gizartea
Heriotzara arteko kondena
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Duela jada bortz urte bozkatu zuten legea Espainiako Kongresuan, ez eztabaida gutxirekin. PP Alderdi Popularrak bultzatu zuen neurria, zigor kodearen erreformaren barnean. Oposizioa kontra zuen, eta legelari ugari ere neurriaren aurka agertu ziren hasieratik, legeari helegite bat jartzeraino: «Gaur egun, oraindik Auzitegi Konstituzionalean katramilatuta segitzen du helegiteak», azaldu du Francesek.
NUPeko irakaslea eta zigor zuzenbidean aditua da Frances, eta oso kritiko mintzo da espetxealdi iraunkor berrikusgarriari buruz: «Konstituzioaren aurka doa arrunt, eta urratu egiten ditu tratu eta zigor krudel, anker edo umiliagarrien debekua eta duintasun printzipioa». Izan ere, mugarik ez dauka kondenak. «Berrikusi ahal izan arren, bizitza osorako da». Vicenta Cervello Donderis zigor zuzenbideko katedradunak ere arazo bera ikusten dio neurriari: mugagabea eta zehaztugabea dela. «Badaude adierazleak azaltzen dutenak zer egin behar den zigorra buka dadin, baina ez dago hori gertatu ahal izateko bermerik».
Epeak eta baldintzak
Espainiakoan ez bezala, Frantziako legedian jasota dago, hitzez, biziarteko zigorra. Praktikan, ordea, oso hurbil daude biak, Maritxu Paulus Basurko abokatuaren ustez: «Arrunt konpara daitezke». Cervellok dioenez, funtsean terminologia kontu bat baino ez da. «Biziarteko zigorra berez ez da existitzen Europan: izen hori daukan lekuetan ere berrikusteko epe bat izaten du. Baina, hain justu, epe horietan eta baldintzetan daude aldeak».
Frantzian 1981etik dago biziarteko zigorra -heriotza zigorra ordezkatzeko jarri zuten-, baina, epe batzuk pasatuta, presoak baldintzapeko askatasuna eska dezake. Paulusek nabarmendu du, halere, kartzelatik aterata ere zigorrak segitzen duela. «Mugarik gabeko zigor bat da. Teorian, ez zara sekula libre izanen, baina baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera ematen dute».
Leku batean zein bertzean, epeetan eta baldintzetan dago gakoa. Espetxealdi iraunkor berrikusgarriak, hain zuzen, kondena berrikusteko aukera ematen du, baina ez presoak espetxean 25 urte igaro baino lehen: «Epe ezberdinak jartzen dira, delituen arabera», azaldu du Francesek. 25, 28, 30 eta 35 urtera artekoak dira.
Baina denbora hori pasatzea ere ez da aski: «Berrikuste mekanismoa erabili ahal izateko, presoak hirugarren graduan egon behar du, ateratzeko baimenak eduki, eta bere aldeko birgizarteratze pronostiko bat izan». Hainbertze urte espetxean pasatu dituen batentzat, ez da kontu erraza: «Orokorrean preso batek ezin du irteera baimenik eskatu zortzi edo hamabi urtera arte, baina, kondena hain luzea denean, materialki ezinezkoa da baimenak lortzea». Hala uste du Cervellok ere: «Zaila da pentsatzea halako delituak egin dituen pertsona bati hirugarren gradua emanen diotela».
Berrikuspenak, izatekotan, presoaren osasun arazoei loturik emanen direla uste du Francesek, gaur egun ere hala egiten baita: «Askotan askatzen dituzte presoak hil baino hilabete batzuk lehenago». Askatasuna lortuta ere, dena den, ez da sekula izanen erabatekoa: «Epeak eta baldintzak beteta ere, beti egonen da estatuaren kontrolpean eta haren menpe, ateratzen den erregimena baldintzapeko askatasun moduko bat baita», azaldu du Francesek.
Frantziar epaileek epe motzagoak jarri ohi dituzte -haien esku dago denborak finkatzea-, baina Paulusek nabarmendu du gero eta luzeagoak jartzen ari direla: «Hamabost urterekin hasi ziren, pasa ziren hemezortzi urtera, gero 22ra, eta gaur egun badaude 30 urteko epeak». Abokatuak azaldu duenez, bertze neurri bat ere gehitu dute duela 25 urtetik hona: «Egiazko bizitza osorako zigorra edo murritzezina». 30 urte preso igaro ondoren baldintzapeko askatasuna eskatzeko baimena galdegiteko aukera ematen du.
Praktikan baldintzapeko askatzeak lortzen direla azaldu du Paulusek, baina ez kasu guzietan. Jakes Esnal, Frederique Haranburu Xistor eta Ion Parot euskal presoen kasua da: 30 urte daramatzate preso, baina oraindik ez diete eman baldintzapeko askatzerik, egin zituzten delituak «larriak» direlakoan. Zentzurik ez duela dio abokatuak: «Kontraesanezkoa da, zeren eta kondenak bi helburu baititu: zigortzea bai, baina baita gizarteratzea ere. Eta duela 30 edo 40 urte egindakoengatik preso mantentzea kondenari daukan esanahia kentzea da». Ez baitu gizarteratzeko neurririk.
Hainbertze denboraz itxita egotea kaltegarria dela ohartarazi du Francesek: «Frogatua dago itxitura espazioek, denbora oso luzean -bereziki 15 urtetik aitzinera-, lortu nahi den helburuaren kontrakoa lortzen dutela». Alegia, ez dutela presoa gizarteratzen. Francesek gaitzetsi du horretarako neurririk ere ez dagoela, eta, beraz, zigor horiek zigor huts baino ez direla bilakatzen: «Zer egin behar du estatuak 35 urtez preso egon den pertsona batekin? Ez dute pentsatu horretan, eta ez dira pentsatzen ari». Halaxe da praktikan, Cervellok dioenez: «Espetxe Erakundeak ez du zirkularrik kaleratu azaltzeko nola bete behar den kartzelan espetxealdi iraunkor berrikusgarria». Kartzelaldi horrek ondorio larriak ditu presoarengan, Francesek gaineratu duenez: «15 urtetik aitzinera, askotariko gutxiagotzeak gertatzen dira; kartzelatzearen efektu psikosomatikoak eta des-sozializatze nabarmen bat».
Oinarririk gabe
Presoari dakarzkion kalteak ez dira gaitzetsi dituzten alde bakarra. Francesek, Cervellok eta Paulusek salatzen dutenez, hain zuzen, halako kondenak ez daude gizarteko kriminalitate tasetan oinarrituta. «Kriminalitatea ez da handitu, eta gainera ez dira oinarritzen lan batzuen gainean non erakusten duten ondorio onak dituela kondenak handitzeak», azaldu du Paulusek. Iritzi berekoa da Cervello ere: «Terrorismorik ez dago jada, eta delinkuentzia arrunteko erailketa delituak ez dira ugaritu, gutxitu baizik. Neurri elektoral bat da, beraz: gizartearen zati baten eskaerei erantzuteko harturikoa».
Francesek ere uste du zigorrak bertze zerbaiti erantzuten diola: «Komunikabideek hauspotuta, beldurraren diskurtsora eta zigor handietara jotzen ari dira». Zigortzen diren delitu motak dira horren erakusgarri. Izan ere, orain arte 16 urtez beheitiko adingabeak edo pertsona zaurgarriak hiltzeagatik edota delitu sexualekin lotutako hilketengatik soilik jarri dira kondenak. «Badira bertze delitu batzuk, adibidez, erregearen erailketa edota gizateriaren aurkako krimena, ez daudenak deusetan oinarrituak». Erregearen aurka zenbat delitu zeuden begiratu zuen Francesek, eta kopurua oso txikia dela dio. «Errepresio nahi bat» baino ez du ikusten Paulusek horren guziaren gibelean. «Ari gara metatzen legeak gure eskubideak murriztu eta kontrola areagotu dutenak, eta ez dute segurtasuna bermatzen; egiten duten bakarra da gizartea kontrolatu».
Francesek dio juridikoki ere ez dela sostengatzen. «Ez da egia ordena juridikoan ez zegoela zigor nahikorik fenomeno larriei erantzuteko. Aitzinetik ere bazeuden kondena luzeak». Legea bera nola formulatua dagoen, gainera, ez da egokia, haren ustez. Izan ere, Zigor Kodeak bi hilketa mota bereizten ditu: homizidioa -edo giza hilketa- eta erailketa. Erailketa dela ebatzi ohi da nahita eginda izan bada, maltzurkeriaz. Eta 16 urtez beheitiko pertsona bat edo zaurgarria den norbait hilez gero, zuzenean hartu ohi da erailketatzat, pertsona hori babesgabe zegoela aintzat hartzen baita. Bazeuden lehenagotik hori zigortzeko neurriak. «Bi aldiz ari dira zigortzen gauza bera». Eta Francesek deitoratu du horrek ez duela lege oinarririk. Berdin Cervellok: «Ez zegoen premiarik zigor hau ezartzeko».
Aldatzeko esperantza gutxi
Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarria dagoen helegitea noiz ebatziko duten zain daude Frances eta Cervello. Baina hori askatuta ere, eta Gobernu berriak erranikoak erran, aldaketa handirik ez dute espero: «Neurria indarrean jarrita, oso zaila da gibelera botatzea. Berme gehiagorekin, agian, baina mantendu eginen dute», dio Francesek. Eta beldur da ez ote duten gehiago zabalduko: «Bertze delitu batzuetara zabaltzea erraza da». Bortxaketak egin dituztenen aurka jartzeko proposamenak egon dira, adibidez. Francesek arrisku handia ikusten dio horri: «Ustez emakumeak babesteko jarri nahi dute neurri hori, baina aldi berean ez dute deus egiten berdintasun politikei dagokienez». Ikuspegi feministatik, arriskutsua da halako zigorretara jotzea Cervelloren ustez ere. «Koherenteak izan behar dugu: ez badugu halako zigorrik nahi oro har, genero delituetan eskatzeak ez du zentzurik».
Ez dago soluzio errazik, Francesen ustez: «Gero eta zigor luzeagoetara jotzea iruzur konstante bat da hainbertze ertz eta sustrai dituen arazo bati errotik, bere osotasunean eta modu konplexuan ez aurre egiteko. Erantzun sinpleek ez dute balio». Delitugileek jokatzen duten moduan ez jarduteko eskatu dio justiziari: «Herritar gisa, exijitu dezakegun bakarra da estatuak ez dezala jokatu kriminal baten gisan, pertsona bat heriotzara kondenatuta».