase ditu- hizpide. Elikagaietara heltzen da zenbaitetan, osasun arazo larriak eragin ditzake, eta ez dira guztiz ezohikoak bakterioa dutelako merkatutik erretiratu behar izaten dituzten elikagaiak. Berriki, bi produktu sorta -foie xerrak eta gazta marka bat- erretiratu behar izan dituzte. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, erretiratze horien berri ematean emandako datuez harago, ez du azalpen gehiagorik erantsi nahi izan gai horri buruz. Animalia jatorriko elikagaietan agertzen da bakterioa. Bereizgarri dute pasteurizazio prozesurik ez dutela izan ekoiztean, eta ondoren ere prestatu gabe kontsumitzen direla; horrek aparteko arriskua dakarkie. Administrazioak berak edo enpresek egiten dituzten kontrolen bidez izaten da normalean bakterioa duten elikagaien berri. «Izan ere, oso adi gaude denok: bai industrian, bai administrazioan», azaldu du Gonzalezek. Behin kasuren bat atzemanez gero, ezinbestekoa izaten da kutsatuta egon daitezkeen produktuak merkatutik erretiratzea. «Eginkizunetako bat izaten da argitzea zenbat produktu ekoitzi diren bakterioa elikagaietara heltzea ekarri duten baldintza horietan; izan ere, horiek denak dira susmagarriak, eta merkatutik kendu behar dira». Bide batez, enpresari berriz produktu hori egiten hasteko neurriak ezartzen dizkio administrazioak; garbiketa neurriak izan daitezke, edo bestelakoak. Ororen gainetik, lantokiak bakterioa guztiz desagerrarazteko «zuzenketak» egitea lehenesten da, eta, bitartean, kutsaduraren iturburua izan den ekoizpen lerroak lanean ez jarraitzea. «Lerro bat baino gehiago baditu, ez zaizkio denak ixten: besteetan jarraitu dezake». Legez araututa daude enpresek beren kabuz zer kontrol egin behar dituzten, eta administrazioak ere «ikuskaritzak» egiten ditu industrian; janariak atontzeko erabiltzen dituzten gailuak eta azpiegiturak aztertzen dituzte, eta ekoiztutako produktuen laginak hartzen dituzte, «analisiak egiteko». Gonzalezek aditzera eman duenez, aurrena, betiere, lantoki bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartu, eta «arriskuen ebaluazio bat» egiten da. Horren arabera ebazten dute administrazioko ordezkariek toki bakoitzean zer kontrol egin. «Garbiketa nola egiten den, kontsumitzaileari zer informazio ematen zaion, lehengaiak, azpiegitura... Dena aztertu ohi dute». Listeriosia eragiten duen baziloa nola, kaltegarriak izan daitezkeen bestelako bakterioak bilatzera ere egiten da legeak zedarrituta fabriketan egiten diren kontroletan. Ez da beti larria izaten Berriki oihartzuna izan duten kasuen harira -Espainiako hainbat tokitatik ere heldu dira bakterioarekin lotutako albisteak udatik hona- administrazioek hainbat datu jakinarazi dituzte, zeintzuen bidez ikusten baiten ez direla ezohikoak listeriosi kasuak. Nafarroako Gobernuaren arabera, 2015-2018 epealdian listeriosiak eritutako 30 pertsona atzeman zituzten; heriotza baten berri izan zuten. Osakidetzak emandako datuetan, agerikoa da igoera: 2018an 74 kasu atzeman zituzten, eta aurreko urteetako kasuen batez bestekoa hirukoiztu egin zen. Osasun arazoen larritasuna oso aldakorra da. «Pertsona osasuntsuetan ez du ia sintomarik ematen; immunodeprimituetan eta haurdunetan, bai». Abortuak eragin ditzake. «Hala ere, osasun arazoak sortzen hasteko, elikagaiek listeria karga oso handia izan behar dute».