astekaria 2020/01/24
arrowItzuli

gizartea

Arrisku handiko 38 enpresa

Igor Susaeta

Arrisku handiko 38 enpresa

Kontrolak eta arauak «ezin zorrotzagoak» dira. Hori nabarmentzen du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Baina substantzia arriskutsuekin lan egiten duten enpresetan gerta daitezke istripuak. Joan den asteartean Tarragonako La Canonja herriko (Herrialde Katalanak) Iqoxe enpresa kimikoan izandako leherketaren ondorioz, hiru lagun hil dira. «Arriskurik eza ez da existitzen», adierazi du Luis Blancok, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lantegi kimikoak biltzen dituen Aveq-Kimika plataformaren kudeatzaileak. Ezbehar bat gertatuz gero kalte handiak eragin ditzaketen 38 enpresa daude Euskal Herrian, eta horiek legez daude behartuta EB Europako Batasunak ezarritako Seveso III zuzentaraua betetzera. Espainiako Gobernuak errege dekretuz bidez onartu zuen, 2015ean. Istripu bat gertatuz gero larrialdietan nola jokatu ezartzen duen protokolo bat daukate: Kanpo Larrialdietarako Plana.

 

Eta herritar asko bizi diren eremuetan badaude gisa horretako lantegiak. Barakaldon (Bizkaia) bakarrik -104.435 biztanle-, esaterako, bi daude, eta handik ez oso urrun, Zierbenan, 16 kilometrora, zazpi. Muskizko herritarrak, adibidez, askotan kexatu dira Petronor findegiaren isuri kimikoek eragiten dituzten kalteez. Iqoxe enpresatik Tarragona hiriaren erdigunera hiruzpalau kilometro besterik ez daude. Kataluniako Generalitatearen Lan Ikuskaritzak adierazi du azken urteetan lau isun jarri dizkiola lantegi kimikoari, arauak ez betetzeagatik. Leherketa zerk eragin zuen ikertzen ari da, baina langileek Kataluniako hedabideetan salatu dute mantentze lanetarako inbertsioa gutxitu dutela -Cristian Lay taldeak erosi zuen 2014an-, eta, oro har, murrizketak areagotu. Tragedia saihets zitekeela uste dute.

Blancoren Aveq-Kimikako kudeatzaileak enpresek dituzten planez egiten duten balorazioa «ona» da. «Bost urtez behin txosten bat aurkeztu behar diote Industria Sailari, eta ikuskaritza teknikoak urtero egiten dira. Hori bai, istripu bakoitzetik ikasi egiten da», azpimarratu du Aveq-Kimikako kudeatzaileak, Tarragonan gertatutakoa gogoan. Plataformak eta Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak koordinatuta kudeatzen dituzte enpresen larrialdietarako protokoloak. Gaizka Etxabe Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdien arduradunaren hitzetan, EAEkoetan inoiz ez dituzte aplikatu azken hogei urteotan.

Legeak behartuta, lantegiek bi simulakro egiten dituzte urtero. Egun horietan lantegiko sirenak bi aldiz jotzen du: simulakroa hasteko eta bukatzeko. Sirena horiek administrazioak instalatu zituen, baina lantegien ardura da horien mantentze lana; baita aldatzea ere. Etxaberen esanetan, enpresek segurtasunean inbertitzen dute, eta «horiek dute konpromisorik handiena». Isuri toxiko bat gertatzen denean, alarma horiek jo egin behar dute, hala dio arautegiak, baina Tarragonako leherketan, adibidez, ez ziren aktibatu.

Funtzionatzeko

Larrialdietarako planek funtzionatzeko elementu «giltzarriak» hiru dira, Blancoren ustez: « Langileek eta teknikariek prestakuntza edukitzea; kaltetuak izan daitezkeen pertsonei informazioa ematea protokoloaren berri eduki dezaten; eta simulakroak egitea». Nabarmendu du, gainera, Aveq-Kimikak, osagarri gisa, «jarduerak» antolatzen dituela udalekin.

BERRIAn argitaratua (2020/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA