astekaria 2020/01/17
arrowItzuli

mundua

Txilen 360 pertsonak jasan dute lesioren bat begietan, Poliziaren indarkeriaren ondorioz

Marta Maroto

Txilen 360 pertsonak jasan dute lesioren bat begietan, Poliziaren indarkeriaren ondorioz

Manifestazio batera zihoala, Santiagon, karabineroekin topo egin zuen Natalia Aravenak. Politikan inoiz parte hartu gabea zen. Poliziekin aurrez aurre ez geratzeko asmoz, beste kale batzuetatik joan zen, La Moneda ingurutik. Hala ere, bazirudien Poliziaren ibilgailuak eta ura jaurtitzeko tankeak zain zeudela izkina bakoitzean. Zalaparta sumatu zuen, eta korrika hasi zen. Eta zer gertatzen ari zen ikusteko burua jiratu zuenean, negarra eragiteko bonba batek bete-betean jo zuen eskuineko begian. 25 urte betetzear zen.

 

Hautsitako begiak, begi lehertuak, iraultzaren bandera beltzean odoletan dauden begiak... Txileko hiriburuan gisa horretako irudiak ikusten dira orain. Manifestariek egindako grafitiak dira, eta ikur bihurtu dira, gatazka soziala lehertu zenetik ikusmena galdu dutenen edo begiko lesioak izan dituztenen ikur. Txile demokraziara itzuli zenetik izandako gatazka sozialik handiena da. Urriaren 18an hasi zen, eta hamar egun eskasean, ehun biktimak izan zituzten horrelako lesioak.

Urte hasieran are handiagoak dira zenbakiak: gutxienez 359 lagunek jasan dituzte lesioak; 24k erabat galdu dute begi bateko ikusmena, eta bik, bi begietakoa. Giza Eskubideen Txileko Institutu Nazionalak emandako datuak dira. «Lurrera begira egon behar dute eskopetek, eta muturreko kasuetan soilik erabili behar dira. Baina autotik jaitsita tiro egiten dute poliziek». Jorge Baradit mintzo da, Txileko historialari ezaguna. Txileren Begiak elkartea osatu du, Rodrigo Salinas irakasle eta ekintzailearekin batera: biktimei laguntza ekonomikoa eta psikologikoa ematea dute xede.

Polizia, tiroka

«Inoiz ez nuen pentsatu niri horrelakorik gerta zekidakeenik. Beldurra sentitu nuen. Horrela eraso egin bazidaten, beste edozer ere egin zezaketen: heldu, torturatu, bortxatu... Banekien horrelakoak eginak zituztela». Aravenak berriro joan nahiko luke manifestazioetara, baina haren amak egonezina du: «Hori ez da sendatzen: betiko da». Hori da begian zaurituen egoera: zentzumen bat galtzea. Horretaz ohartarazi du Baraditek: «Bizitza osorako elbarritasun bat oparitu die Txileko Estatuak pertsona horiei. Jasanezina da biolentzia hori».

Bat-bateko biolentzia izan da Poliziarena, justifikaziorik gabekoa. «Izugarria da irudi horiek ikustea ustezko demokrazia batean egonda. Berdin zaie: umeak, emakume helduak... Batek pentsa dezake manifestazioetan lehen lerroan doazenei erasotzen dietela poliziek, aurre egin dietelako. Baina ez: iristen zen edonori tiro egiten zioten». Nelson Iturriagarena da lekukotasuna. Ezkerreko begiaren azpiko betazala gurutzatu zion perdigoi batek.

Haren kasua Aravenaren gisakoa izan zen. Hiru egun ziren Txilen protestak lehertu zirela, eta arratsalde erdiko atsedenaldian, martxa batean parte hartzera atera zen. «Poliziak agertu ziren, eta tiroak parrastan botatzen hasi ziren, probokaziorik izan gabe». Momentuan bertan ez zen jabetu begi bat galtzear zeukala. Shockean eraman zuten hiriaren erdialdeko Salvador ospitalera.

Erietxeko egoera deskribatu du: «Behin-behineko ospitale bat zirudien, gerrakoa: alde guztietan zeuden herritar zaurituak, gaixoentzako oheak eta zauriak ixteko adabakiak». Gogoan du nola sartu zen 20 bat urteko bikote bat: arrastaka zabaldu zuten atea, elkar besarkatuta, eta ospitaleko sarreran bertan erori ziren. Perdigoiz beteta zeukaten gorputza.

44 urte ditu Iturriagak: bi ume txiki dauzka, eta eraikuntzan lan egiten du, gainbegiratzaile gisa. Ikusmenik gabe geratzeak kalean utz dezake. Begia adabaki batek estalita edukitzen du beti, eta beste ebakuntza baten zain dago. Euskal abizena dauka: aitona iritsi zen Txilera, 1920ko urteetan, eta Coquimbo inguruan jarri zen bizitzen, Santiago iparraldean.

«Lehen hilabetean gaizki lo egin nuen: negarrez, eta erru sentimenduarekin», gogoratu du. Baina beren buruaz gutxi hitz egiten dute bai Iturriagak eta bai Aravenak. Karabineroen eta estatuaren basakeria dute hizpide. Izan ere, uste dute estatua bera dela tiro egiteko aginduaren azken erantzulea. Baina inork ez du erantzukizunik hartu, ezta publikoki barkamenik eskatu ere. Zigorgabetasun giroan, gero eta gehiago dira lehertutako begiak, balinek eta negarra eragitekoek zaurituak, eta polizia etxeetan tratu txarrak jasandakoak.

BERRIAn argitaratua (2020/01/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA