bizigiro
Objektibo kolpatuak
Edu Lartzanguren
Atzo, ordea, kolpe gozoagoa jaso zuen Richardsonek Serbia eta Hungaria arteko mugaldean eginiko lanarengatik: World Press Photo lehiaketako sari nagusia eman zioten, hau da, fotokazetaritzako munduko sari garrantzitsuena. Bizimodu berria itxaropen irudia Urteko Argazki izendatu dute: zuri-beltzekoa da; gizon bat haur txiki bat txarrantxaren artean pasatzen ari da, Roeszkera (Hungaria). Iazko abuztuaren 28an atera zuen argazkia Richardsonek, jipoia jasan baino 18 egun lehenago. Erretratu iluna da, gauez, ilargiaren argi hutsarekin egin zuelako. «Ezin nuen flasha erabili, Polizia erakarriko nuelako», esan zuen atzo Amsterdamen.
Freelance da Richardson (Australia, 1968), eta, batez ere, Europako Ekialdean egiten du lan. Autodidakta da, eta giza zein ekologia gaiak lantzen ditu. Baina paparazzi lanak ere egin izan ditu Erresuma Batuan eta AEBetan.
Harrigarria ematen badu ere, hainbat agentziari bidali zien irudia Richardsonek, baina inork ez zion erosi nahi izan. Facebooken jarri zuela kontatu zuen atzo, eta 29 bat «gogoko» jaso zituen. Besterik ez.
Herbehereetako hiriburuan eman zituzten sariak atzo. World Press Photo lehiaketako epaileek 82.951 argazkiren artean aukeratu dituzte aurtengo irabazleak. Denera, 128 herrialdetako 5.775 argazkilarik hartu dute parte. World Press Photo fundazioak ematen ditu sariak, eta prentsa askatasuna du kezketako bat, erakundeak berak adierazi duenez.
Hainbat ataletan dago banatuta saria, fotokazetaritzako atal guztiak jasotzeko. Txinan eginiko bi argazkik sari bana eraman dituzte: Kevin Frayer kanadarrak eguneroko bizimoduaren ataleko lehen saria lortu du, trizikloa bultzatzen dabilen gizon baten erretratuarekin. Atzean, ikatzez dabilen argindar zentral baten tximiniak agertzen direla. Arazo garaikideen ataleko lehen saria Zhang Lei argazkilariari eman diote: Tianjin hiria (Txina) estaltzen duen kutsadura erretratatu du.
Sexu erasoak armadan
Mary F. Calvert estatubatuarrari epe luzerako egitasmoen ataleko lehen saria eman diote, Ameriketako Estatu Batuetako armadan bortxatu edo sexu jazarpena jasandako emakumeen inguruan 2013. eta 2015. urteen artean landutako erreportajearengatik.
Errefuxiatuen gaia behin eta berriz agertzen da saritutako irudien artean. Gaurko albisteen atalean, Sergei Ponomarev argazkilariaren argazki sail bat izan da garaile. Errefuxiatuz beteriko ontziak Lesbos (Grezia) uhartera heltzen eretratatu ditu.
Gai arinagoek ere badute lekua, edonola ere. Christian Walgram argazkilariak Ondrej Bank eskiatzaile txekiarraren eroriko ikusgarriaren unea harrapatu du irudi eder batean, Munduko Txapelketetan, Coloradon (AEB). Kiroletako ataleko lehen saria eman diote.
Tim Laman argazkilariak sail bat osatu du Sumatrako (Indonesia) orangutan basatien bizimoduaz. Basoak soildu ahala, bizitokirik gabe geratzen ari dira animalietako asko, eta gero eta orangutan umezurtz gehiago jasotzen ari dira babeserako zentroetan. Iheslari eta errefuxiatuak haiek ere.