astekaria 2020/01/24
arrowItzuli

politika

Kolpetik etendako «bokazioa»

Jon O. Urain

Kolpetik etendako «bokazioa»

San Sebastian eguneko festa giroa samin bilakatu zen Donostian 1995eko urtarrilaren 23an. Egun euritsu hartako arratsaldean, 15:30ean, Parte Zaharreko La Cepa tabernan bazkaltzen zegoen Gregorio Ordoñez PPko Gipuzkoako presidente, Donostiako zinegotzi eta hurrengo hauteskundeetarako alkategaia, hiru lankiderekin. ETAko kide bat sartu zen tabernan, eta tiro bat eman zion buruan. Bertan hil zen. 36 urte zituen, eta hamalau hilabeteko seme bat.

Ordoñezen aurkakoa ez zen atentatu bat gehiago izan ETAren ibilbidean; batetik, ordezkari politikoak jomugan jarri eta soka baten hasiera izan zelako, eta, bestetik, erantzun soziala handia izan zelako. Ezker abertzalean ere eragin zituen pitzadurak.

Gaur dira 25 urte haren hilketatik, eta Gregorio Ordoñez fundazioak erakusketa bat prestatu du, Gregorio Ordoñez: bizitza posiblea izenpean, PPko politikaria zenaren memoria gordetzeko. Gaur 13:00etan egingo dute inaugurazioa, eta bertan izango dira, besteak beste, Ana Iribar fundazioko presidente eta Ordoñez zenaren alarguna, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Pablo Casado PPko presidentea.

Gaurkoaz gain, etzi egingo dituzte Ordoñez oroitzeko beste ekitaldi batzuk ere. Batetik, Polloeko hilerrian batuko dira goizean. Ondoren, udalak Ordoñezen aldeko plaka jarriko du Abuztuaren 31 kalean, hil zuten tabernaren aurrean; udal ordezkariek, Ordoñezen senideek eta nahi duen orok udaletxetik hil zuten lekurainoko ibilbidea egingo dute oinez, zinegotzia zenak egin zuen azken bidea gogoratzeko.

Venezuelan jaio zen Ordoñez, 1958an, eta Informazio Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, baina politikagintzan aritu zen nagusiki. 1983an sartu zen Donostiako Udalean, zinegotzi, eta 1991-1995eko legealdian alkateorde izan zen; alkategai izan zen hiru legealditan, eta zerrendaburu izatekoa zen 1995eko hauteskundeetan ere -hil baino lau egun lehenago izendatu zuten hautagai-. Gainera, Gipuzkoako PPko presidentea eta legebiltzarkidea zen. PPren Donostiako eta Gipuzkoako lidergoa izan zuen urteetan zehar, alderdia hazkunde bidean jarri zuen, hil aurreko bi hauteskundeetan eta 1995eko maiatzekoetan, Donostian boto gehien lortu zuen alderdi izateraino.

«Zerbitzu publikoaren amorratu bat zen; gozatzen zuen herrikideei laguntzen, bokazioa zuen. Bere hiria maite zuen», azaldu dio Consuelo Ordoñez Gregorio zenaren arreba eta Coviteko lehendakariak BERRIAri: «Gure belaunaldia girorik okerrenean hazi ginen: egunero genuen atentatu bat. Kasualitatez heldu zen politikara, baina, behin iritsita, bokazio hori aurkitu zuen». Hortaz, uste du «politika egiteko modu bat» dela hark utzitako ondarea: «Modu iraultzaile bat».

Hautetsiak jomugan

ETAk jauzi bat eman zuen Ordoñezekin, erakunde armatuak hildako hautetsien zerrendan aurrenekoa izan baitzen. Ordoñezek berak mehatxuak jaso zituen, baina ez zeraman bizkartzainik. Aljerreko negoziazioen amaiera eta 1992ko martxoko Bidarteko polizia operazioa zirela eta, krisian murgilduta zegoen ETA, eta horrek eraman zuen berregituratzera, «militarki eta politikoki». 1995eko apirilaren 20an aurkeztu zuen ETAk Alternatiba Demokratikoa, Jose Maria Aznar PPko presidentearen aurkako atentatuaren biharamunean.

Hildako hautetsi popularren zerrenda luzatuz joan zen hurrengo urteetan. 1997ko uztailean, Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzia bahitu, eta handik bi egunera hil zuten tiroz, eta, urte bereko abenduan, Jose Luis Caso Errenteriako (Gipuzkoa) PPko zinegotzia hil zuten. 1998ko urtarrilaren 9an hil zuten Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko zinegotzia. Handik hiru astera, Sevillan (Espainia), PPko zinegotzi Alberto Gimenez Becerril eta haren bikotekide Ascension Garcia hil zituen, eta, ekainean, Manuel Zamarreño alderdi bereko Errenteriako zinegotzia. Urte horretako irailean eman zuen ETAk su-etena, eta soilik 2000. urtean hil zituen PPko bost kide: Jesus Pedrosa Durangoko (Bizkaia) zinegotzia, Jose Maria Martin Carpena Malagakoa (Espainia), Manuel Indiano Zumarragakoa (Gipuzkoa), Jose Luis Ruiz Casado Sant Adria de Besoskoa (Herrialde Katalanak) eta Francisco Cano Viladecavallskoa (Herrialde Katalanak). Aitzitik, PSE-PSN-PSOEkoen eta UPNkoen aurka ere atentatuak egin zituen urte horietan.

Pitzadura ezker abertzalean

HBk, halaber, hasia zuen bere hausnarketa prozesua. 1992an aukeratu zuten Mahai Nazionala, eta 1995. urtearen erdira arte aritu ziren eztabaidan. Oldartzen txostena -ofiziala- nagusitu zen. Haren arabera, «erresistentzia» fasea gainditu behar zuen ezker abertzaleak, ekimen mobilizatzaileen eta «presio sozialaren» bidez. Funtsean, bai ETAk, bai ezker abertzaleak haien ustez Ajuriaeneko Itunak ezarritako alde bakarreko indarkeriaren ikuspuntua eta«bazterketa politikoa» aldatu, eta aliantza dinamika berriak behartu nahi zituzten, nork bere erara «tentsioa» areagotuz kalean zein instituzioetan.

Ordoñezenak, ordea, pitzadurak sortu zituen ezker abertzalean. Begoña Garmendia HBko Donostiako udal taldeko bozeramaileak «erabateko desadostasuna eta arbuio tinkoa» adierazi zuen; ez taldearen izenean, «HBko pertsona eta militante» gisa baizik. Harekin bat etorri ziren Patxi Zabaleta HBko Mahai Nazionaleko orduko kidea eta Marine Pueyo Iruñeko zinegotzia.

Orain, Gregorio Ordoñez zenaren memoria gordetzea du helburu Consuelo arrebak: «Konta dezakegu nola bizi izan zen. Gogoratzen badugu, bizirik jarraituko du pertsonen oroimenean».

<<>/iframe>p>

BERRIAn argitaratua (2020/01/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA