kirola
ARITZ ARANBURU
«Gogotik saiatuko naiz Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzen»
Unai Ugartemendia
Lehenik eta behin, zorionak garaipenagatik. Nolako astea izan da Lanzarotekoa?
Oso polita izan da. Aste guztia pasa dut Kanaria uharteetan, eta oso gustura egon naiz.
Garaipena ospatuko zenuen, ezta?
Bai, noski. La Santa herrian izan da txapelketa; oso komunitate txikia duen herrixka bat da, baina bertan daukaten olatua izugarria da. El Quemao izena jarri zioten, eta urtero jokatzen da txapelketa. Oso berezia da, baldintza oso onak daudenean bakarrik jokatzen delako; ez du data zehatzik. Hiruzpalau hilabete irekita egoten da data, eta egun pare batetan baldintzak oso onak izango direla ikustean, dei egiten dute, lau egun lehenago. Aurten, bi egunetan izugarrizko olatuak izan ditugu, bete-betean asmatu dute. Mundu guztiko jendea bildu gara.
Herriak dena ematen omen du txapelketan.
Bai. Lanzarotek berak turismorako indar handia dauka, eta horrelakoetan herri guztia gertuko egiten da. Turismoari bultzada handia ematen diote horrelako txapelketek, eta, herri txikia izan arren, herri handi baten antza hartzen du.
Nola joan zen txapelketa?
Ez nintzen oso ondo hasi. Lehen egunean, oso itsaso handia sartu zen, eta nire txandan, agian, gehitxo jarri zen. Horrelakoetan, itsasoak zer norabide hartzen duen kontuan hartu behar da, olatuak kalitatea gal baitezake. Ezustean izan zen, eta gauzak zaildu zizkigun. Hala ere, gustuko ditut horrela hasten diren txapelketak. Maila igotzen joatea gustatzen zait, eta hori gertatu zait honetan. Lehen eguneko txandak aurrera atera nituen, eta gustura amaitu nuen.
Bigarren egunean bereak eta bi egin zenituen.
Izan nituen hiru txandetan nire onena eman nuen. Finalean, izugarrizko lotura izan nuen itsasoarekin. Guztiz garrantzitsua da itsasoarekin konexio ona izatea; bestela, ezinezkoa da txapelketa bat irabaztea. Itsasoa oso apetatsua izan daiteke askotan. Energia oso oneko eguna izan nuen. Txapela irabaztea gehigarri bat izan zen. Finalean egotearekin jada oso eskertuta nengoen, gehienbat baldintza horietan surf egiteko aukera izan nuelako.
Finalean, irabazteko aukera zenuela ikusi zenuen?
Beti dago aukera, baina denek aukera berdinak ditugu. Nik, finalean, bi olatu oso on hartzeko aukera izan nuen, eta beste bi finalistek ez zuten aukera onik egin. Banekien edonork irabaz zezakeela bi olatu on hartuz gero. Nire lehen olatua jada hamarrekoa izan zen. Lan erdiak eginda neuzkan, baina beste olatu on bat hartu behar nuen. Azken minutura arte itxarotea erabaki nuen, eta ikusi nuenean olatu egokia zetorrela, sartzea erabaki nuen. Oso denbora gutxian hartu beharreko erabakiak izaten dira. Estrategia ondo atera zitzaidan. Itxarotea merezi izan zuen.
Zure inoizko txapelketarik borobilenetako bat izan zela esan duzu. Hainbesterako?
Horrela sentitu dut. 20 puntutik 19,40 lortu nituen, eta hori bada zerbait. Baina horretaz harago, baldintzek betetzen naute. Urteak aurrera doazen heinean, gero eta zorrotzagoa naiz baldintzekin, eta dena oso polita izaten ari da. Gaur egun, askoz ere gehiago gozatzen dut baldintza onekin, horrelakoetan buruak eta teknikak lan handia egiten dutelako.
Urteko lehen txapelketa zenuen. Zer helburu zenuen?
Oso gustuko dudan olatu bat da. Txikitatik askotan egon naiz bertan, eta banekien oso baldintza onak izango genituela. Aspalditik espero nuen txapelketa bat zen. Oso zaila da egun horrelako baldintzak izatea. Irabazteko grina banuen, baina nire sasoia ikusi nahi nuen, sentipenak ikusi nahi nituen. Motibazioa ere probatu nahi nuen, eta txapelketa honetan ikusi dut baietz, oso motibatuta nengoela. Oso ondo sentitu naiz, eta finalean irabaztea zen helburu bakarra. Irabazten ez duenarekin inor ez da gogoratzen.
Motibazioa aipatuta, urteekin kosta egiten al da horri eustea?
Ni oso motibatuta egoten naiz, beti aurkitzen dut zirrikituren bat motibatuta egoteko. Nik, zorionez, Lehen Mailan egoteko aukera izan dut, eta, zirkuitu horretan, gehienetan oso baldintza onak izaten dira. Baina Bigarren Maila horretan kalitatea ez da hainbeste begiratzen. Nire espezialitatea olatu sendoak dira, eta askotan ez ditut topatzen baldintza onak.
Zure ezaugarriak goiko mailan aritzeko hobeak direla diozu?
Agian bai, nahiz eta egun ez dudan hainbesteko obsesiorik horrekin. Lehen oso ezberdina zen; beti goian egon nahi nuen. Bertan egoteko aukera izan dut, eta oso ondo; berriro sartuz gero, badakit oso ondo egongo zela, baina egun, nik nahi ditudan txapelketak aukeratzen ditut, eta asko gozatzen dut aldi berean. La Santakoa izan daiteke adibiderik onena.
Lehen txapelketa irabazteak presioa areagotuko dizu?
Ez dut uste. Presiopean beti ondo aritu naizela uste dut, eta gainera gustuko dut presiopean aritzea. Txapelketetako presiora ohitu egin naizela uste dut, eta gauza gutxi daude urduri jartzen nautenak. Aurten, argi daukadana zera da, ez ditudala txapelketak egiteagatik egingo, baizik eta nik aukeratutakoak izango direla. Esaterako, egun gutxi barru, Pipeline (Hawaii, AEB) txapelketara noa. El Quemao-ren oso antzeko olatuak daude bertan; izugarrizko gogoa daukat hara joateko. Agian ez dira txapelketarik entzutetsuenak, baina ni gehien betetzen nautenak dira. Txapelketaz gain, beste gauza berri batzuk ere egiteko aprobetxatzen ari naiz: olatu berriak aurkitu, dokumentalak grabatu, leku berriak ezagutu...
22 urterekin Europako txapeldun izan zinen, eta WCT zirkuiturako sailkatu. Zu zara bertan aritu den euskal herritar bakarra.
Bai, dena urte berean lortu nuen: Europako Txapelketa eta WCT zirkuiturako sailkapena. Orduan, Hodei Collazo ere nirekin ibili zen, eta berak ere gauza politak egin zituen. Aurretik, Eneko Acero izan genuen erreferentzia bezala, eta asko zor diogu. Egia da urte askoan ez dela beste inor atera, eta agian horregatik tokatu izan zait niri presio guztia eramatea. Nik askotan falta izan dut atzetik baten bat bultzaka etortzea.
Zergatik egon da hutsune hori hainbeste urteetan?
Ez da batere erraza. 24 surflarirentzako bakarrik dago lekua. Oso kirol exijentea da. Pentsa bertan zer indar duten australiarrek, estatubatuarrek... Gu baino askoz ere lehenago eboluzionatu dute. Ni, esaterako, Aitor Frantzesenarekin hasi nintzen, baina guk ez genuen inongo erreferentziarik. Gaur egun, ikusten ditudanean zer entrenamendu egiten genituen, barregura ematen dit. Ordurako, lehen surflari profesionalak izandakoak izaten zituzten askok entrenatzaile.
Orain, eta atzera begiratuta, faltan sumatu izan duzu profesionaltasun falta hori?
Bai, baina orain oso erraza da hitz egitea. Gaur arte ikusi dudanarekin, argi daukat berriro ere aukera banu nik ere apustu hori egingo nukeela. Ziur nago ez zela hemengoa izango, eta agian kanpotik ekarri beharko nukeela baten bat, edo bestela nik joan beharko nukeela kanpora. Hala ere, egindako ibilbide guztiari oso begirune handia diot, gehienbat asko saiatutako ibilbidea izan delako.
Urte askoan zu izan zara erreferentzia nagusia. Presioa nola kudeatu izan duzu?
Jendea izan dut ondoan. Lehenik, Frantzesena izan nuen, eta lagunak ere lagundu izan didate. Nik baino gehiago, ondokoek espero zuten nigandik. Nik dena barruan eraman izan dut, eta ez dut inoiz honetaz hitz egiteko beharrik izan. Lortu nuen arte, gehienek zioten inoiz ez nuela lortuko, eta alde horretatik lasai nengoen. Aurretik inork ez zuen lortu; beraz, nik ez banuen lortzen ere ez zen ezer gertatuko. Nik banekien aukerak banituela, sinisten nuen nigan, eta hala izan ez balitz inoiz ez nuen lortuko. Hori bai, askotan pentsatzen nuen: «egunen batean lortzen badut, entzun beharko nauzue [barrez]». Lortu nuenean, askorengandik pentsatu izan dute: «Hau bai, hau aterako da». Hori askoz ere zailagoa da eramaten.
Zarautzen irabazi zenuen txapelketa mugarri izan zen?
Zortzi urtez ez zen txapelketarik jokatu Zarautzen, eta, 2007an, surf eskolak martxan jarri zuen berriro. Txapelketa hasi zenean, inork ez zuen amestu ere egingo herriko surflari batek irabaz zezakeenik. Beraz, pentsa, zortzi urteren ondoren, eta irabazlea, herriko bat. Hura handia izan zen. Ez nuen beste inon irabazi, herrian baizik, denen aurrean... Hor hasi zen jendea nigan sinisten, baina aurretik oso gutxik egiten zuen nire alde.
Batzuk isiltzeko balio izan zizun txapelketa hark?
Bai, nahiz eta askok orduan esan zidaten «banekien nik iritsiko zinela». Hala ere, niretzat erreferentzia bat zen Ibon Amatriainen hitz batzuekin gelditzen naiz: «Ez nuen espero lortuko zenuenik, baina orain, lortu duzunez, ikaragarri pozten naiz». Asko gustatu zitzaidan Ibonek aitortutakoa. Holako erreferenteek esandakoekin konturatu nintzen zerbait handia lortu nuela.
Baina maila gorenean zinenean lesioek ez zizuten asko lagundu.
Nire kirol ibilbidean oso lesio gutxi izan ditut, baina hura unerik okerrenean etorri zen. Hasieran oso gaizki pasatu nuen. Aldiro galdetzen nion neure buruari: «Baina zer gertatzen ari da? Zergatik niri? Zergatik orain?». Oso gutxira, pentsatu nuen ezin nintzela egon geldirik, eta lanean jarri nintzen buru-belarri. Oso urte gogorra izan zen, agian urterik gogorrena. Bizitza guztia hori lortu nahian nenbilen, eta lortutakoan hura gertatzea oso gogorra izan zen. Urte guztian ez nintzen %100 egon. Ondo errekuperatu gabe, berriro ere itzultzen nintzen, baina %40ean. Lortutako saria gozatu nahi nuen, baina ez nintzen ondo sendatzen.
Maila galdu zenuen, eta urte askoan Bigarren Mailan aritu zinen. 2014an itzuli zinen.
Oso polita izan zen. Sailkapena lortu nuen moduan, oso zaila zen itzultzea, eta horrek balio handiagoa eman zion. Urte askoan ia ezinezkoa izan da berriro itzultzea, puntuazio motagatik. Izugarrizko urtea egin nuen, eta hala ere, ia amaierara arte ez nintzen sailkatu. 2014an, bi bakarrik igo ginen Lehen Mailara, Jadson Andre brasildarra eta ni. Eskerrak denborarekin aldatu duten.
Non hartu zaituzte gehien aintzat: Euskal Herrian edo atzerrian?
Ezberdin sentitu naiz batean eta bestean. Azkenaldian asko harritu nau kanpoan ezaguna izateak. Hasi nintzenean, gelako arraroa nintzen, eta egun, ziur nire gelan ibili ziren guztiek surfa probatu dutela. Euskal Herrian ere badakit aitortza badudala.
Aurten, estreinakoz surfa olinpiar kirola izango da. Tokion aritzeko apusturik egingo al duzu?
Duela bost urte galdetu izan bazenit, inoiz ez nuen pentsatuko surfa Olinpiar Jokoetan egongo zenik. Halere, oso freskagarria da surfarentzat. Gauza onak besterik ez dizkio ekarriko. Jada nabaritzen hasi gara aldaketa. Orain arte babesleak izan ditugun bezala, ikusi dugu erakundeak ere laguntzen hasita daudela. Tokiora joateko, Munduko Txapelketa jokatuko da El Salvadorren, maiatzean. Handik aterako dira azken gonbidapenak. Hara joateko merituak bakoitzak egin beharko ditu, eta, lortzen baditut, Espainiako selekzioarekin jokatuko nuke. Oraindik ez da inor sailkatu, eta gehienez ere bi gizonezko eta bi emakumezko izan daitezke. Eta nik argi daukat Olinpiar Jokoetan egon nahi dudala.
Gogotsu sumatzen zaizu.
Bai, oso gogotsu nago, eta motibazio handiarekin. Iaz hautatu ninduten, eta aurten ere nik amaitu dut posturik onenean; badirudi aurten ere ni joango naizela Munduko Txapelketara. Ilusio berezia egiten dit Tokion egoteak. Gogotik saiatuko naiz sailkatzen. Aurten egin behar dut ahalegina, ez dakidalako hurrengoetara iritsiko naizen.