politika
Ikurrin bat bada zeruan
Jon O. Urain
Horietako bat da 1967ko urtarrilaren 19a. Juantxo Amilibia, Iñaki Mujika Arregi, Elias Anton, Jose Cruz Orkolaga eta EGIko beste gazte batzuek kable bat jarri zuten orduan Uztailaren 18a izena zuen plazan, eta gauerdian, festa hastearekin batera, ikurrina eskegi zuten plazan, bertara joandako agintari frankisten aurrean. Iruñeko sanferminetako txupinazoaren unean 2013an ikurrin handi bat udaletxearen aurrean jarri zuten arrantzale bizardunen aurretiko gertakaria. «Festa betean, Gaztelubideko danborrada hastear zela, bandera separatista bat agertu zen. Erabat lekuz kanpo dagoen gertakari bat izan zen, festa denona eta denontzat delako (...) Aztalka baliabide erridikulu eta ondoriorik gabea», idatzi zuen Unidad egunkariak biharamunean. Kexu azaldu zen El Diario Vasco ere, «donostiartasun gau» betean «bandera separatista bat» zintzilikatzeagatik: «Horrek erakusten du jarri zutenen eta jartzeko agindu zutenen psikologia falta». Egile ezagunik ez duen argazki batean jaso zuten festa hasieran haizatutako ikurrinaren momentua.
Euzko Gaztedi ikurrinaren aldeko ekintzak egiten ari zen azken urteetan. Ez soilik bandera ardatz: 1965ean, munduko pistako txirrindularitza txapelketa egin zuten Anoetako belodromoan, eta, txapelketa hasi aurretik, pintaketa handi bat egin zuten pista sortu berrian, Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko.
Atotxan eta Txofren
1967koan ez, baina hurrengo San Sebastian ospakizunerako saioan parte hartu zuen Mikel Irazusta Oleak (Donostia, 1948). «1967an ikurrina jarri zutenean, talde batean sartu ginen [EGIn]: Santi Arrospide, Patxi Goiburu, Migel Laskurain eta beste batzuk. Eskalatzaileak ziren, eta elizen dorreetan jartzen zituzten ikurrinak». Urte horretan zehar, ikurrinak bota zituzten ekitaldi ugaritan, «su artifizialak bezala»: Txofreko zezen plazan, Atotxako futbol zelaian... «Porlanezko hodi bat egiten zen, pintura pote bat sartzen zen metxarekin. Soka hori bat jartzen genion, pospolo burua amaieran, eta hiru-lau minutu irauten zuen». «Oso zientifikoa dena», dio, barrez: «Gero, ikurrina paraxutaren gisako batekin erortzen zen». Jokalari batzuk ikurrinak hartzekotan egon ziren, baina atzera egin zuten, badaezpada.
Estropadetan Kontxako bandera jokatzen zen egunean ere saiatu ziren; Francisco Franco diktadorea bertara joana zen, eta asmoa zuten badian ikurrinak aireratzeko, baina ezin izan zuten prestatutakoa bururaino eraman.
Huts egin zuen San Sebastian eguneko saioak ere. 1968ko urtarrilaren 20an, gauerdian, gauza bera egin nahi zuten: Konstituzio plazara ikurrin mordoa botatzea, airetik erortzea. Baina urtarrilaren 18an harrapatu zituzten, hurrengo eguneko ekintzaren prestaketa betean. «Zentro karlista zegoen alde zaharrean, eta hortik igo ziren bi, tartean nire anaia Xotero, motroilo horrekin. Orduan, normala zen igeltsero bat erreminta guztiekin joatea. Igo ziren, eta, han zirela, eraikineko atezainak ikusi egin zituen; balkoi batetik bestera joan ziren, eta Otaegi gozo dendako etxean sartu ziren. Bertako bizilagun bat atera egin zen, eta nire anaia Xoterok bere burua identifikatu zuen. Bultzatu, eta ospa egin zuen, baina ordurako, norbaitek abisua eman zuen».
Irazustak orduko «babes sarea» du gogoan: «Taldean 1967an sartu ginen; ETA bazegoen ordurako, pintaketak egiten zituen... Harremana zegoen. Ondoren, batzuk ETAn sartu ziren. Goi mailan agian bazen ezinikusi bat, baina gure artean ez. Herrian azpiegitura handia zegoen; hau ezkutatu, eraman, beste aldera pasatu...».
Manzanasen torturak
Kalean atxilotu zuten Irazusta, 1968ko urtarrilaren 18 hartan: «Bidean, orduko Victor Pradera kaletik [gaur egun, Easo kalea] ninderamatela, pentsatu nuen: «eskerrak ez garamatzaten Antiguara [Guardia Zibilaren kartela zegoen bertan]». Baina Amarara [Gobernu Zibilaren eraikinera] eraman gintuzten, eta han Meliton Manzanas [poliziaburua] zegoen». Garai horretan, ez zuen torturatua izatearen sentipenik eduki, baina haren testigantza jaso zuen Aranzadi elkarteak 1968: Gipuzkoa salbuespen egoeran liburuan: «Niri ez zidaten bainuontziarena eta halakorik egin. Baina kolpeak, denak. Batez ere, pertsonaren anulazioa zen; ni elbarria naiz, eta deuseztatzen zintuzten: kaka bat zara. Txikitu ninduten. Egurtu, bai; ostikadak hanka herrenean... Hiru egun egon ginen. Hortik Martutenera». Sinetsarazi zioten anaiak bultzatutako gizon hura hil zuela: «Hori ez da ahazten».
Irazustak bere buruari galdetu izan dio ea zer zentzu zuen «egurtzeak eta umiliatzeak»: «Dena zekiten. A zer klandestinitatea gurea! Txapelarekin ibiltzen ginen, ni herrena naiz... Gaztea nintzen, 19 urte, baina haiek beti izan dira profesionalak; poliziak dira, azkarragoak edo motelagoak, baina horretan egiten dute lan eta dena zekiten. Eta bete-betean harrapatu gintuzten». Garbi dauka galderaren erantzuna: «Basakeria hutsagatik egiten zuten». Horregatik, «mingarriena» izan zitzaion 2001ean PPren gobernuak Manzanasi ematea Terrorismoaren Biktimen Aitorpen Zibilaren Ordena. Gogoan du iltzatu zion beldurra: «Atxilotu eta gero, auto batean ikusi nuen behin. Begira hasi zitzaidan, eta izututa egin nuen atzera».