astekaria 2020/01/24
arrowItzuli

iritzia

Euskaraldiaren katebegiak

Iñaki Martinez de Luna

Euskaraldiaren katebegiak Iñaki Martinez de Luna

Oro har, bi multzotan eragin du 2018ko Euskaraldiak: euskaltzaleengan eta, neurri apalagoan, gainerako herritarrengan.

Batetik, euskararen irudia hauspotu du. Euskara gure gizartean bigarren edo hirugarren mailan zokoraturik egotetik erdigunerantz pixka bat hurbildu da, Euskaraldia hedabide guztien agendan agertzearekin batera. Gure hizkuntza hezkuntza-sistematik eta euskalgintzaren katakonbetatik irten eta, denbora tarte luzetxoan iritzi publikoaren begi-bistan agertuz, egun argitan jarri da. Horren ondorioz, euskara erabat arrotz duten herritarrek ikusi dute egon badagoela eta erabili erabiltzen dela; ez dela mugatzen giro politiko batzuetara edo herri-erakundeen funtzio jakin batzuetara. Hori da Euskaraldiak egindako ekarpenaren lehenengo katebegia.

Bestetik, euskaltzaleei babesa eman die Euskaraldiak, egunerokoan pairatzen duten estres linguistikoa gaindi dezaten. Gakoa da Euskaraldiak ohiko eta idatzi gabeko arau soziala hautsi izana; hots, ezezagunei erdaraz dioen lelo isil ezkutua gainditzea. Horrekin hobetu da euskararen gainean euskaldunok dugun hautematea eta, Kike Amorrarizek dioskun bezala, garrantzitsua da norberak bere buruari zer irizten dion: Ā«Edozein talderen autopertzepzioek eragin handia izan ohi dute, bai autoestimuan, bai helburuak betetzeko behar duten energian, hala nola besteen aurrean proiektatzen duten irudian eta jarreretan ereĀ». Bigarren katebegi hori lehenengoa baino are garrantzitsuagoa da.

Aurrekoaren ondorioz, 2018ko ekimenaren ekarpenik nabarmenena, zenbait adituk aitortu duten bezala, euskaltzaleen aktibazioa izan da, emaitzek argi eta garbi erakutsi duten bezala. Hartara, Euskaraldiak legitimotasuna eman dio euskaldun orori ezezagun horri euskaraz egin diezaion, eta euskaltzale askok aukera ongi probestu dute. Baina euskararen aldeko portaera sutsua multzo mugatuan baino ez da islatu. Hori da emaitzek erakusten dutena. Izan ere, hasiera batean izena eman zutenengandik multzo txiki batek (% 8,2) baino ez du prozesu osoa bete; alegia, interes eta konpromiso maila altuenak dituztenek. Hala eta guztiz ere, erabilera areagotu egin da, eta hori urrezko katebegia da!

Bidenabar, euskaldunen eta erdaldunen arteko zubi lana egin du Euskaraldiak, euskararen aldeko hizkuntza-politiken eta planen legitimotasun soziala zehar-bidetik areagotuz. Laugarren kate-maila hau ere ez da huskeria.

Beraz, lau begik osatzen dute 2018ko Euskaraldiak eman digun katea; preziatua eta, aldi berean, laburra.

Izan ere, Euskaraldia ez da erabat salbu egon erresilentzia delako efektutik; alegia, interbentzioa denboran urrundu ahala, erabilerak ia hasi aurreko parametroetara hurbiltzeko joera erakutsi du. Hizkuntza aldaketa iraunkorra izan dadin, norberaren grina eta konpromisoa ez ezik, beste zerbait ere behar da: norberaren ingurune hurbilean (familian, lagunartean, lankideekin, ikaskideekin...) zein testuinguru sozial arruntean (saltokietan, herri-erakundeetan, kale-paisaian...) baldintza egokiagoak. Halako gizarte aterperik ezean, herritar arrunta berez ez da gauza salbuespen batzuk izan ezik inguruneko baldintzei aurre egin eta portaerak bere kabuz eraldatzeko.

Eremu mikrosozialeko eguneroko taldeen harremanen garrantziaz jabetuta, 2020ko Euskaraldiaren jomuga da halako guneetan eragitea; bosgarren katebegia eranstea bilatzen da, hain zuzen. 2018ko efektu anizkoitza berrindartu eta hori iraunarazteko baldintzak sortzea da asmoa, horretarako hurbileko gizarte sare edo talde antolatuetan enpatia sortuz eta jarduteko konpromisoa bilatuz. Talde konpromisoa bilatzen da, beraz, ez soilik banakakoena. Alegia, taldekideek hizkuntza aldaketarako konpromisoa elkarrekin hitzartuz gero, talde arau berri hori babesa eta akuilua da taldekide bakoitzarentzat. Kasu horretan, beraz, euskaltzale bakoitzaren eta taldearen gogoa norabide berean joango da eta, eraginak metatuz, hizkuntza aldaketa iraunkor bihurtuko da.

Bistan da, Euskaraldiaren edizio berriaren eragin kualitatiboa —euskararen irudian eta bere erabileraren legitimotasun sozialean— garrantzi handikoa izango dela, berriz ere. Horrezaz gain, etorkizun oparoari begira, dinamika horretara bilduko diren taldeen kopurua ere oso esanguratsua izango da: ekimenak euskaltzaleengan arrakastatsua izatetik dimentsio unibertsala hartuko balu betiere gure komunitatearen baitan, pauso horrek gizarte aldaketa sakona eragingo luke.

Kate bat, ordea, ez da bost kate-mailaz osatzen. Badaude hurrengo Euskaralditik harago beste eremu batzuk zain, euskara txertatua izan dadin: hedabide nagusiak, bertako erdaldunak, bizilagun etorri berriak, arnasgune funtzional berriak...

Hala eta guztiz ere, katearen luzera biribiltzeko falta diren gune guztietatik bat azpimarratuko nuke bereziki: guk denok ezinbesteko dugun teknologia berriena. Izango dugu 2022an eremu digitalari eskainitako Euskaraldiaren edizio berri bat? Alegia, euskarari gero eta premiazkoagoa zaion katebegia?

BERRIAn argitaratua (2020/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA