astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

politika

Argi izpi baten bila

Gotzon Hermosilla

Argi izpi baten bila

Ozen esan zuen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Alberto Spektorowskyk begirale askok pentsatzen dutena, Foro Sozialak joan den urtarrilean Gernika-Lumon (Bizkaia) egindako bilkuran: «Harrigarria da Espainiak beste aldearen indarkeria amaitu dela ziurtatu ostean presoen gaiari ez heltzea». Izan ere, Espainiaren -eta Frantziaren- jarrerak ez dauka parekorik gatazka armatuen konponbideen historian: lau urte baino gehiago igaro dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat jo zuenetik, eta presoen egoera, hobetu beharrean, larriagotu egin da denbora tarte horretan.

Ahaleginak badaude egoerari konponbidea bilatzeko. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, esaterako, aspalditik ari da bide bat urratzen, emaitzak orain arte urriak izan diren arren.

2013ko irailean jakinarazi zuen EPPK-k egungo legeriak eskaintzen dituen baliabideak erabiliko zituela «Euskal Herriratzea lehentasunez eta etxeratzea ezinbestez» lortzeko. Espainian, Euskal Herrira ekarriak izateko eskaera indibidualak egin zituzten presoek; orain arte, ezezko erantzuna jaso dute, azkena Espainiako Auzitegi Nazionalarena. Auzia orain Auzitegi Konstituzionalean dago.

Frantzian, berriz, eskaera gehienei ez diete erantzunik eman, eta erantzun dituztenen kasuan gehienetan ezezkoa jaso dute presoek. Zenbait kasutan, administrazio epaitegietan helegiteak jarri dituzte. Miren Ilarreta abokatuak dioenez, presoen defentsan aritzen diren abokatuek «harresiaren kontra» jotzen dute «legezko eskaeren eta oinarrizko eskubideen defentsan» aritzen direnean, eta nahiko argi dute ekinaldi honen azken helmuga Europako justizia erakundeak izango direla berriro ere.

Ilarretaren esanetan, «salbuespen legedia» eta horren «salbuespeneko interpretazioa» ere daude indarrean, eta biak ala biak gainditu behar dira egoera konponduko bada: «Arazoa da hori Espainiako eta Frantziako legegile eta epaileek egin behar dutela. Interpretazio egoki batekin, posible da arazoaren parte handi bati irtenbidea jartzea, eta, borondatea egonez gero, arazoa erabat konpontzea ere bai».

Jarrera «ulertezina»

«Munduan ez dago indarkeria politikoa pairatu duen herrialderik, presoen egoeraren irtenbidea negoziazio mahaiaren gainean izan ez duenik», esan du Sareko Joseba Azkarragak. «Alde horretatik, Espainiako Gobernuaren jarrera guztiz ulertezina da».

Azkarragak uste du ETAk duela lau urte bere jarduerari bukaera eman izana «irtenbidearen zati bat» dela, «baina ez irtenbide osoa». Eta ikuspegi horretatik, presoen afera nahitaez konpondu beharrekoa da, Azkarragaren esanetan: «Espetxean 400 preso mantentzen dituen gatazka bukatu gabekoa da, konpondu gabea, akordioa behar duena».

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezek uste du gaia «garrantzi handikoa» dela, «lehentasun handiena duten bost gaietako bat». Zuzentzen duen idazkaritzak plangintza bi proposamen atondu ditu arlo horretan: Hitzeman eta Zuzen Bidean.

Lehenengoa «errealismoz eta legediaz» eskainitako bide bat da, «batez ere oso zigor luzeak dituzten eta duela gutxi espetxeratu dituzten presoei begira». Hitzeman programaren zirriborroan, «bakea eta elkarbizitza sustatzen laguntzeko konpromisoa», gizarteratzea «gertatutakoa argitzearekin eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzearekin bateragarri» egitea eta antzeko kontzeptuak aipatzen dira.

Baina Fernandezek argi utzi nahi du aipamen horiekin beraiek ez direla baldintzarik jartzen ari: «Azken erabakia epaile batek hartuko du. Eta epaile horrek, kasu bakoitza aztertzean, aintzat hartuko du bakearekin eta giza eskubideekin konpromiso argia ote dagoen, portaera egokia izan ote den eta egindako delitutik urruntze kritikoa ote dagoen. Guk ibilbide batzuk proposatu ditugu epailearen aurrean hori frogatzeko. Preso bakoitzak aukera dezake erabiltzen dituen edo ez, baina, gizarteratze prozesu bati ekin nahi badio, hiru osagai horiekin topo egingo du lehenago edo geroago».

Madrilgo gobernu berria

Zuzen Bidean programan, berriz, egoera konpontzen hasteko legea aldatu barik indarrean jar daitezkeen zenbait neurri, eta legearen aldaketa beharko luketen beste zenbait proposatzen ditu Jaurlaritzak. Programa Espainiako Gobernuari helarazi diote, baina orain arte ez dute erantzunik jaso: «Guk esperantza badugu Espainian gobernu berria eratzen bada bake eta bizikidetzarako gure agenda mahai gainean jartzeko eta bideratzeko», esan du.

Izan ere, eragile gehienak bat datoz horretan: egungo legeriak aukerak ematen ditu, nahi izanez gero, korapilo anitz askatzen hasteko. Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak uste du arazo honetan «hainbat esparru» daudela, eta horietako bat dela «legeriaren salbuespeneko aplikazioa». Hor kokatzen dute, sakabanaketa eta gaixotasun larriak dituzte presoen auzia: «Bi arazo horiek dagoeneko erantzun bat eduki beharko lukete, oinarrizko eskubideen errespetuari dagozkiolako».

Sortuko Pernando Barrenak ere uste du egungo legeriak zedarritzen duen joko zelaian badagoela zer aurreratu. Baina horretarako «borondate politikoa» ezinbestekoa dela deritzo: «Presoek legearen araberako edozein erabaki har dezakete, baina erabaki horiek topo egiten badute salbuespen legeri batekin edo lege horren salbuespeneko interpretazio batekin, zeinaren arabera euskal preso politikoei ez zaizkien aitortzen Espainiako Estatuan diren 60.000 preso horiei aitortzen zaizkien onura eta eskubide berdinak, erabaki horiek ez dira inoiz eraginkorrak izango».

Barrenaren arabera, espetxe legeria arrunta interpretazio makurrik gabe aplikatuko balitz, egun dagoen preso kopurua «modu drastikoan» murriztuko litzateke «oso epe laburrean».

Hala ere, Barrena jakitun da neurri horiek guztiak aplikatuta ere egon daitekeela preso multzo bat kaleratze azkarra lortzeko zailtasun gehiago izango lituzkeena. Horiei ere irtenbidea bilatu behar zaiela uste du, eta hor sartzen da EH Bilduren Bakerako euskal bidea agirian agertzen den eta Rufi Etxeberriak Iruñean emandako hitzaldian berriro gogora ekarri zuen «baldintzapeko askatasun aurreratua».

Salbuespen legeria zein espetxe lege arrunten salbuespeneko interpretazioa bertan behera utzi beharraz eta horretan Espainiako Gobernuak duen erantzukizunaz eragile gehienak bat datozen arren, hortik aurrerakoan hasten dira desadostasunak. Fernandezek uste du afera honetan hiru eragile nagusi daudela: Espainiako Gobernua, presoak eta beren «inguru politikoa», eta euskal instituzioak eta gizartea oso har. Eta ezinbestekotzat jotzen du bigarren arlo horretan, presoenean alegia, urrats gehiago egitea: «Derrigorrezkoa da betoa altxatzea eta presoek aukera edukitzea legeak eskaintzen dizkien aukerak jorratzeko. Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek badute zeregina, baina EPPK-k eta ezker abertzaleak ere badute ardura bat».

Alde horretatik, «interesgarria» eta «positiboa» iruditzen zaizkio Etxeberriaren hitzaldiaren edukiak eta EPPK-k abiatutako dinamika, baina uste du «gauza gehiago» egin daitezkeela. Iturratek antzeko iritzia du: pentsatzen du ETAk ez duela bete armagabetzearen arloan hartutako «konpromisoa», eta Etxeberriak proposatutakoak begi onez ikusten dituen arren, uste du EPPK-k «ezezko erantzuna» eman diola horri eta «kontrako jarrera» azaldu duela. «Eragindako kaltea aitortzea» eta «terrorismoaren kontrako aldarria egitea» ezinbestekotzat jotzen ditu.

Barrena, berriz, «dezepzionatuta» agertu da EAJren jarrerarekin: «EAJk gai honi heltzen dio Madriletik heltzen zaion filosofia berdinarekin. Harrituta ikusten dugu Gasteizko gobernuak bere egiten duela PPren diskurtsoa, eta hark bezala legearen aplikazio hutserako legean agertzen ez diren eta guztiz politikoak diren bestelako baldintzak planteatzen dituela».

BERRIAn argitaratua (2016/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA