astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

bizigiro

...barealdiaren zain

Iñaki Lasa Etura - Nora Arbelbide Lete

...barealdiaren zain

Ekaitzaren ostean dator barea. Hala dio esaera zaharrak. Ekaitza hilaren 9an iritsi zen, zortzi metroko olatuen forman. Itsasoaren haserreak txikitu egin zituen kostaldean dauden makina bat negozio eta azpiegitura. Barea, aldiz, ez da oraindik iritsi, olatuen haginkada sufritu zutenei bide luzea geratzen zaie atseden hartzeko: asurantza etxeekin egon, konpentsazio partzuergoaren erantzuna itxaron, kalteak konpondu... Ekaitzaren osteko ekaitza.

Izan ere, 200dik gora kaltetu utzi ditu denboraleak kostaldean; Gipuzkoan gehienak. Halakoetan, aseguruei deitzea da lehen pausoa. Kalteak itsasoaren enbatak sortu baditu, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak bere gain hartzen ditu intzidentziak Hego Euskal Herrian. Berdin uholde eta ziklogenesi kasuetan. Xabier Saizar Gipuzkoako Seguru Artekarien Elkargoko kidearen arabera, «oso ondo» funtzionatzen du: «Partzuergoari begira daude Europan, ez baitute halakorik». Hura gabe, asurantza etxeen esku geratuko litzateke ordainketa, horrek dakartzan arazoekin. Hori da, hain justu, Ipar Euskal Herriko kasua.

Denboralea gertatu ondorengo astean itsasoa bare dago Kontxako badian. Gezurra dirudi halako triskantza egiteko indarrik izan dezakeenik. Irudi idilikoa da olatuen kulunka, hipnotikoa. Beste aldera begiratzean, baina, berehala desagertzen da lilura. Agerikoa da txikizioa. Rotonda dantzalekua itxita dago, egurrezko hesiak daude beirateetan eta sarrerako atean. Ohiko irudia da hondartza osoko kristaletan: murrututa daude Bataplaneko, Perlako eta Eguzkiko gehienak.

Kalteak Donostian

Atletico San Sebastian itxita dago hil amaierara arte. Bitartean, bazkideek Paco Yoldi udal kiroldegia erabil ahalko dute. Aurreko denboraleetan negozio kaltetuenetakoa izan zen La Perla, baina izkin egin dio hondamendiari oraingoan. «Asteazken arratsalderako dena martxan genuen; zortea eduki dugu», azaldu du harrerako langile batek.

Normaltasunera itzultzeko asmoz daude Eguzki elkartean. Juan Amillano bazkidearen esanetan, lehentasuna «ahalik eta azkarren irekitzea» zen: bi egunez izan dute itxia soilik. «Bizikletak eta ibiltzeko makinak falta zaizkigu, kresalak eta hareak hondatu dituelako, baina bazkideak etor daitezke». Eskarmentua du halako gertaerekin. Amillanoren aburuz, «eredugarria» da aseguru etxeen eta partzuergoaren jarrera: «Ez dugu inongo arazorik izan, istripua gertatu eta bi ordura genuen hemen aseguru etxekoa». Partzuergoko perituak hondatutako makineria ikuskatu behar du orain, hondamenaren zenbatekoa kalkulatzeko. «Berehala egiten dute».

Badiako beste aldean ere, Ondarretan, nabarmena da denboralearen eragina. Lorategiraino iritsi zen hondarra jasotzen ari dira oraindik garbitzaileak. Haizearen Orrazian dago Branka jatetxea. Kalteak izan zituzten arren —atea eta terrazako hainbat ohol—, erabateko normaltasuna dute astebete geroago. Lepo dago kafetegia, eta bezero askok gai bera dute hizpide: itsasoa. Jatetxeko bazkideetako bat da Jon Zabaleta, eta aitortu du zortea izan dutela: «Beldurrez gainezka ginen, eta poztu egin ginen beiratea bere horretan zegoela ikustean». Ondo daki zenbateko garrantzia duen aseguru polizan kapitala ondo zehazteak, arazo franko izan baitzuten 2014ko itsas denboralearekin: «Terraza ez zuen kontuan hartzen, eta erabat txikitua zegoen». Aseguru etxez aldatuta, arazo gutxiago espero ditu orain.

Zehaztu duenez, ezinezkoa da diru guztia berreskuratzea. «Hasteko, partzuergoak %7ko frankizia du; gainera, zure gain hartutako lanak ez dira sartzen —babesteko oholak jartzea, esaterako—». Antzera mintzo da Tenis Club elkarteko kudeatzaile Jokin Larrañaga: «Guk bi galdara ditugu; bat zaharra da, bestea laguntzeko. Baina balio txikia du partzuergoarentzat: berri baten %20». Itsasoak sarraski handia egin zuen Tenisean; biltegi batean sartu, estalitako tenis pistetaraino iritsi eta lurra hondatu zuen. Itsasoaren haserrea gutxi ez, eta euriak luizia eragin zuen bi egun geroago.

Donostian ez ezik, Zarautzen (Gipuzkoa) ere gogor jo zuen enbatak, elkarren ondoan dauden Aloha eta Beach kafetegietan bereziki. Harrapatu zuten oro txikitu zuten olatuek. Kontraste handia dago egunotan malekoian; taberna horien alboan dago Katixa izenekoa, eta irekita dago, kalterik gabe. Erotzeko moduko erritmoan dabil Mertxe Gomez, Beach kafetegiaren jabea. «Atzo [asteartea] etorri zen partzuergoko peritua, aseguru etxean izan naiz, arotzaren zain nago...». Lehen aldia du, eta haren kezka nagusia kafetegia ahalik eta azkarren irekitzea da, fakturatzeko. Halere, Saizarrek zehaztu du zeharkako galera horiek ere hartzen dituela bere gain partzuergoak, «baldin eta polizak zehazten badu».

Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian ere izan da kalterik. Lekeitioko Isuntza arraun elkartekoek ondo dakite alferrikakoa dela itsasoaren kontra borrokatzea.Trainerutik kanpo izan dute lehia oraingoan. Beirate gehienak birrindu ditu ekaitzak. «Gaur egun dauden lodienak dira, eta, hala eta guztiz ere, apurtu egin ditu», azaldu du Santi Zumaran presidenteak. Aseguru etxeei dagokienez, ez du kezka handirik: «Arin funtzionatzen dute».

Lau metroko goratasuneko uhin batek dizkio kalteak eragin Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Helianthal talasoterapiari ekaitzak. Baina, oro har, ez duela halako kalte handirik berretsi du egiturako zuzendari Cyril Dechelottek. Igerileku nagusiko hiru berina hautsi dizkio uhinak, eta itsasoa igerilekura sartu da. Aitzinetik hustua zuten, prebentzio gisa. Bezeroek artatze zerbitzuez gozatzen segitu ahal izan dutela gaineratu du, beste egiturek ez baitute kalterik jasan. Igerilekua bera 48 oren berantago erabilgarria zen, berinen ordez taula batzuk jarriak zituztela.

Asurantzak hartuko ditu bere gain kalte-ordainak. Oraindik ez dakiela zenbat ordainduko duten azaldu du Dechelottek, gaia ez duela hain gogoetatua. Bi urte daramatza zuzendari, eta hasieratik asurantza bera du. Prezioak ez zaizkio emendatu. Ikusiz non kokatuak diren —itsasoaren parean— ezingo luketela gauza handirik egin deritzo. Ekaitzen aurkako erridau deituriko berina jar dezaketela uste du. Dena dela, bi urtera obra handiak egitekoak dituzte talasoterapian: «Orduan, segur, ingeniariek gogoetatuko dute kontua. Asurantzakoek ere beren eskaerak izanen dituzte».

Hondamendi eremuaz

Halako hondamendi bat gertatzean, herri kaltetuei «hondamendi naturaleko eremu» izendatzea onartzen ahal die Frantziako Gobernuak. Izendatze horrek ez ditu kalte-ordainak ematen, baina asurantzari begira laguntzen du, dirua lasterrago eskuratzeko. Multiarrisku asurantzaren barnean sar daiteke bermea. Hori gabe, ezin da kalte-ordainik jaso. Erantzukizun zibila bakarrik duenak, adibidez, ez du jasoko. Kalte zuzenak dira kontuan hartzen soilik.

Hondamendi eremu izendatzea ez da beharrezkoa Hegoaldean. «Uholde bat izan bada, nahiz eta zu izan kaltetu bakarra, partzuergoak pagatuko dizu», azaldu du Saizarrek. Hondamendi eremuak Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko soilik balio du.

Frankiziari dagokionez, Iparraldean hondamendi eremu izendatu herrien kasuan, gobernuak aztertuko du bost urteotan zenbat aldiz izan diren izendatuak. Horrek goiti dezake frankiziaren prezioa, prebentzio planik antolatu ez badute. Hegoaldean partzuergoak esku hartzen duenez, ez dago polizak garestitzeko arriskurik. Negozioaren kokapenak ez du zerikusirik polizaren prezioan, aktibitateak eragiten du soilik: etxebizitza, komertzioa edo industria izateak.

BERRIAn argitaratua (2016/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA