astekaria 2020/01/24
arrowItzuli

mundua

EZ DA IZANGO BESTE GOIZERIK

Kristina Berasain Tristan

EZ DA IZANGO BESTE GOIZERIK

Egunsentia zen. Paxos uhartetik hamahiru miliara. Itsasontziak 50 iheslari zeramatzan, eta 21 baino ez zituzten erreskatatu. Uretan hamabi hilotz aurkitu zituzten. Beste guztiak desagertuta daude. Biharamunean, gauez, beste 11 lagun hondoratu ziren Egeo itsasoan. Urtarrileko lehen hamabost egunetan, jada 63 lagun ito dira Mediterraneoan. Haientzako ez da izango beste goizerik. Bertolt Brechten Gegen Verführung (Lilurarik ez) poeman bezala, eguna atean zegoen, haize hotza zekarren... Mikel Laboak musikatutako letra eder bezain latz horretan irudika daiteke ikusi nahi ez den errealitate bat, lilurarik ez duen mundu batena, iheslariena, etxea eta jaioterria atzean utzi, eta bide bati ekiten diotenena, jakin bai baitakite bizitza dela handiena, akaso duten bakarra, eta galtzea litzatekeela galtzea dena.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundea zenbaketa egiten hasi zenetik, 33.686 iheslari hil dira munduan, beti hegoaldetik iparralderako zeharkaldietan, gero eta arriskutsuagoak diren horietan, mugak igarotzen, basamortuak eta basoak, hesiak eta harresiak, negu gorriko hotzean zein udako sargorian, beti gerratik edo gosetik ihesean, beti bizitzaren bila, heriotzatik ihesean, nahiz eta ihesaldi horretan heriotza aurki dezaketen. 2014tik pilatutako datu ofizialak dira, baina askoz gehiago dira inongo zerrendetan agertzen ez direnak. Erakunde horren kalkuluen arabera, azken 25 urteetan 75.000 lagun hil dira zeharkaldietan, horietatik 40.000 Mediterraneoan.

MEDITERRANEOKO HOBIA

Itsasoan galtzen da milaka eta milaka iheslariren arrastoa. Hamid S.-rena tartean. Bubakar (Senegal, 1995) anaiarekin zihoan karelean ontzia hondoratu zenean: «Zuaratik [Libia] abiatu ginen. Zortzi egun egon ginen zain, harik eta gau batez hondartzara eraman gintuzten arte. Hiru orduz egon ginen itxaroten. Orduan, ontzi pneumatiko txikietan sartu gintuzten, eta behin itsasoan ginela, kolore urdineko itsasontzi batean, baina ontzia zaharra zen, eskasa». Bubakarren kontakizuna latza da. «Hamahiru ordu generamatzan itsasoan, eta ura sartzen hasi zen. Pilatuta geunden, 500 lagun baikinen, eta ura ateratzeari ekin genion, baina, halako batean, erreskateontzi bat ikusi genuen, eta bat-batean balantzaka hasi zen itsasontzia, irauli zen arte». Bubakarrek orduan galdu zuen 18 urteko anaiaren arrastoa: «Ura izoztuta zegoen, eta igeri egiten ez zekitenak ito egin ziren. Besoak mugitzen zituztenak ikusi nituen, oihuka ari zirenak, negarrez ari zirenak... Ez dut ahaztuko. Anaia ez nuen berriz ere ikusi. Ezin izan nuen salbatu».

Hamidek ez zuen eguna argitzen ikusi. Azken sei urteetan itsasoan desagertu diren 19.000 iheslarien zerrendan dago. Iaz, 1.283 lagun hondoratu ziren Mediterraneoan. 2018an, 2.275 izan ziren; 2017an, 3.139; 2016an, 5.096. Zenbakiek agerian uzten dute tragedia ikusezina eta isila. IOMk aitortu du ehunka lagun hiltzen direla «ontzi mamuetan», arrastorik utzi gabe. Lekukorik gabe hiltzen dira, ezen gobernuek erreskate ontzien lana oztopatu baitute, itsasoratzeko baimenak ukatuz eta portuak itxiz.

Matteo Salvini Italiako Barne ministro zena izan zen aurrenekoa, baina ez bakarra. Europako agintariek ez zuten heriotzen lekukorik nahi, eta erreskate ontzien lana kriminalizatzeari ekin zioten, iheslariak erakartzen dituztela argudiatuta, erakartze efektuaren aitzakian.

BASAMORTUKO HILOTZAK

Bubakar Italiako Pordenone hirian esnatzen da gaur egun, herritarrek sortutako harreragune batean. Mediterraneotik Europara iaz sartu ziren 110.000 iheslarietako bat da -guztira, beste zeharkaldiak aintzat hartuta, 139.000 iritsi ziren-. Afrika eta Italia arteko itsas zeharkaldia gehien erabilia izan da azken hilabeteetan, eta, hortaz, baita heriotza gehien izan dituena ere. IOMk zehaztu du zeharkaldi hori egiten saiatu diren 33 lagunetik bat hil dela itsasoan. Mediterraneoa, bada, hilotzez betetako itsasoa da. Urezko hobi komun bat. Inork ez daki zenbat diren hondoratu direnak, asko eta asko; gehienak, izenik gabeak, zenbaki izatera ere iritsi ez direnak, inor ez balira bezala.

Senegal-Niger-Libia zeharkaldia egin zuen Bubakarrek. Tripoliraino iristeko bidea ankerra izan zela dio. Haben H. ere (Eritrea, 1992) Pordenonen dago. Sudanera jo zuen aurrenekoz. «Khartumen hamabi urtez izan nintzen neskame gisa lanean, baina maiatzean alde egitea erabaki nuen: Londresera iristea zen nire ametsa». Habenek 1.600 dolar ordaindu zituen basamortua zeharkatzeko. «Kamioi batean egin genuen zeharkaldia, 95 lagun ginen, eta zazpi egun behar izan genituen kostalderaino iristeko».

Saharako basamortua ere hobi komun bat da, urezkoa izan beharrean hondarrezkoa. Nigerko Agadez hirian abiatzen dute ibilaldia, eta, urtero-urtero, 40.000 eta 80.000 lagun artean pasatzen dira handik. Migratzaileek dirutza ordaintzen dute mafiek desertuan abandonatuko ote dituzten jakin gabe.

Haben bizirik iritsi zen Ajdabiyara. Libian bizi izandakoa, baina, gizagabea izan zela dio, «ankerra»: «Etxe batean sartu gintuzten preso, eta gauez eta egunez zelatatzen gintuzten. Hilabete bat izan ginen han. Ondoren, Tripolira eraman gintuzten, eta, han, beste etxe batean egon ginen giltzapetuta». Haben ez zuten bortxatu, baina ugariak dira huts egin duen herrialde horretan, milizien esku dagoena, gerra zibilean, esklabo merkatuen eta zentro klandestinoen berri ematen duten lekukotasunak. Habebek dioenez, «beltzez jantzita eta burua estalita zuten gizonek erlijioa eta sexuaren arabera» sailkatzen zituzten: «Begira zeuden une oro, eta musulmanei baino ez zieten uzten aurrera egiten. Kristauak hil egin zituzten».



LIBIAKO ZULO BELTZA

Libia amesgaizto bihurtu da iheslarientzat. Askok salatu izan dute hara iristean ohartu direla zer den beltza izatea, eta, jada, lurra ez ezik, trafikatzaileek itsasoa ere kontrolatzen dute. Europako Batasunak 200 milioi euro ordaindu die miliziei kostazain lanak egin ditzaten. 2017ko abenduan sinatutako itun horrek, baina, ondorio latzak eragin ditu. Erreskateontziak ezin dira ur horietan sartu, eta ustezko kostazainek erreskatatzen dituzten migratzaileak berriz ere lehorreratu egiten dituzte. Urtea hasi zenetik, bi astean, jada itsasoan erreskatatutako mila lagun itzuli dituzte Libiara. Zulo beltzera.

Europarentzat, migrazioa eteteko modua da. Mugak hegoalderago ezartzeko estrategia eta, bide batez, erantzukizuna beste estatuen esku uztekoa. Libian, Marokon eta Turkian dago orain kontinente zaharraren muga. EBk Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia indartzeko eta kontrolak zorrozteko asmoa ere iragarri du, hartara, kontinente zaharra militarki gotortuta izateko. Europako Parlamentuak apirilean onartutako planaren arabera, zazpi urteko epean beste 10.000 guardia arituko dira mugak zaintzen. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute «talde paramilitar» bat osatuko dutela, deportazioak egitera mugatuko dena.

Siriako gerran dago azken urtetako errefuxiatu krisirik handienaren abiapuntua. 2015ean, Italiara eta Greziara 1,4 milioi iheslari iritsi ziren, inoizko kopururi handiena. Estatu kideek horietatik 160.000 guztien artean banatzea erabaki zuten, kuotak ezarrita. Europak, baina, huts egin du, estatu bakar batek ez baitu hitza bete; oro har, hartu beharreko bost lagunetik bakarra hartu dute. CEI atzerritarrentzako zentro itxietan eta CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroetan, bien bitartean, 211.000 lagun daude gaur-gaurkoz.

Harresiak eta hesiak zutitu, eta mugak itxi zituzten. Horrek drama bat eragin du Grezian.

MORIAKO INFERNUA

Gure ametsak hil zenituzten. Morian margotutako grafiti batean irakur daiteke amesgaizto bat den kanpalekuaren egoera deskribatzen duen esaldia. Europako errefuxiatuen gunerik handiena infernu bat da. Lesbos uhartean zerua urdin dagoen egunetan ere grisa da egunerokoa. Gunea burdin hesiz itxita dago, zaborrez beteta, eta apenas dagoen lekurik: 3.000 lagunentzako behar zuen eremuan 18.000 pilatzen dira.

Safi iristen azkenetakoa izan da. Somaliako gaztea oraindik ez da ohartu zer den egun batean bai eta bestean ere bai infernu horretan esnatzea, azken batean beste infernu batetik egin baitu ihes: «Zin dagizut hobe dela hemen egotea. Hamar urte eman behar baditut ere, pozik egongo naiz, ez ditut bonben eta balen soinuak berriro entzun nahi. Bizi egin nahi dut».

Esparruaren inguruko mazeletan ere pilatzen dira errefuxiatuak, olibondoen artean, lokatzez beteta, gutxi batzuk kanpadendetan, gehienak manta batekin tapatuta. Iheslariek oihana deitzen diote, eta okerrena da ez dakitela noiz arte egon behar duten linbo horretan.

Duela hainbat egun labankada bat eman zioten gazte somaliarra herenegun hil zen. Beren buruaz beste egiten duten iheslarien kopurua gero eta handiagoa da. Haurrek harriekin, egur puskekin eta sokekin jolasten dute, baina badira 7 edo 8 urterekin hil egin nahi dutenak ere, edo 10 urterekin artatu dituztenak besoetako zainetatik odoletan ari direla. Emakumeen kontrako sexu erasoak ere maiz gertatzen dira.

Farzhane (Kabul, Afganistan, 2003) 2018 urriko egun batez iritsi zen Moriara. Iranen egon zen errefuxiatuta lau anai-arreba eta gurasoekin, baina pasaporterik eta etorkizunik ez zutenez, aurrera egitea erabaki zuten. «Irandik Turkiara menditik sartu ginen, oinez, eta gero gomazko ontzi batean Lesbosen. Sei orduko itsasbidea izan zen; izan ere, motorra hautsi egin zen. Anaia Alemanian dago, gu asiloaren zain gaude».

Lesbosko Udalak kudeatzen duen kontainerren kanpalekuan dago egun familia, Kara Tepen: «Moriako baldintzak itzelak dira; hotzez, gosez, argirik gabe, lokatzez inguratuta. Borrokak etengabeak dira. Europak ez daki zer gertatzen den hemen. Errefuxiatuez ahaztu dira».

Aurten, jada, mila lagun iritsi dira Lesbosera. 2015etik milioi bat errefuxiatu sartu dira Turkiatik Greziara -iaz 74.348 izan ziren ziren, aurreko urteko kopuruaren ia bikoitza-. Greziako Gobernuak CIE bat egin nahi du orain uhartean, baina, azkenean beste kartzela bat litzateke, beste infernu bat. Demokrazia Berriaren eskuineko gobernuak asilo legea zorroztu berri du, eta 10.000 lagun deportatu nahi ditu aurten.



SIRIAKO HAURRAK

Morian ehunka siriar dago, baina askoz gehiago dira Turkian. Munduan errefuxiatu gehien dituen herrialdea da: 3,7 milioi errefuxiatu siriar daude han. Gerrak 6,7 milioi errefuxiatu eragin ditu, baina desplazatuak ere asko dira, tartean 2,6 milioi adingabe.

Europako Batasunak 2016ko martxoan sinatu zuen akordioa Turkiarekin, errefuxiatuak har zitzan. Recep Tayyip Erdogan presidenteak 6.000 milioi euro jaso zituen, tapoi lanak egitearen truke, baina etengabe egiten du mehatxu «ateak zabaltzearekin»; azkenekoz, urrian, Siriako Kurdistanen, Rojavan, abiarazitako operazioagatik jasotako kritika leunen ostean.

Aziza Tafiq (Serekaniye, Rojava, 1993) operazio horrek eragindako desplazatu kurduetako bat da. Al-Hasakako eskola izandako eraikinean dago babestuta: «Nire desio bakarra da etxera itzultzea». Serekaniye mertzenarioen esku dagoela dio, kurduen etxeetan sartu direla, eta arpilatu edota erre egin dituztela: «Bizirik egoteko, alde egin genuen; bost gara, ez dut seme-alabei arropa erosteko dirurik, hotzez gaude». Bonbardaketetatik ihesi, zeharkaldia oinez egin behar izan zutela azaldu du: «Serekaniyetik gauez abiatu ginen, eta herrixka batetik bestera joan ginen, oinez. Haurrak akituta zeuden, baina ez genuen beste aukerarik».

Sirian belaunaldi oso bat galtzear da. Milioi bat haur errefuxiatuta bizi dira, eta hiru milioi desplazatuta. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du gerra krimenak egin direla haurren kontra, gizateriaren kontrako krimenak. Kanpalekuetan lehen elur malutak erori dira, eta azken asteetan hamabost haur hil dira. Zeru zabala besterik ez dute aterpe.

Washukaniko errefuxiatu gunean ere hotz dago. 6.600 lagun daude han, hala moduz. Mizgin alabarekin dago: «Jihadistak sartu ziren etxean, eta liburuak erre zituzten». Orain, Baxar Al-Assaden SNA Siriako Armada Nazionaleko soldaduak ere iritsi dira gerran kurduek bereganatutako eremura. Orain arte, 370.000 lagunek utzi behar izan dituzte euren herriak. Idliben egoera ere makurra da. Muturreko talde sunitak sartu dira ipar-mendebaldeko eremuan, eta azken asteetan 350.000 lagunek egin dute ihes.

ETENGABEKO EXODOA

Bi segundoan behin, pertsona ba-tek bere etxea uzten du. Egunero, 44.400k. Urtean, 16,2 milioik. Niksonek (Tegucigalpa, 1991) azaroaren 21ko goizaldearekin ekin zion bideari: «Hondurasen ez dago lanik. Juan Orlando Hernandezen gobernuaren ustelkeriarekin eta talde kriminalen indarkeriarekin ez dago han bizitzerik». Mexikoko El Saltillo aterpetik ari da hizketan: «AEBetara iritsi nahi dut, baina bidea nekeza da. Poliziek mugan atzeman ninduten, eta 2.000 peso eman behar izan nien deporta ez nintzaten. La Bestian egin behar izan dut bidea».

Niksonen aurretik eta ondoren, milaka lagunek egin dute bide bera, eta milaka dira bideak utzi dituen hilotzak ere. 2019an, 3.368 iheslari hil ziren munduan; Ameriketako zeharkaldian 787, Mexikoren eta AEBen arteko mugan 479.

Muga horretara bidean beste milaka lagun dira orain ere. Astearte gauean zen abioa. Hondurasko San Pedro Sula hiritik hamaikagarren karabana atera zen, goizaldean. 2018ko urrian abiatu zen lehena, eta, orduz geroztik, dozena batek baino gehiagok ekin diote bideari, exodo etengabean. Guatemalara jada 3.500 lagun iritsi dira azken egunotan, baina ez dute erraza izango hurrengo muga zeharkatzea. Mexikoko hegoaldeko 956 kilometroko mugan 6.500 guardia ezarri dituzte, eta iparraldeko 3.170 kilometrokoan, 14.000. Mugaz bestaldean amets amerikarra daukate zain, edo amesgaizto amerikarra. Donald Trumpek iragarri du «atxilotu eta deportatu» egingo dituztela. Harresia gero eta militarizatuago dago, eta egunero ikusten dira han deportazioak.

Munduan 70,8 milioi lagunek utzi behar izan dute jaioterria: 25,9 milioi beraiena ez den herrialdean bizi dira, beste 41,3 desplazatuta, eta 3,5 asiloa eskatu dute. Ertzetako seme-alabak dira. Ezer ez dutenak. Bizitza baino ez.

BERRIAn argitaratua (2020/01/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA