astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

politika

Mundu bat borrokatzeko

Hodei Iruretagoiena

Mundu bat borrokatzeko

Herrien arteko samurtasuna omen da internazionalismoa. Joan-etorriko elkartasuna, praktika politiko gisa ulertua. Eta, lehen-lehenik, bizi den herriaren askapenaren alde borrokatzen dena. Hala ulertu du Askapenak, eta filosofia horrekin aritu da 1987tik. Besteak beste, urtero antolatu dituen brigaden bidez. Erakundearen helburuak, «Euskal Herria internazionalista bat sortzea eta gainerako eragileak internazionalismoan inplikatzea», Julen Zulaika kidearen hitzetan. «Helburu horiek bete gabe daude oraindik. Askapenaren moduko erakunde bat ezinbestekoa da».

Helburu horiek eta lan hori legez kanporatzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, eta bost militante seina urterako kartzelara zigortzeko. Ez hori bakarrik: Bilboko Askapeña konpartsa eta Elkar Truke elkartea ere legez kanpo nahi ditu. Bidezko merkataritza lantzen du Elkar Trukek, eta ECJ Europako Bidezko Merkataritzaren aldeko Espazioko kide da, besteak beste.

Herri epaiketen bidez, ordea, argi adierazi dute Espainiako Estatuari ez diotela zilegitasunik aitortzen Askapena eta euskal internazionalismoa epaitzeko. Zer diren esateko, nahikoa dira beraiek. Zulaika: «Eragile bat gara, kapitalismoa eta inperialismoa jomuga jartzen dituena; beraz, iraultzailea. Herri mugimenduko kideak gara, modu autonomo eta propioan lan egitea dagokigu. Eta abertzaleak gara, gure herriaren askapen prozesuaren baitatik egin nahi dugu lan hori». Haien hitzetan, horregatik egin zuten beren aurka. Zein izan da, ordea, Askapenaren ibilbidea?

1970-80: AURREKARIAK

Askapena sortu aurretik ere, 1970eko hamarkada amaieran eta 1980koan, internazionalismoa sasoi onean zegoen Euskal Herrian. Hala gogoratu du Jesus Valenciak, internazionalismoan aurrez, eta gero Askapenaren sorreran arituak. Latinoamerikako kolpe militarrek sentsibilitate handia piztu zutela dio: «Ezkerrarentzat izugarrizko kolpeak izan ziren». Vietnamdik eta Erdialdeko Amerikatik berreskuratu zuten itxaropena, eta sandinisten garaipenak hara begira jarri zituen denak: Nikaraguara aurrena, El Salvadorrera gero, Guatemalara... «Ulertzen genuen hori zela inperialismoarekin aurrez aurre jartzeko puntua, eta hori babestu behar zela inperialismoa garaitzeko».

1979an sortu zuten elkartasun internazionalistaren komiteen koordinakundea Euskal Herriko indar ezkertiar eta sozialek, Askapenaren ernamuintzat har daitekeena. «Ordurako bazeuden adar batzuk; prozesu ezberdinei erantzun nahi zitzaien», kontatu du Valenciak: «Ordura arte, alderdi politikoak izan ziren proiekzio internazionalista eduki zutenak, baina herrian, masetan, ez zen halako lanik egin».

Pixkanaka, antolakuntza sendotzen eta erreferentziak aberasten hasi ziren: Sahara, Palestina, kurduak... Eta, pixkanaka, elkartasun ereduaren eta nazio identitatearen inguruko eztabaidek bultzatuta, «ezaugarri espezifikoagoak zituzten erakundeak» sortzeko beharra ikusi zuten.

1987: LEHEN URRATSAK

1987ko feiurriaren 7an Zarautzen (Gipuzkoa) egindako batzar bat jo du Valenciak Askapenaren sorrera gisa. «Gehiengo estu batekin, ikusi zen erakunde bat sortu behar zela, soslai internazionalistagoa izango zuena, eta argi identifikatuko zuena Euskal Herriaren borroka nazionala». Erakunde berriaren harremanak definitu beharra ekarri zuen horrek: barne antolaketa, ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekiko harremanak eta nazioartekoak zehaztu beharra. ENAMek bazituen egitura eta harreman propioak nazioartean, eta Valenciak azaldu du ez zutela haiek ordezkatzeko asmorik: «Horrek ekarri zuen buruari eragin beharra, adiskidetasun harreman bat ezartzeko, baina ez dependentziazkoa, eta are gutxiago dependentzia organikoduna».

Ez zen erraza gainerako eragileengan kontzientzia internazionalista bultzatzea, pisu handia baitzuen garai hartan dinamika nazionalak. «Arraro ere begiratzen ziguten batzuetan», oroitu du Valenciak: «Jendea ahalegin handia egiten ari zen arazo nazionalari erantzuteko, gainera, kanporako proiekzioa eskatzeko».

Etxean ez ezik, nazioarteko harremanetan ere izan zituzten arazoak, ordezkari askorentzat «oso deserosoa» baitzen harreman bat zabaltzea helburuetan ENAMen inguruan zebilen erakunde batekin. «Orduan, ENAM etiketatuta, jazarrita eta kriminalizatuta zegoen». Askotan, nazioarteko ordezkariek arazoak izaten zituzten Espainiako Estatuko elkartasun mugimenduekin; «edo haiekin, edo gurekin» esaten zieten.

ERDIALDEKO AMERIKA... ETA EUROPA?

Askapena sortu baino lehen ere, brigadista asko joan ziren Erdialdeko Amerikara 1980ko hamarkadan. Brigadek asko lagundu dutela uste du Valenciak: «Jardute eta presentzia eredu bat badute, gertutasun handikoa». Nikaraguatik, hasieran, teknikariak eskatzen zituzten batez ere, berreraikuntza premiagatik. Gero, zabaldu egin zuten muga hori. Normalean, sektore ugaritako herritarrak izan ohi dira brigadetan parte hartzen dutenak, eta horrek ezinbestean dakar esperientzia trukea. Valencia: «Ekarpen handia egin zieten bi herriei. Laguntza handia eman zelako hemendik, eta euskaldunek ez zutelako beren nortasuna ukatu. Horrek elkar ezagutzea eragin zuen».

Europan, berriz, harreman gutxiago zituen Askapenak. «Ez zegoen ikuspegi europar bat», gogoetatu du Valenciak: «Europa ulertzen genuen kontinente aberats gisa». Hasieran, ez zuten ulertzen kapitalismoari eta inperialismoari aurre egiteko eremu gisa. Pixkanaka, ordea, ikuspegi hori garatzen hasi ziren.«Ulertu genuen hemen egosten zirela interbentzio eta zapalkuntza ildoak, kapitalismo europarra faktore erabakigarria zela. Eta borroka hemen ere egin behar genuela».

Joan-etorrian, bi aldetara ekarri zuen fruitua bide berri horrek, Valenciaren esanetan: «Europako mugimenduak konturatzen hasi ziren Euskal Herria ere babesa behar duen herri bat dela. Guk beste Europa bat deskubritu genuen: Europa borrokalaria».

1990: KUBA GERATZEN DA

1990eko hamarkadan, Askapena erakundetik ateratzen hasi zen Valencia. «Organikoki, ez emozionalki». Garai hartan, aldaketa handiak izan ziren munduan, eta horrek eragin zuen Askapenaren jardunean. Sobietar Batasuna erortzea, Nikaraguan eta El Salvadorren bakea sinatzea... «Geratu zen foku nagusia Kuba zen. Segituko da Kurdistanen, Palestinan... Baina horiek gehiago dira errepresioaren aurkako dinamikak», azaldu du Julen Zulaikak. Utopiak Kuba izena zuen, eta elkartasun ugari bideratu zen hara.

Zulaika geroago hasi zen Askapenan, baina mundu osoko apalaldi hark Euskal Herrian ere eragin zuela kontatu du. «Antolakuntza aldetik, maila jaitsi zen». Ideologikoki ere erronka zailak izan zituen garai hartan internazionalismoak. «Kooperazioaren ildoak indarra hartu zuen, GKE mordoa sortu ziren, ez hainbeste prozesu iraultzaileei jarraika, baizik edozein modutan Hirugarren Munduari laguntzeko eta...». Eztabaida gogorren artean, bere bidea berretsi zuen Askapenak: «laguntza humanitarioa» ematea baino gehiago, «lan politikoa» egitea.

Europan, aurreko belaunaldiek hasitako harremanei ere eman zieten segida, batik bat estaturik gabeko nazioetan. Irlandara ere hasi ziren brigadak antolatzen. Lan horren ondorioz, Euskal Herriarekiko elkartasun komiteak sortu zituzten garai hartan.

1994: ZAPATISTAK, ISPILU

Lacandonako basotik (Chiapas, Mexiko) etorri zen, 1994an, ordura arteko panorama irauli zuen matxinada: zapatistena. Ezkerreko ikuspegian ez ezik, herriei zegokienean ere ekarri zuen berrikuntza. «Txilen, Argentinan... egon ziren ezkerreko prozesuetan, jatorrizko herriek parte hartu zuten beste bat bezala. Ez zuten beren ikuskera propiotik garatu beren antolatzeko modurik. Zapatisten borrokak erakutsi zuen jatorrizko herrien izaera». Eta, atzetik, aimarak, kitxuak, Boliviako uraren eta gasaren gatazkak... Ispilu bilakatu ziren Euskal Herriarentzat ere.

1990eko hamarkadaren amaieran, brigada ugari antolatu ziren komunitate zapatistetara. Hara joandako ehunka euskaldunek ekarri zuten zer hausnartu jatorrizko herri terminoaren inguruan, batez ere Nafarroaren konkistaren mendeurrenaren harira. «Hor bazen lotura zuzen bat euskaldunen eta jatorrizko herrien artean», dio Zulaikak: «Denok espainiar inperialismoak zapalduak garenez, gure hizkuntza eta ikuskera propioa dauzkagu. Bilatu zen lotura propio bat, ideologikoki ere baduena bere pisua». Antolatzeko moduetan, lan komunitarioetan, boterea kudeatzeko eran... «Ispilu lana egin zuten, gu zer garen ikusteko».

2000: LEGEZ KANPORATZEAK

Ezker abertzalearen aurka 2000ko hamarkadan abiatutako legez kanporatze zikloak izan zuen eraginik Askapenan ere. «Funtzio batzuk bete zituen 1990eko hamarkadan betetzen ez zituenak eta ez zegozkionak», azaldu du Zulaikak. Izan ere, haren ustez, Espainiako Estatuaren helburua ez zen soilik barnera begira ezker abertzaleari min egitea, baita kanpora begira Euskal Herria «hermetiko» bihurtzea ere. Egoera horretan, «hil edo bizikoa» zen hemengo errealitatearen berri ematea, Zulaikaren hitzetan: «Izugarrizko premia zegoen ezagutarazteko hemengo errepresioa: tortura, sakabanaketa...».

EUSKAL HERRIAREN LAGUNAK

Testuinguru horretan erabaki zuten Euskal Herriaren Lagunak sortzea: Loiolako negoziazioak hautsi ondorenean. Lehendik bazeuden elkartasun komiteak, eta «izen bat, forma bat» eman nahi izan zieten, Zulaikak azaldu duenez: «Lehen zeuden harremanak, azken hamarkadan, egituratu gabeak zeuden. Horrela hasi ziren Euskal Herriarekiko elkartasun asteak ere, ikusarazteko nazioartean bazegoela babes bat Euskal Herriarekiko».

2007: KRISIA ETA EUROPA

Azken urteetan, 2007an krisi ekonomikoa piztu zenetik, Europari ere garrantzi handiagoa ematen hasi zen Askapena. Oro har, «oso erakunde latinoamerikarra» izan dela aitortu du Zulaikak, nahiz eta Hegoafrika, Kurdistan, Sahara, Palestina... beti izan dituzten ikusmiran. «Neurri batean, normala zen, lehenago ez zegoelako sistemaren aurkako mugimendu indartsurik Europan, gauza batzuk egon arren: ez zegoen benetan estatua jomuga jartzen zuen mugimendurik».

Baina «kapitalismoaren zentroan, periferiak» sortzen hasi ziren pixkanaka krisiarekin: Grezian, Espainian... «Ideologizazio gutxikoak» izan arren, mugimendu berriak sortu ziren ezkerretik, eta lehendik zeudenak indartu. «Baldintza berriak sortu ziren lan internazionalista egiteko». Egun, Europako mugimendu askorekin dituzte harremanak.

2010: SAREKADAREN KOLPEA

2010eko irailean etorri zen kolpea: Askapenaren aurkako sarekada. «Alegaltasun batean», baina ahal zen heinean naturaltasunez, aurrera jarraitzeko indarra izan dute, eta hala segituko dutela ziurtatu du Zulaikak: «Guk jarraituko dugu lan internazionalista egiten, eta, neurri batean, gogo eta amorru handiagoarekin, ikusten duzulako min ematen diezula zure ekimenarekin».

BERRIAn argitaratua (2015/10/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA