astekaria 2016/02/26
arrowItzuli

gizartea

Jantokia jangela izateko beharra

Ibai Maruri Bilbao

Jantokia jangela izateko beharra

Aurretik ere ez ziren gutxi auzitan jarria zutenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola publikoetako jantoki zerbitzua kudeatzeko erabiltzen duen eredua. Azken egunetan ozenagoak izan dira kritikak. Lehiaren Euskal Agentziak hemezortzi milioi euroko isuna ipini die azken hamarkada luzean zerbitzu horretaz arduratzen ziren zortzi enpresei: adostutako prezioak jartzea eta konpetentzia eragoztea egotzi diete. Atzo Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara iritsi zen auzia. PPko legebiltzarkide Iñaki Oiarzabalek Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzan salaketa ipiniko duela ohartarazi zion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari, non eta Eusko Jaurlaritzak berak egiten ez duen. PPk eta PSOEk Espainian eta Herrialde Katalanetan izandako ustelkeria kasuekin alderatu zuen.

Gurasoek eta jangeletako langileek ereduan ikusi dute okerra. «Errotik aldatu behar da. Zurrunegia da». Ikastetxe bakoitzak bere jantokia zelan kudeatu erabakitzeko autonomia izan behar duela adierazi du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko ordezkari Lurdes Imazek. Uriarte sailburuak ez du aldaketarik baztertu. Baina uste du ikastetxe bakoitzak bere jangela kudeatzeko aukera «lasai eta sakon» aztertu behar dela: «Gauetik goizera ezin da beltzetik zurira igaro». Gertatutakoa ustelkeriarekin lotu izana ere kritikatu du: «Gizarteari gezurra esateko ahalegin bat baino ez da».

Lasai agertu da, agerian geratu den delituak «administrazioari eragiten diolako, eta ez umeen familiei». Imaz ez dator bat horrekin: «Lehiaren Euskal Agentziak egindako txostenean argi esaten da zerbitzuaren %65 familiek ordaintzen dugula; beraz, nola esan dezake ez digunik guri eragiten?». Haren ustez, kontrol neurriek huts egin dute, «erabat».

2.000. urtetik dago indarrean gaur eguneko eredua. Ordura arte, eskola bakoitzak bere funtzionatzeko modua zeukan. Guraso elkarteak arduratzen ziren jangelaz. Eskola batzuetan bertan prestatzen zuten janaria; horretarako langileak zituen Jaurlaritzak. «Sekulako anabasa zegoen», gogoratu du Zuriñe Andresek. Eskola bateko jangelako begiralea da; baita LABeko kidea ere. Sektorean ordezkari gehien duen sindikatua da.

Langileek eta gurasoek eskatuta, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen jangeletako zerbitzua, eta egun indarrean dagoen eredua sortu zuen. Lau urtean behin, zerbitzu hori emateko lehiaketa publikoa egiten du catering enpresen artean. Ordutik, aurretik Hezkuntza Sailaren langile ziren 400 behargin inguru eta enpresetakoak diren beste 4.500 dira jangeletan lan egiten dutenak. Egun indarrean duten lan hitzarmena lortzeko, catering enpresetakoek hiru ikasturtetan hainbat greba eta lanuzte egin zituzten, Jaurlaritzakoen eskubide berberak izateko eskatuz.

Araudiaren zurruntasuna arintzeko eta enpresen arteko lehia bermatzeko, Hezkuntza Sailak aldaketak egin ditu lehiaketaren baldintzetan. Baina ez du lortu. Otsail hasieran egin dira datozen lau urteetako banaketak; orain arteko zortzi enpresetatik zazpiri egokitu zaizkie. Isuna jaso duten horiei, hain zuzen ere. «Ikusten dugu ez dagoela benetako konpetentziarik, eta horrek kalte egiten dio zerbitzuaren kalitateari», salatu du Imazek. Azaldu duenez, prozesua «ez da batere gardena». Publikoa da zerbitzu horren ardura hartzeagatik enpresa bakoitzak zenbat kobratzen duen. «Baina ez dakigu zenbateko kostua duen, enpresak zenbat diru irabazten duen, bestelako laguntzarik jasotzen duten... Galdetu arren, ez digute informaziorik ematen».

Asko dira jantokia martxan jartzeko moduak. «Ez du halabeharrez catering enpresa batek hornitu behar. Batzuek horrela jarraitzea erabakiko dute, baina beste batzuek nahiago izango dute aldatu. Erabakia gurasoen esku egotea nahi dugu». 2014an Eusko Legebiltzarrak bestelako ereduekin probak egiteko eskatu zion Jaurlaritzari; Imazek horretan sakontzeko eskatu dio. «Bestelako eredu baten alde egin duten eskolak zigortzen ari da Jaurlaritza, diru laguntzak kenduta».

Eredu berri hori sortzeko mahai bat eskatu dute EHIGEk eta LABek. Eragile guztiek osatuko lukete: Hezkuntza Sailak, gurasoek eta beharginek. «Denok egon behar dugu, batzuen erabakiek besteei kalte egin ez diezaien». Izan ere, sindikatuak autokudeaketaren eta elikadura ekologiko eta gertukoaren aldeko manifestua sinatu duen arren, Andresek ohartarazi du bestelako ereduak erabili dituztenean beti ez direla behar bezala bermatu langileen baldintzak. «Eskola bakoitzak bere kudeaketa izateko eskubidea duen arren, nahitaezkoa da leku guztietako langileek eskubide eta baldintza berak izatea».

Langileak, hezitzaile

Andresek argi du zein izan behar diren eredu berriaren oinarriak: «Jantoki barik, jangela izan behar dutela, eta zaintzaile barik, hezitzaile». Otordua eta horren osteko jolas ordua batuta, bi ordu pasatxo egiten dituzte ume eta nerabeek ikasgelatik kanpo, zaintzaileen ardurapean. Haren ustetan, tarte horretan heziketa prozesuak jarraitu egin behar du. «Ezin gara izan janaria zerbitzatu eta ordena baten barruan jaten dutela bermatzen duten pertsona hutsak. Bestelako balio batzuk ere irakatsi behar dizkiegu». EHIGE bat dator.

Jangelan bertan elikadura osasuntsuaren garrantzia irakatsi beharko litzatekeela uste du. Jolastokia, berriz, bizikidetzari eta sozializazioari lotutako balioak zabaltzeko leku aproposa dela iruditzen zaio. «Gu ezin gara izan barruan zerbitzari eta kanpoan segurtasun kamera. Hezitzaile izan nahi dugu, hori delako umeentzat onena. Aprobetxatu egin behar dugu ikasgelatik kanpo baina eskolan igarotzen duten tarte hori gazteen heziketarekin jarraitzeko».

Lan hitzarmena lortzeko mobilizazioetan, lan baldintzak Eusko Jaurlaritzaren soldatapeko langile direnekin parekatzeko eskaeraz gain, beste bi aldarrikapen egin zituzten: eskoletako hezkuntza komunitatearekin koordinatzeko orduak izatea, eurek ere lan pedagogikoa egin ahal izateko, eta urte osoan prestakuntza saioak izatea. «Koordinaziorako 18 ordu baino ez zizkiguten eman. Oso gutxi dira, nahi dugunerako. Eta prestakuntzarako sei ordu baino ez, ikasturte osoan. Hain denbora gutxian zelan prestatuko duzu hezitzaile izatea nahi duzun norbait?». Andresen ustetan, «sortutako iskanbila» aprobetxatu behar da «orduan egindako ahaleginean sakondu eta benetako eredu pedagogikoa» sortzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA