astekaria 2020/01/24
arrowItzuli

kultura

Txomin Agirre nobelagilea, zuri ala beltz

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Txomin Agirre nobelagilea, zuri ala beltz

Mundu moderno eta hiritarraren presiopean gero eta estuago eta deserosoago bizi den menditar mundua Oñatin (Gipuzkoa), irauteko ahaleginean, Garoa-n. Arranondo ezizenarekin bataiatutako Ondarroako (Bizkaia) arrantzale mundua, Kresala-n. Bizimodu tradizional idealizatua, euskalduntasunaren gordailu; «euskaldun-fededun» formula eleberri. Kontrakoa litzateke harrigarriena, Txomin Agirre karlista, euskaltzalea eta apaiza baitzen. 1864an jaio zen, Ondarroan; sosa urri eta beharra ugari zuen etxe batera. Arotza zuen aita. Bigarren Karlistaldiaren (1872-1876) ostean foruak indargabetzeak asko markatu zuen, bere belaunaldiko beste asko bezala. Garai hartako gizarteak ere bai. Haren ustez, benazko euskal herritarrak euskaraz egin behar zuen, erdarakadarik gabe; Euskal Herria maitatu behar zuen; eta kristau legearen arabera bizi behar zuen. Beti.

1888an abadetu zen. Gasteizko apaiztegian ezagutu zuen hil arte lagun izango zuen Resurreccion Maria Azkue. Behin ordenatu ostean, Karrantzan (Bizkaia) egin zuen denbora bat; Zumaiara (Gipuzkoa) aldatu zen laster. Azken hori izan zuen hil arteko bizitoki. Handik landu zituen euskal kontzientziaren pizkundearen arkitekto izango zirenekin osatutako sareak eta abiarazitako ekinaldiak. Euskalerriaren Alde aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, Arturo Kanpion, Karmelo Etxegarai eta Julio Urkixorekin batera. Azkue adiskideak 1897an sortua zuen euskara hutsezko Euskalzale aldizkarirako, berriz, lan ugari egin zuen; baita erosle eta harpidedun bila ibili ere. Euskal-Erria, Ibaizabal, Euskal-Esnalea eta RIEV aldizkarietan ere argitaratu zituen testuak. Hizkuntzaren garbitasunari buruzko eztabaidan, Azkueren alde lerratu zen, Sabino Aranaren neologismoei uko eginez eta esaldien jatortasuna bilatuz. Horren lekuko dira idatzi zituen lanak.

Lehen eleberria

Auñemendiko lorea da Txomin Agirrek idatzitako lehendabiziko nobela. Euskalzale aldizkarira bidali zuen, Azkuek antolatu eleberri sariketa batera; eta irabazi. Lan hartan, Euskal Herrira kristautasuna sartu zen garaia azaltzen saiatu zen Agirre, VII. mendean kokatutako kontakizun historiko bat dela medio. Riktrudis izenarekin aurkeztu zuen lehiaketara, izen bereko santuaren bizitza azaltzen baitzuen bertan. 1898n inprimatu zuen liburua, izena aldatuta, aldizkariaren inprentan.

«Horren aurretik, jatorriz euskaraz idatzitako eleberririk ez zen egon», Ana Toledo Lezeta euskaltzainaren esanetan (Antzuola, Gipuzkoa, 1954). Domingo Agirreren eleberrigintza eta euskal fikziozko prosaren taxuketa tesian (1989) aztertu zuen haren ekarpena, eta hamarkadak egin ditu literatur ikerketan. «Nik nabarmenduko nukeena da Agirrek generoari jarraipena eman ziola, XX. mendearen lehen erdian inor ez zelako iritsi hiru eleberri argitaratzera. Eleberri bat argitaratzeak ez du eleberrigile egiten bat».

Lehendabiziko eleberria ematetik lehendabiziko eleberrigile bihurtzeko bidean, Agirre 1901ean hasi zen argitaratzen Kresala ohiturazko eleberria, atalka eta aldizkari batean hura ere, baina ez Euskalzale-n, Euskal-Erria-n baizik. Bizkaieraz idatzia da, aurrekoa bezalaxe, eta 1901-1905 epean eman zituen ale guztiak. Liburu gisa, 1906an inprimatu zuen, Durangon (Bizkaian), Florentino Elosuren inprentan. Hitzaurrean, argi utzi zuen zein zuen lanaren helburua: «Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke. [...] Iñorenagaz aberasturiko izkuntz asko dakusguz arro ta lerden, alderdi guztietan euren buru apainduak erakusten; atera daiguzan guk be geure etxe barruko aberastasunak, apaindu daigun aldogun añan euskerea ta erakutsi daiegun erbesteko arerio ta erritar erbestetuai eztala ilteko zorian bizi ta eztala gañera eurak uste daben legez ilgarria. Nik eztaukat asti andirik eta lanbide onetarako bear litzatekean argi ta indarrik bez, baña danon artean asko egin daikegu. KRESALA da nik euskerearen alde gaur dakartan ondar aletxoa».

Hurrengo urtean, bada, beste ale bat osatzen hasi zen idazlea. Atalka, nola ez; RIEV aldizkarian. Halaxe azaldu zuen Agirrek berak, 1912an, bere ohiturazko bigarren nobela liburuko hitzaurrean: «Garoa naiz, Kresalaren anai gaztea; baño menditarra, Gipuzkoako izkeraz jantzia. Nere anaiari abegi ona egin zioten euskaldunak. Gaurko egunean edozeri jotzen zaizka ta, Euskalerrian azi zalako, txalo batzuek jo emen zizkaten».

Kresala-k baino txalo gehiago jaso zuen, bada, Garoa-k. Idazleak euskara jatorraren alde egindako apustuak izan zuen bere ordaina. Ez merezi adinakoa, baina, Ana Toledoren aburuz. «Garoa izan da irakurle gehien erakarri duen Agirreren lana, baina irakurlego zabal batera ez zen iritsi. Uste dut merezi zuen baino harrera eskasagoa izan zuela». Bi aldiz berrargitaratu zuten Garoa: 1935ean eta 1956an. Ez zuen lortu, hala ere, euskarazko lan irakurriena bihurtzea —Gregorio Arruek 1868n itzulitako Santa Genobebaren bizitza izan zen gehien leitutakoa—. Auñemendiko lorea 1966an berrargitaratu zuten; Kresala, 1954an. «Ahozkotasunera gehiago hurbilduz idatzi izan balu, edo beste istorio batzuk kontatzea erabaki izan balu, akaso, Agirrek beste arrakasta bat izango zukeen, baina euskalduna heztera bideratu zen». Idazkeraren aldetik, idazlearen «osotasuna» nabarmendu du Toledok: «Uste dut asko irabazi zuela Kresala-ren eta Garoa-ren bidean». Elkarrizketetan eta bakarrizketetan nabari da aldea, bereziki. «Auñemendiko lorea oso artifiziala da arlo horretan. Laburtasuna eta bizitasuna falta zaie horko elkarrizketei eta bakarrizketei. Kresala eta Garoa-rekin, asko hobetzen du. Naturalak dira elkarrizketak». Agirreren lehen eleberriko pertsonaia guztiek, Toledok erantsi duenez, berdin hitz egiten dute: morroiak, dukeak, apaizak... «Kresala-n eta Garoa-n, berriz, kolore desberdinetako hizkerak darabiltza pertsonaiekin». Eta hiztegian bertan ere, badago bilakaera bat: «Egia da garbizalea zela. Baina garbizaletasunean erregistro barietate bat sartzen du Kresala eta Garoa idaztean».

Erromantikoa

Hori guztia, eleberrigintzan aurrekaririk gabeko testuinguru batean. «Arautu gabeko eta eskola sisteman sartu gabeko hizkuntza batean, gainera. Pasarte batzuk oso-oso ondo osatu zituen». Hori guztia, bere garaiko erdaretan egiten ari ziren nobelagintza baztertu eta erromantizismo berantiarrari helduz. «Ez dio bere garaiari jarraitzen; eleberrigintzaren garapenean oso garrantzizkoa izan den errealismoari, esaterako. Alde horretatik, bada atzerakoia». Agirrek kolektibitatera jotzen du, giza taldeetara, «euskaldunak nola behar duen izan» jakinaraztera. Hala, planteamendu manikeoa nagusitzen da haren lanetan. «Pertsonaia guztiak dira lauak, ez borobilak. Ez da Agirreren kontua bakarrik. Idazlea sotanaduna izan ala ez, mundu ikuskera bakarra zegoen, eta euskaldunari buruzko ikuskera horrek mende erdi luzean jarraitu zuen euskal letretan». 1957an Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuen arte, Toledoren hitzetan.

Laugarren lan bat bukatzeke utzi zuen Agirrek: Ni ta ni. Oinaztarren eta ganboatarren arteko gudu artean girotutako eleberri historiko horren lehen bi atalak Euskal-Esnalea-n eman zituen, 1917an. Bizitza osoan makal lagundu zion osasuna are makalagotzen ari zitzaion, eta ez zuen gehiago argitaratu. Eusko Ikaskuntzak Oñatin —Garoa-ren herrian— Euskaltzaindia sortzea erabaki zueneko batzarrean parte hartzeko modua egin zuen 1918an. Hurrengo urtean, euskaltzain izendatu zuten. Akademiaren lau batzarretara joateko beste denbora izan zuen. 1920ko urtarrilaren 14an hil zen, Zumaian.

BERRIAn argitaratua (2020/01/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA