astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

bizigiro

PILAR GARCIA ESCRIBANO

«Nahi duten 'ismo' guziak jartzen ahal dizkiote pinturari, baina ni ez naiz aldatuko»

Iker Tubia

«Nahi duten 'ismo' guziak jartzen ahal dizkiote pinturari, baina ni ez naiz aldatuko»

Lasaitasuna. Gertu dituen paisaien lasaitasuna iradokitzen dute Pilar Garcia Escribano margolariaren koadroek (Murchante, Nafarroa, 1942). Bi estudio ditu: Iruñean bat, Murchanten bestea. Bigarrenean izan da hitzordua. Kanpoan hotz bada ere, haren estudioan goxo da. Kalea ikus liteke kristalezko ateetatik kanpo, eta katu bat, zelatan. Barneko paretetan ez da erretratu gehiago sartzen: gazte garaikoak eta oraingoak ditu eskegiak. Eskurago ditu joan den udaberrian kalean egindako koadroak: paisaiak eta natura hil bat. Horixe maite du, eta maite dituen gauzak margotzen ditu berak. Margoaz aritu da: «Ezer ez da erraza edo zaila. Kontua da ateratzen zaizun edo ez».

Nondik heldu zaizu margoarekiko zaletasuna?

Nire amak asko maite zuen antzerkia eta margoa. Oso ongi marrazten zuen, nahiz eta ez zuen ikasi. Arantzatxo hori geratu zitzaion, berak ez baitzuen aukerarik izan, are gutxiago herri batean bizita. Ni sei ahizpetan zaharrena naiz, eta, 7 urterekin, marrazketa eskoletara bidali ninduen. Beti izan dut zaletasun handia.

Horri gogotik heldu zenion. Iruñeko Arte Eskolan ikasi zenuen gero. Zer moduz han?

Han bost urte egin nituen Akerreta eta Lasterra irakasle nituela. Han ezagutu nuen Muñoz Sola tuterarra, nirekin gehien margotu duten artistetako bat. Askotan joaten ginen Bardeara, Moncayora... Eguna pasatzen genuen, behar zen tokian bazkaldu, eta gero etxera itzultzen ginen. 100 kilometro baino gertuago diren tokietara joan naiz beti, etxean lo egin ahal izateko. Horrek bizpahiru aldiz edo behar ziren aldi guzietan itzultzera behartzen ninduen, koadro bat bukatu ahal izateko. Baina horrela da kanpoan egiten den pintura, horrelakoa da nire pintatzeko estiloa.

Nolakoak izan ziren urte haiek?

Oso ongi egon nintzen, oso gustura. Giro oso ona zegoen, lagunartekoa. Lehenbizi marrazketa urteak genituen. Beunzak ariketa batzuk egiten zizkigun: bakoitzak hogei minutuz posatu, eta, gero, bertatik bertara margotu. Hori oso ongi heldu da eskua askatzeko, seguruago sentitzeko eta oso denbora gutxian erretratu baten osotasuna harrapatzeko.

Akerreta eta halako maisuekin zer moduz?

Oso ongi moldatzen ginen. Bere kontuak ditu, serioa dirudi, baina oso gustura egon nintzen harekin. Ongi konektatu genuen.

Zer ekarpen egin zizuten irakasle horiek?

Ez dakit, ez gehiegi. Batik bat diziplina, ordutegiak errespetatzea... Eskolan, nagusiki, natura hila eta erretratua egiten genituen. Baina, azkenengo ikasturtean eskolako inguruetara ateratzen ginen kalean margotzera. Nik horretan abantaila nuen, neure kabuz askotan margotzen nuelako kalean. Asko poztu ninduen horrek.

Beti kalean nahiago izan duzu?

Beti, beti, beti. Kalean edo landan ibiltzen naiz, eta gaiak ikusten ditut. Niretzat ezinbestekoa da paisaia horiek zerbait esan diezadaten, zerbait sentiarazi, hunkitzea... eta horrek behartzen nau hura margotzera. Noski, hor jartzen saiatu naizen sentimendu horietakoren batekin lotu behar da ikuslea. Paisaia batzuk bareak dira, erlaxatzekoak... bada, hori transmititu behar da. Beste batzuk argi eta kolore eztanda bat dira; bada, alaitasun eta une hori ikusi behar dira. Saiatzen naiz nire sentsazioak eta sentimenduak mihisean islatzen.

Lasterra eta Muñoz izan ziren zure maisu nagusiak?

Bai, nire margotzeko estiloa haien estiloaren antz handiagoa duelako. Biak dira kalean margotzekoak. Lasterrarekin hamaika aldiz ibili naiz kalean margotzen, oso gustura.

Orduan, ez zinen bakarrik joaten?

Baina bakoitza bere tokian, ez genion elkarri koadroa begiratzen. Inguru berean egon arren, bakoitzak gai bat aukeratzen zuen margotzeko.

Margolariaren lana ez da hain bakartia, beraz?

Baina egia da bakartia dela. Elkarrekin joan arren, ez genuen gauza bera egiten. Elkarrekin joaten ginen atseginagoa zelako, elkarrekin bazkaltzen genuen eta abar. Baina, gero, bakoitzak bere koadroa egiten zuen.

Arazorik izan duzu inoiz pinturan aritzeko?

Inoiz ere ez. Ez dut oztoporik izan. Familiak ere beti babestu nau, eta beti margotu dut nahi nuena.

Argiaren eta kolorearen bila ibiltzen zara?

Ni batez ere argiaren eta kolorearen aldekoa naiz. Argia da garrantzitsuena: argitasunak erabat aldatu dezake paisaia bat. Egunsentia edo iluntzea erabat ezberdina dira. Hemen badira askotan margotu ditudan bi urmael. Batera nahiago dut goizez joan; bestera, berriz, iluntzean. Sekulakoak dira iluntze horiek: hain dira ikusgarriak, ez dirudite benetakoak.

Zer ematen diote argiak eta koloreek zure koadroei?

Argitasuna eta alaitasuna. Baina baita sosegua ere. Nire koadroak ez dira zalapartariak, lasaigarriak baizik.

Gertukoa eta inguruan duzuna nahiago duzu margotzeko?

Niri hori gustatzen zait. Baina, noski, Santanderrera joaten banaiz hamabost egun pasatzera, tresna guziak nirekin eramaten ditut beti. Beti, beti.

Oporretan ere lanean aritzen zara?

Baina niretzat ez da lana, bokazioa da! Margotu gabe ezin naiz egon. Urte asko ditut, eta beti margotuko dut, bukaerara arte.

Ibilbide luzea egin duzu. Tartean saiatu zara beste estilo batzuekin ere?

Behin edo behin saiatu naiz, baina ez naiz horretarako jaioa. Nahiz eta beste estilo batzuk boladan egon, gehiago saldu edo jendeak gehiago txalotu, nire margotzeko estiloa ezinen dute aldatu. Nahi duten ismo guziak jartzen ahal dizkiete beste pintura batzuei, baina ni ez naiz aldatuko. Maite dudana eta motibatzen nauena margotzen dut, eta sentitzen dudana. Nire margoak badu ibilbide bat, baina hobetzeko ibilbidea: neure buruari jarritako helmugara ailegatu nahi dut, nahiz eta inoiz ezin den lortu.

Nola aritzen zara lanean? Nolakoa da zure lan jarduna?

Normalean, kanpora ateratzen naizenean, aldez aurretik erabaki dut zein ingurura joan. Autoa gelditzen dut, eta ibilalditxo bat egiten dut margotu ditzakedan tokiei erreparatuz. Beti bada zokoren bat erakartzen nauena uneko argiarengatik edo koloreengatik, edo soseguarengatik edo edozerengatik. Orduan, gaia aukeratu eta margotzen hasten naiz.

Aukeratu duzu gaia, mihisearen aurrean jarri zara. Nola hasten duzu erronka?

Koadro zuri baten aurrean jartzea oso latza da. Hasi beharra dago. Ni beti oso agudo hasten naiz, lehenbiziko pintzelkada oso agudo egiten dut. Baina gero sosegua heldu da. Bigarren saioak balio du egiten ari naizenaz hausnartzeko, zer lortu nahi dudan eta noraino ailegatu naitekeen pentsatzeko.

Neguan, nahiago duzu barnean gelditu, ezta?

Noski, gaur bezalako egunetarako natura hila eta erretratua ditut. Erretratu bat eskatzen didatenean beti esaten diet neguan eginen dudala. Natura hilak maite ditut, margotzen ditudan fruta eta janari gehienak nik sortuak baitira. Hemen inguruan baratzea dugu, eta handik ateratakoa margotzen dut. Nire baratzea ere askotan margotzen dut, baita udan ere.

Etxera jotzen duzu, beraz?

Niretzat margoa da gertuen dudana. Bizi dudana da margoa, nire mundua erretratatzen dut. Are, erretratuak egitean nire jendea margotzen dut. Gertutasun hori gustatzen zait, eta pertsona horiekin solastatzea.

Erretratuetan errealitatea margora pasatzea kostatzen zaizu?

Niri ez zait kostatzen, baina hori da zailena, ez baituzu soilik antzekotasuna margotu behar. Horretarako argazkigintza dago. Bere barneko zerbait eman behar duzu, bere izaera islatu behar du. Horregatik nahiago izaten dut jende ezagunarekin egon, edo behintzat haiekin asko hitz egin, jakiteko nola pentsatzen duten eta nolakoak diren. Pertsona bat alaia bada, begietako dirdira atera behar diozu.

Errealitatea margora eramateak mugatzen zaitu?

Ez, paisaia bat oso askea da. Noski, oinarrizkoena hartzen duzu, eta, aukeratu duzunez, seguruenik margotuko duzun guzia erabakita izanen duzu. Baina mihisera eramatean, konposizio bat egiten duzu. Konposizio intuitiboa egiten dut nik, koadroaren beharretara egokitzen naiz. Zuhaitza pixka bat mugitu behar badut enkoadraketa hobea delako, mugitu egiten dut.

Beti adi ibiltzen zara?

Beti, beti. Orain pentsatzen ari naiz [kazetariari so]: «Zer argi ederra ematen dion hor, zer enkoadraketa duen, kokotsa pixka bat igoko balu zeinen ongi margotuko nukeen». Nahi gabe, lanbidearen ajeak dira. Oraintxe ikusten dut kalean berogailuaren kea, eta niretzat lainotxo bat bezalakoa da. Inguruari beti ematen diot amets ukitu hori.

Horrela gehiago gozatzen duzu bizitza?

Noski.

Koadroak bukatzean, zer sentitzen duzu?

Ba hemen ditut azkenengoak, eta gainerakoak Iruñeko estudiora eramaten ditut. Udaberrian berriak egiten hasten naizenean, hemen ditudanak Iruñera eramanen ditut. Denboraldi berri bat, beste ikuspegi bat, beste gai batzuk. Dena den, inoiz ez duzu koadro bat bukatzen. Hemen ditut, eta ez da kasualitatea, beti gauza txikiren bat egiten diedalako. Ez badituzu begien aurretik kentzen, beti bada zerbait eskatzen dizuna, gogoratzen duzuna... Gu geu aldatzen gara, eta gure pentsatzeko eta begiratzeko modua ere aldatzen da. Horregatik koadroak begi bistatik kendu behar ditut, ez jarraitzeko.

Gardena Nafarroako margolarien elkarteko lehendakari ere izan zara. Nondik nora sortu zenuten elkartea?

Gardenak Nafarroako margolariak biltzen zituen, eta talde erakusketak egiten genituen. Erakusketa bat egiten zen urtean, Iruñeko Udalak utzitako aretoren batean. Lehendakari kargua hartu nuenean, erakusketak Espainia guzian egin genituen; Estrasburgon ere egon ginen. Kargua utzi eta taldea desagertu zen.

Zein helbururekin sortu zenuten elkartea?

Ikusgarri izan nahi genuen, gure burua ezagutarazi eta hemen margolariak baginela ikusarazi. Ez genuen baldintza zorrotzik jartzen sartzeko; beraz, denak onartzen genituen, hasiberriak ere bai. 200 kide baino gehiago ere izan ginen. Modu horretan, aukera ematen genien beren lana ezagutarazteko; bestela, ez zuten aukerarik gizartera ateratzeko.

Zeuen burua ikusarazi behar zenutela diozu. Artea ez da aintzat hartzen?

Inoiz ez behar beste. Hainbeste gauza daude politikarientzat lehentasunezkoak direnak, ezen hau zokoan geratzen direnetako bat baita. Ez da aurrekonturik izaten erakunde publikoen partetik, ezta bankuen aldetik ere. Gainera, galeristek pintura batzuen alde egiten dute bakarrik, eta horrek muga zaitzake.

Lehenbiziko erakusketa nola gogoratzen duzu?

Liburutegi batean izan zen, Tuterako Carrera kalean. Jabea adiskidea genuen, eta berak proposatu zidan. Jendearen erantzuna ikusita, ba animatu nintzen. Gero, beste bat egin nuen Valentzia pasealekuan [Sarasate pasealekua], Euskadiko Kutxan, 1984an. Azkenengoa Iruñean izan zen, duela bi urte, Garcia Castañon aretoan.

Zein izan da zure erakusketarik garrantzitsuena?

Batetik, Madrilen egin nuena: etorri zen jendearengatik eta eraman nituen koadroengatik. Baita salmentengatik ere. Bestetik, erakusketa areto txiki batean egin nuena, Iruñeko Labrit kalean: Sala 14. Erakusketa hori asko maite dut. Koadro aukeraketa bikaina izan zen, eta oso kontent geratu nintzen. Ederra izan zen.

Eta artista gisa izan duzun erronkarik garrantzitsuena?

Bi erronka nagusi aipatuko nituzke: Benidormeko eliza baterako zortzi erretaula egin behar izan nituen, 3x4 metrokoak, eta, gero, Nafarroako Merkataritza Ganberako lehendakari guzien erretratuak egin nituen. Asko gustatu zitzaidan, eta ilusio handiz hartu nuen proiektua. Baina azkenekoak astun egin zitzaizkidan.

Hemendik aurrera zer asmo duzu?

Berdin jarraitzen dut, paisaiarekin batez ere. Orain Santakarako Saso ingurua margotu nahi dut. Udaberria ailegatu bezain pronto aterako naiz hori margotzera. Hori egin gabe bukatu zen uda, eta aurten egin beharra daukat.

BERRIAn argitaratua (2020/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA