astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

politika

LUIS INTXAUSPE

«Apurtutako zubiak berregiteko baldintzak daude»

Jokin Sagarzazu

«Apurtutako zubiak berregiteko baldintzak daude»

Bigarren legegintzaldia du alkate gisa Hernaniko Udalean (Gipuzkoa), eta datozen lau urteetan Udalbiltzako lehendakari ere izango da. «Oraingoz» sobera ditu indarrak Luis Intxauspek (Hernani, 1972), eta «ilusio handiz» hartu du aginte makila. «Era askotariko erronkak gustatzen zaizkit niri». Intxauspek dio Euskal Herrian zabaldu den «fase politiko berrian»Udalbiltza indartzeko baldintzak badaudela.

Udalbiltzaren Nazio Gobernua (zuzendaritza) osatzeko zerrenda bakarra egon da, eta lehendakarigai bakarra: zu. Zergatik?

Hori delako prozedura. Hautetsien eta udalen erakundea da Udalbiltza. Nazio Gobernuak proposatu du nire izena. Hamahiru hautetsik osatzen dute Nazio Gobernua. Udalbiltza osatzen dugu 1.000 bat hautetsik, eta edonor aurkez daiteke; babes handiena dutenak ateratzen dira. Gaurko [atzo] batzarrean, berriz, Udalbiltza osatzen duten 262 udaletako ordezkariek bozkatu dute zerrenda bakar hori, baita nik ere.

2013an berregituratu zenetik, Udalbiltzak berriz izango du lehendakari gipuzkoarra. Zer esan nahi du horrek?

Ez du esanahi berezirik. Lehendakaria zein izan baino garrantzitsuagoa da, nire ustez, Nazio Gobernuaren osaketan lurralde guztiak ordezkatuta egotea. Eta are garrantzitsuagoa iruditzen zait Udalbiltzaren beraren osaketan aniztasun hori egotea; hori, gaur egun, fidelagoa da, azken hauteskundeak direla tarteko, Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik hautetsi gehiago batu direlako.

Euskal politika aro berri batean dagoela diote askok: zein litzateke Udalbiltzaren egitekoa? Beste helburu batzuk izango ditu? Egokitu behar al du?

Ez. Baina Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan gertatzen ari diren aldaketek lagun dezakete Udalbiltzaren helburuak garatzen eta Udalbiltza aintzat har dezaketen instituzio eta eragileekin elkarlanean aritzen. Horregatik diot helburua ez dela aldatu, baina bai lehentasuna: apurtutako zubiak berregin behar ditugu.

Eta aukerarik ba al dago?

[Udalbiltzaren] Zatiketaren arrazoi izan ziren elementu batzuk desagertu dira, eta, elementu horiek eragindako zauriak eta lubakiak hor dauden arren, horiek konpontzen saiatzen ari gara gu eta beste asko Euskal Herri luze-zabalean. Fase berri honetan, gure erronka da Udalbiltzaren helburuekin bat egiten duten baina egun ez dauden kolore ezberdineko hautetsi horiekin elkarlanean aritzea, eta uste dugu aukera badagoela horretarako.

Azkenaldian, beste instituzioek zein erantzun eman dizkizuete? Betorik jaso duzue?

Ez, kontrakoa baizik. Azkenaldian antzeman dugu oro har oso harrera ona izaten ari garela gure burua eta proiektuak aurkeztu ditugun erakundeetan.

Zein nabarmenduko zenuke?

Gasteizko Udalekoa. Aurrekontuen negoziazioan, PPren ez beste guztien babesa jaso dugu. Oso inportantea da akordio hori. Diru ekarpenaz haratago, espero dugu elkarlanerako jarrera horrek bere fruituak ematea. Nahiz eta badakigun lan asko dagoela egiteko.

Baina tokian tokiko eta unean uneko akordio bat izan daiteke.

Izan daiteke, baina hautetsi horien jarrerak erakusten digu zein izan daitekeen beraien alderdien norabidea gai honetan.

EH Bilduko eta EH Baiko hautetsiez gain, zein beste alderdietakoak daude Udalbiltzan?

Udalbiltza ez dute alderdiek osatzen, baina jakitun gara, egungo osaketan, lan handia dagoela sentsibilitate eta ikuskera diferenteak biltzeko.

Beste alderdietakoak ez daude beraz.

Udalbiltzak ateak zabalik ditu.

Eta zein ate jo dituzue? Adibidez, Ahal Dugu-ren inguruko hautetsien aldetik zein jarrera antzeman duzue?

Oro har, ona. Udaletan aurkezpenak egin ditugunean, interesa erakutsi dute. Eta ziur gaude hori handitu egingo dela. Kasu honetan ere azpimarratu nahiko nuke Gasteizko kasua.

Eudeli buruz EH Bilduk eta EAJk egin berri duten akordioaz esan duzue hurrengoa Udalbiltzaren inguruan izatea espero duzuela. Eudelekoa bada zerbaiten aurrekaria?

Euskal Herrian, azken garaian, aldaketa asko gertatzen ari dira, eta alderdi ezberdinen artean ikusten ari gara akordioetarako gaitasun hori: horietako bat izan daiteke Eudel. Horregatik nahi dugu hurrengo akordio handia Udalbiltzan izatea. Espero dugu, alderdien akordio politikoak direla medio, hautetsien biltzar hau pluralagoa eta aberatsagoa izatea.

Aurreko astean, EAJren Batzar Nagusian onartu zuten testu bat, non esaten den EAJk babestuko dituela eta hautetsiak animatuko dituela mugaz gaindiko proiektuetan eta erakundeetan lan egitera. Sumatu duzue hurbilpenik edo interesik?

Horrelako adierazpenak beti iruditzen zaizkigu positiboak, eta ongi etorriak dira, bat egiten dutelako Udalbiltzaren norabidearekin eta topo egin dezakegulako. Uste dugu hori dela bidea.

Baina bildu zarete EAJrekin?

Ez. Baina alderdi horretako hautetsien artean nabari dugu jarrera aldaketa eta interesa.

PSE-EEk, berriz, aste honetan esan du prest dagoela euskal nazioa aitortzeko: nazio kulturala, ekonomikoa, soziala... baina ez erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko gisa. Udalbiltzarentzat aski da hori?

Gauza bera esango nuke. PSEk egindako adierazpen bat izanik, nazio hitza jasotzea, ikuspegi kultural-folkloriko batetik bada ere, interesgarri iruditzen zaigu, hori ere badelako Udalbiltzaren lan ildoetako bat. Kulturaren arloan, ekonomiarenean eta abarretan gure nazioa eraikitzen delako herrialdeen arteko elkarlan harremanak sendotuz, elkar ezagutuz eta errespetatuz.

Ipar Euskal Herriaren erakundetze prozesuan zein egiteko betetzen ari da edota jokatu nahi du Udalbiltzak?

Prozesu horrekiko babes eta atxikimendua osoa adieraztea. Prozesu horretan lortzen ari diren akordio pluralak oso inportanteak dira, eta ez bakarrik Ipar Euskal Herriarentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere.

Euroeskualdeari, tresna gisa, zein garrantzi ematen diozue?

Horrekin, aukera ikusten dugu Euskal Herria subjektu politiko gisa kokatzeko Europako mapan, gainditzeko estatuen mapa. Euskal Herriaren erakundetze prozesuan beste pauso bat izan daiteke, eta Udalbiltzak egiteko garrantzitsua bete dezake erakunde nazional bakarra den heinean.

Zer egiteko asmoa duzue epe motz eta ertainera begira?

Hausnarketa prozesu bat hasiko dugu orain, egindakoak aztertzeko, aurrera begirakoak zehazteko, eta lan ildo berriak ere zabaltzeko. Eta hor aztertuko dugu horri zein dimentsio eman.

Aspaldiko partez, Hego Euskal Herrian bi lehendakari abertzale daude. Nola baloratzen duzue EAEren eta Nafarroaren arteko harremanei buruz orain arte egin dutena? Zer espero duzue?

Zenbat eta akordio gehiago eta elkarlan zabalagoak sortu instituzio eta erakunde diferenteen artean, askoz ere hobe. Uste dugu, gainera, gaur egun baldintzak badaudela horretarako: aipatutako kasua da horren adibiderik argienetako bat. Biak abertzaleak izanda, aukera baliatu behar da esandako norabidean pauso gehiago emateko.

Udalbiltzak duen tresna garrantzitsuenetako bat da Garapen eta Kohesio Fondoa. Zenbateko aurrekontua dauka urte honetarako? Zein dira lehentasunak?

2016ra begirakoak ez ditugu oraindik zehaztu —iazko aurrekontua 100.000 euro ingurukoa izan zen—, baina Pirinioetan Lan eta Bizi programarekin eta Kohesio Fondoarekin bideratu diren laguntza guzti horiek erakutsi digute, bereziki, Euskal Herriko hainbat eremuren elkarlana eta oreka sustatzeko baliagarriak direla. Lan ildo gisa, interesgarriak dira bi proiektu horiek, baina aztertu behar dugu zein jarraipen emango zaien eta zertan zehaztuko diren.

Ekainean, 30 bat herritan independentziari buruzko galdeketak egingo dituzte. Udalbiltzak izan beharko luke egitekorik horietan? 2014an Etxarri—Aranatzen egindakoa babestu zenuten eta baita parte hartu ere antolakuntzan-eta. Orain?

Horrelako egitasmoak ondo baloratzen ditugu, eta egia da orain arte egindakoak babestu ditugula. Orain, aztertu behar dugu zein den gure egitekoa prozesu horietan. Argi dago hurrengo hilabete eta urteetan erabakitzeko eskubidearen inguruan dinamika ezberdinak aktibatuko direla udalerrietan eta horrek bere dimentsioa hartuko duela. Udalbiltzak begi onez ikusten du hori, eta, gutxienez, orain arte bezala, babesa eskainiko die.

Urteotan Udalbiltzak garatu dituen egitasmo askok eta jaso dituzuen laguntza batzuek auzitan amaitu dute, Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkarien helegiteengatik. Nola eragin du horrek zuen jardunean?

Azken helegite hauekin Carlos Urkijok [Espainiako Gobernuak EAEn duen delegatuak] lortu nahi du bere garaian bide penaletik lortu ez zutena [2003an, Udalbiltzaren jarduna eten zuen Baltasar Garzon epaileak, baina 2011n absolbitu zituzten epaitutako 20 kideak]. Beste modu batera esanda, Urkijo saiatzen ari da Udalbiltza deuseztatzen, ekonomikoki itoz.

Udalbiltzak indarra hartuz gero, kriminalizazio hori areagotzeko arriskua ikusten duzue?

Azkenaldian, EAEko Auzitegi Nagusitik atera diren sententzia denak gure aldekoak izan dira. Eta garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, Udalbiltza instituzio publiko gisa aitortzen delako eta hautetsiei eta udalei, bere eskumenen barruan, aitortzen dielako Euskal Herria eraikitzeko helburua duen instituzio batean parte har dezaketela, legezkoa dela, nahiz eta Espainiako Gobernua horren aurkako kriminalizazioan tematu. Orain, nahi duguna da behingoz prozesu judizial hauek amaitzea, gobernuak Udalbiltza instituzio zilegizko eta legezko gisa aitortzea, eta bakean eta lanean uztea.

BERRIAn argitaratua (2016/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA