astekaria 2020/01/31
arrowItzuli

bizigiro

GOIURI BARRIGA

«Emakume batzuek pentsatzen dute hilekoa zikina dela»

Lander Muñagorri Garmendia

«Emakume batzuek pentsatzen dute hilekoa zikina dela»

Hilekoaren inguruko Red Fanzine aurkeztu zuten ostegunean Gasteizen. Goiuri Barrigak (Gasteiz, 1984) bere hilekoa ezagutzeko prozesua egin zuen, eta hura amaitutakoan erabaki zuen gaiaren inguruko fanzine bat egitea. Horretarako 11 egile gehiagorekin harremanetan jarri, eta horien lanak bildu dituzte fanzinean. Besteak beste, argazkilariek, ilustratzaileek, diseinatzaileak, ikerlariek edo hilekoaren hezitzaileek hartu dute parte, helburu jakin batekin: hilekoaren inguruko estigmak apurtzea. «Jendeak harrera oso positiboa egin digu, eta askok idatzi digute esanez parte hartzeko prest daudela». Sarean ikusgai jarriko dute www.redfanzine.es atarian.

Nola elkartu zarete hamabi emakume hilekoari buruz idazteko?

Gasteizko gazteria sailekoek Haziak saria eman ziguten, eta horrek mugatu du hamabi parte hartzaile izatea. Hilekoari buruzko fanzine bat egin nahian nenbilen, eta Hezkuntzarekin zein kulturarekin lotutako jendea batu dugu, soslai anitzekoa. Hilekoa prisma ezberdinetatik ikusi nahi genuen, emakume bakoitza mundu bat baita, eta ez baitago arau komun bat. Emakumeak beste hileko mota daude, eta hori irudikatu nahi genuen.

Ez da hilero argitaratuko, ala?

[Barreak]. Ez nuke hala nahiko. Gutako bakoitzak gure lan eta proiektuak dauzkagu, eta fanzineek ez dute jaten ematen. Urtean bi zenbaki egin nahiko genituzke, baina hori ikusiko dugu.

Zer lortu nahi duzue honekin?

Hilekoa normalizatu, eta bakoitzak bere ikuspegia daukala erakutsi. Batzuentzat, hilekoa tortura bat da, eta, ni bezala, beste batzuk hilekoarekin baketu gara. Hori egitean neure buruarekin adiskidetzea bezala izan da, eta aurkikuntza bat izan da. Biziaren erdia neraman hilekoa izaten, eta ez neukan ideiarik ere nire barnean gertatzen ari zenaz, eta nola eragiten zion horrek nire egunerokotasunean.

Zer ikasi duzu?

Lau zikloak kontrolatu ditut. Ikusi dut horietako bakoitzean hormonek bere dantza daukatela, eta aldi bakoitzean era ezberdinean gaudela. Hori egutegi batekin kontrolatu dezakezu: egun bakoitzean nola zauden apuntatzen duzu, eta konturatzen zara denak patroi bat jarraitzen duela. Horren arabera jakin dezakezu hurrengo egunetan nola egongo zaren.

Esan daiteke, beraz, fanzine hau zeure burua ezagutzearen ondorioa izan dela?

Bai, hau prozesu pertsonal batetik abiatu da, eta proiektu kolektibora pasatu da. Denok nozitzen dugun zerbait kolektibizatu dugu, eta ideia da gehiagora joatea.

Gaur egun, oraindik, hilekoaren tabuak apurtzeko beharra ikusten al duzu?

Emakume batzuek pentsatzen dute hilekoa zerbait zikina dela. Herrialde batzuetan, emakumeak hilekoa dutenean euren tribuetatik kanporatzen dituzte. Hemen bertan ere, duela ez denbora asko esaten zen hilekoarekin maionesa moztu egiten zela, loreak ureztatuz gero hilko zirela... Jabetzen al gara zer esaten ari ziren? Duela gutxi, Burgosko unibertsitatean nengoela, lagun batek esan zidan nola irakasle ikasketak egiten ari ziren neska ikasle batzuentzat nazkagarria zen sare sozialetan hilekoa erakusten duten mugimenduak. Nola liteke 20 urteko neska batzuek euren prozesu biologiko bat nazkagarritzat hartzea?

Fanzineak badu, beraz, funtzio didaktikoa?

Bai, didaktikoa, dibulgatzailea, artistikoa... Ikuspegi ezberdin asko daude, eta bakoitzak bere zergatia dauka.

Minaren gaia landu duzue?

Bai. Jendeak oro har uste du hilekoak min ematen duela, eta min eman beharra daukala. Ez badizu minik ematen, zorionekoa zu! Baina eman dezagun txiza egiterakoan mina ematen dizula, medikuarenera joanez gero, arazoa nondik datorren begiratuko lizuke, ala? Guri, hilekoak min ematen badigu eta medikuarenera joaten bagara, gauza normala dela esaten digute. Baina hilero igaro behar dugun prozesu biologiko bat da; beraz, ez dauka zentzurik horrela erantzuteak.

Eta horrek hilekoa ikusezin bihurtzen du...

Bai. Azken batean, sistema kapitalista batean gaude, eta gehien egiten duenak gehiago balio du. Ezin gara gelditu. Erritmo horiek egiten dute hilekoak min ematea. Zortea daukat, autonomoa bainaiz eta etxetik egiten baitut lan. Obarioek min ematen badidate, sofan jar naiteke lasai, eta bi orduz gelditu. Baina emakume askok ezin dute hori egin, eta ez dute esaten hilekoa dutenik ere. Betiko aipamen ergel hori egiten ahal dizute, gainera: «Esaten nuen ba hilekoa ote zenuen, ozpinduta zaude-eta».

BERRIAn argitaratua (2020/01/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA