astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

ekonomia

Indiako industria iraultza

Zigor Aldama

Indiako industria iraultza

New Delhiko Noida auzoa ez da ohiko lekua teknologia handiko lantegi bat aurkitzeko. Indiako hiriburuko barruti horretako trafikoa kaos hutsa da; autoek, triziklo motordunek, beste edozein herrialdetan IATa gaindituko ez luketen kamioiek eta oinezkoek modu arriskuan gurutzatzen dute elkar. Klaxonek eta oihuek osatutako kakofoniari entzungor, behiak Bollywoodeko film zaharren afitxak miazkatzen dituzte, eta sabeleratzeko zerbait bilatzen dute zabor pila ugarietan. XXI. mende hasierako Indiaren adibide txundigarri horren erdia dago Intexek bere sakelako telefonoak montatzen dituen lantegia. Hilean 1,7 milioi egiten ditu; Samsungek soilik saltzen ditu aparailu gehiago. Intex lehia bizian dago Indiako beste marka batekin, Micromaxekin.

Kaleko girotik oso desberdina da fabrikaren barruan ikusten dena. Fabrika garbia da, eta langileek gogor egiten dute lan. «24 orduz gaude lanean, eta langileek bi txandatan egiten dute lan. Hemen 680 langile ditugu, eta beste ehun laguntzaile, baina guztira 5.000 pertsona kontratatu ditugu», azaldu du D. Banerjee Intexeko ekoizpenburuak. «Indiako fabrika handienetako bat ari gara eraikitzen, gure aparailu guztiak hemen egin ahal izateko».

Ekoizpen guztia etxeratzea da Intexek bere buruari jarri dion erronka, Narendra Modi lehen ministroak indarrean jarritako Make in India (Indian egin ezazu) proiektuaren haritik. Gobernuak industria modernizatu nahi du, Txinari aurre egiten dion potentzia ekonomiko bat izateko. «Guztiz bat gatoz politika horrekin, Indiarentzat ezinbestekoa da», iritzi dio Intexen sortzailearen seme eta oraingo zuzendariak, Keshav Bansalek. «Duela urtebetera arte gure sakelakoak Txinan egiten ziren, baina dagoeneko ekoizpenaren %60 Indiaratu dugu, eta aurten gainontzekoa ekartzea espero dugu».

Garaile asko dituen estrategia da. Batetik, Indiako estatuetako gobernuek lantegiak zergen bidez eta orubea eta argindarra diruz laguntzen dituzte, eta trukean enplegua eta gazte trebatuak lortzen dituzte; bestetik, enpresek sakelako telefonoen edo haien osagaien gaineko muga zergak aurrezten dituzte. «Gainera, produktuen kalitatea kontrolatzeko errazagoa da horrela, eta gai gara diseinuak sortzen diren beharretara bizkorrago egokitzeko», azaldu du Bansalek.

Eskulanaren kostuetan, berriz, ez dago aurrezpen handirik. Intexeko langileek 15.000 eta 20.000 errupia artean irabazten dituzte (200-260 euro), Txinako langileek jasotzen dutena baino pixka bat gutxiago, baina haien produktibitate mailara iritsi gabe.

«Bada beste abantaila bat, neurtzeko zailagoa dena: Made in India-ren ospea», esan du Bansalek. «Uste dugu Made in Chinak baino onarpen handiagoa duela, nazioartean azken hori kalitate txarrekotzat jotzen baitute. Gainera, geure kasuan, geure ekoizpen propioak aukera ematen digu merkatu aurreratuenetan sartzeko, kalitate-prezioa hobea eskatzen dutelako». Arlo horretan Indiako enpresak garaiezinak dira: duela urtebete Intexek nazioarteko ospea lortu zuen, munduko smartphone merkeena aurkeztu zuenean, Cloud FX izenekoa, 1.999 errupiatan saltzen dena (26 euro).

Ehun dolarrekin sortutakoa

Intexek arrastoa utzi nahi du Europan eta Latinoamerikan, datorren astean Bartzelonako Mobile World Congressen aurkeztuko dituen telefonoekin. Edonola ere, garbi dauka aldi luze baterako India izango dela bere merkatu nagusia. «Aitak duela hogei urte sortu zuen enpresa, 100 dolarrekin. Garai hartan munduko lider bilakatzeko erronka jarri zion bere buruari, eta nik uste dut bide onetik goazela. Urtero %100 ari gara hazten, eta abiadura horri eutsi nahi diogu hurrengo bost urteotan. Beste helburu garbi bat badugu: teknologia herritar guztien eskura iristea. Horregatik, gure telefono garestienak 200 eurokoak dira, eta ez dugu muga hori hautsi nahi».

Badira Make in India hain begi onez ikusten ez dutenak ere. «Modik Txinako eredua kopiatu nahi du, inbertsioak erakarri eta industria ekonomiaren motorra izan dadin. Teoriak dio horrek azkenean herritar guztiei egiten diela mesede, baina nabaria da lortuko duena kontrakoa dela, pobreen eta aberatsen arteko arrakala izugarria are gehiago handitzea», ziurtatu du Pradip Bastiak, Local Smile gobernuz kanpoko erakundeko osasun programetako arduradunak. «Lantegiak hiriguneetan daude, eta horrek ekarriko du nekazaritza eremuetatik jende gehiago hirietara joatea, eta bizi baldintza penagarriak dituzten auzoetan bizitzen amaituko dute gehienek».

Badira lan eskubideen higatzeari buruz kezka duten indiarrak ere. «Multinazionalei bidali zaien mezua oso garbia da: etor zaitezte Indiara, Txina ez baita langileen oinarrizko eskubideak bortxatzeko prest dagoen bakarra», idatzi zuen Nirmalya Dutta analista ezagunak DNA egunkarian.

Salaketa horiei erantzuteko, New Delhiko gobernuak ziurtatu du ez duela multinazionalentzat legedi paralelo bat sortuko, Bangladeshen moduan. Agindu du azpiegitura egokiak eraikiko dituela, hornitzaile sare aberats bat sortuko dutela eta milioika gazte trebatu ahal izango dituztela. Noidako kaleetan ibilita, argi dago helburu horiek errealitate bilakatzetik oso urruti daudela.

BERRIAn argitaratua (2016/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA