politika
Torturaren minak sendatzeko
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Tortura kontzeptua izan zuen abiapuntutzat Dañobeitiak, eta Ignazio Mendiola soziologoaren definizio bat izan zuen gogoan lehen hitzetan: «Tortura estatu aparatuen funtzionamenduari guztiz lotuta dago; estatu aparatu horiek etengabe sortzen dituzte torturagarriak izan daitezkeen komunitate multzoak». Are, definizio horri beste xehetasun bat gehiago gehitu zion: «Bizitzaren ukapena eragiten da, baina heriotza eragin gabe; erdibide horretan dagoena da tortura». Hala, Dañobeitiak gaineratu zuen horrelako definizioek, besteak beste, lagun diezaioketela tortura bizi izan duen komunitateari.
Torturek izan dezaketen generoaz galdegin zien ostean dinamizatzaileak hizlariei, eta baita feminismoak testuinguru horretan izan dezakeen garrantziaz ere. Dañobeitiaren arabera, feminismoak ekarpen ugari egin ditu, eta tortura, gizarteko beste arlo guztiak bezalaxe, genero ikuspegitik aztertu behar da. Andrieuk bere esperientziaz jardun zuen: 1981an atxilotu zuten, eta azaldu du ordurako egina zuela ibilbide feminista bat. «Feminista nintzen, eta horrek lagundu zidan nire burua espazio horretan kokatzen. Sistema patriarkalaren atzamarretan nengoen, indarkeria patriarkalaren gune instituzional batean».
Belaunaldi guztiek ez dituzte bizipen berberak, eta jakinarazi zutenez, tortura moduak ere aldatu dira urteetan zehar. Halere, guztiek aldarrikatzen dute torturaren inguruan kolektiboki hausnartu beharra. Gaur egun torturaren inguruan dagoen ideia orokorraz mintzo zen Sagastizabal: «Sarri uste da tortura iraganeko kontua dela, eta bertan kokatzen dugu. Tortura posible egin dutenek ere ez dute aitortzen, eta haren zauria bere horretan gelditu daiteke betiko». Aitortu zuen torturaren ondorioak oraindik bizi dituztela, baina posible dela zauri horiek konpontzea. Feminismoak bide horretan izan duen garrantzia izan zuen aipagai.
Elkarguneen beharra
«Espazio gutxi egon dira kolektiboki torturaren inguruan hitz egiteko, eta baita hark eragindako ondorioak bizitzan zeintzuk izan diren elkarbanatzeko ere», esan zuen Sagastizabalak. Nabarmendu zuen, ordea, feminismoak eman diola aukera gaiaren inguruan hitz egiteko, eta laguntzeko: «Eman didan tresna garrantzitsu bat da pertsonala politikoa dela». Beharrezkotzat jotzen du espazio kolektiboak sortzea eta gaia taldean lantzea. Haren ustez, nahiz eta gatazka kolektiboa izan, torturak eragiten dituen ondorioak pribatizatzeko joera dago. Dañobeitiak, aldiz, azaldu zuen zaurien inguruan hitz egitean esperientzia eta iritzi ezberdinak daudela, baina garrantzitsutzat jo zuen bitartekoak jartzea norberaren zein ingurukoen minei begiratzeko.
Zauriak nondik, zein bidetatik eta non sendatu. Hor dinamizatzailearen galdera. Andrieuren arabera, instituzioen aldetik jada ezer gutxi espero du, eta beraz, kontzientzia taldeetan eta herri mugimenduan jarri behar da fokua. Hala eta guztiz ere, hiru hizlariek argi dute zenbaitentzat zaila dela gertatutakoez hitz egitea, eta, beraz, espazioak zaintzea garrantzitsua dela. «Uste dut hausnartu behar dela nola antolatzen ditugun mahai inguruak; orain arte edukia asko zentratu da tekniketan, baina ez dugu inoiz hitz egin sentimenduez», azaldu zuen Dañobeitiak; eta pertsonen zaintza ere gogoan izan zuen. Hiru hizlariek, baina, argi dute oraindik ere asko dagoela salatzeko, eta bide horretan guztiek egon behar dutela lanean. Aldarrikatu zutenez, haiek zein beste askok bizitakoa ezin da ahaztu, osterantzean «ez dagoelako bizikidetza posiblerik».